Ikastolek ez dute ezinbestekotzat jotzen ikasle guztiak ikasgeletara itzultzea
Ikastolen Elkartearen ustez, «ikuspegi kurrikularretik», ez da ezinbestekoa «ikasle guztiak ikasgeletara itzultzea ikasturte amaierara begira»; izan ere, maila guztietan, oro har, ikasleak eta irakasleak behar bezala ari dira lanean gaur egun.
Ikastolen Federazioak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik zein Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailetik ikasleen itzulera mailakatuaren inguruan jaso dituzten mezu «nahasi eta eztabaidagarrien» aurrean, ikastolak «erabaki propioak» hartzera animatu dituzte.
Horretarako, «ideiak, argudioak eta proposamenak» plazaratu dituzte dokumentu batean, «36 ikastolekin etapaka egindako bileretan azaldutako ikuspegiak eta Ikastolen Zuzendarien Mintegi Nazionalean egindako hausnarketa kontuan izanik».
Testuinguru horretan, Ikastolen Elkarteak ez du «ezinbestekotzat» jotzen ikasle guztiak ikasgeletara itzultzea ikasturtea amaitu baino lehen; izan ere, ikasle nagusien kasuan, lana eta jarraipena bermatuta daude, «ohitura berriak barneratu dituzte eta ordutegiak eta ikasketa prozesuak antolatuta daude» eta «itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino».
«Txikienekin eta gazteenekin ere ari gara lanean, jarraipena eta proposamenak egiten», nabarmendu du idatziak, eta beharrezkotzat jo du «aparteko ebaluaziorako errefortzuak eskaintzea» DBHko laugarren mailako ikasleentzat, Batxilergoko lehen eta bigarren mailakoentzat eta Lanbide Heziketakoentzat.
Hain zuzen ere, «Batxilergoko bigarren mailako ikasleei USE proba prestatzeko saioak eskaintzeko beharra» egiaztatu du Ikastolen Elkartak.
Beste maila batzuetan, ikasturtearen amaieraz gozatzeko ekintza puntualak egitea aztertuko da, eta, adibidez, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen kasuan, «etaparen amaiera» izango dutela eta «egoera bereziak» sortuko direla argitzen du Ikastolen Elkarteak, hala nola eraikinez aldatzea, taldeen desegitea, ikastolen aldaketa, eta, beraz, «era horretako jarduerak beste maila batzuetan egiteko aukera ere baloratuko da».
Modu telematikoan edo presentzialean
Halaber, «arreta eta errefortzuak behar dituzten guztiei eskaintza ziurtatu beharko zaie», «modu telematikoan edo presentzialean» eta «behar emozionalak zein akademikoak» kontuan hartuta.
Ikastolako Zuzendaritza zein Artekaritza taldeetako kideei profesionalen, ikasleen zein familien osasunaren zaintzarako baliabideak eskaintzea eta prebentzioa sustatzea eskatzen die Ikastolen Elkarteak. Horretarako prebentzio planak egin eta beteko dira.
Gainera, Ikastolen Elkarteak egoeraren eta hartutako erabakien berri komunikatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, bai familiei bai langileei eta funtzionamendu eta segurtasun-protokoloak argi jakinaraziz.
Testuak argitzen duenez, proposamen horiek «orokorrak eta baliagarriak dira ziklo eta etapa guztietarako, baina ikasleen ezaugarrien eta adinaren arabera ulertu behar dira».
Nolanahi ere, idatziak argitzen duenez, «hirugarren ebaluazioari begira, kasu bakar batean ere» ez da ezinbestekoa «ikasle talde osoa ikastolara itzultzea», eta «esfortzu eta arreta eskainiko zaie behar duten pertsonei, bitarteko telematikoak edo presentzialak erabiliz».
«DBH 4n, Batxilergoko 1. eta 2. mailetan eta Lanbide Heziketan, ezohiko deialdiei dagozkien beharrak identifikatuko» direla azpimarratu du Ikastolen Elkarteak.
Halaber, «prebentzio planak Osasun eta Hezkuntza Sailek zehazten dituzten neurrien arabera egingo dira, eta aurrez aurreko saioak antolatzerakoan», gaineratu du.
«Orain arte egin dugunak eta hemendik aurrera egiten duguna hurrengo ikasturtea irudikatzeko baliagarriak izan behar dira; abiapuntu gisa ikusten dugu», dio idatziak.