INFO

Ziurgabetasuna nagusi Estatu frantseseko espetxeetan diren euskal presoen senideen artean

Gobernu frantsesak presoen senideek 100 kilometro baino gehiago egin ahal izango dituztela iragarri du, «premiazko arrazoiengatik». Ordea, Estatu frantseseko espetxeetan diren euskal presoen familiek oraindik ez dakite bisitak noiz eta zein baldintzetan egin ahal izango dituzten, finean espetxe bakoitzeko zuzendariek baitute azken hitza.

Euskal preso eta senideen eskubideen aldeko manifestazio bat Baionan. Bob EDME

Maiatzaren 11n konfinamendu egoeratik ateratzeko fasea martxan jarri zenetik, Estatu frantsesean bizi diren herritarrek gehienez 100 kilometroko desplazamenduak egin ditzakete, baina berriki Justizia Ministerioak aditzera eman duenez, presoen senideek 100 kilometro baino gehiago egin ahal izango dituzte.

Nicole Belloubet Justizia ministroak ‘Mediabask’ hedabideari baieztatu zionez, preso bat bisitatzea «premiazko arrazoi» bat da eta ondorioz, beharrezko baimenekin senideek hexagonoan barrena mugitu ahal izango dute. Senideek desplazamendua justifikatzen duten zenbait agiri soinean izan beharko dituzte, hala nola, 100 kilometro baino gehiago egitearen arrazoia azaltzen duen agiria, bizilekuaren agiria eta bisita baimena frogatzen duen agiria.

Estatu frantsesean maiatzaren 11n hasi zen konfinamendutik irteten hasteko fasea eta, ordura arte, 100 kilometro baino gehiago egiteko aukera ez zegoenez, espetxeetako zuzendarien esanetan ez zen posible bisitak baimentzea, ordea, Justizia Ministerioak iragarri duen neurri berriari esker oztopo bat gainditzen da. «Ez da gure konpetentzia bisitan datorrena nondik datorren neurtzea, bisitak baimenduko dira bisitarien jatorria kontuan hartu gabe», adierazi zion Espetxe Administrazioak ‘Mediabask’i.

Muga itxita

Presoen senideek muga igaro ahal izango duten galdetuta, «gai honekiko eztabaidak mahai gainean» direla erantzun zuen Camille Chaizek, Barne Ministerioko bozeramaileak. Artean, Europa barneko mugen itxiera ekainaren 15a arte luzatu da, eta Estatu frantsesak «premiazko arrazoiengatik» muga zeharkatzeko aukera baztertu egin du.

Gauzak honela, Ipar Euskal Herrian bizi diren euskal presoen senideek ez lukete espetxera joateko arazorik izan behar, baina behin espetxera iritsita bisita egitea posible izango den edo zer nolako baldintzak bete beharko dituzten ez dago argi oraindik, eta horregatik senideek bidaia egin aitzin informazio gehiago eskatzen dute. Batez ere, urrun espetxeratuak dauden presoen kasuan.

Estatu frantsesean preso diren euskal preso gehienek Bizkaia, Araba, Nafarroa edo Gipuzkoan dituzte senideak, ondorioz bisita egiteko aukera izango balute ere, itxita dagoen muga zeharkatzeko zailtasunak izango lituzkete, eta egun, ez dago batere argi egoera hau noiz arte luza daitekeen.

Aldiz, Estatu frantsesean sendiko norbait preso duten Ipar Euskal Herriko familien kasuan, ate bat ireki da, mugikortasunarena, baina oraindik espetxe bakoitzeko baldintzen arabera bisitak egiteko aukerak zeintzuk izango diren zehaztea falta da. 

9 familia

Egun Estatu frantseseko sei espetxeetan diren 34 presoetatik, soilik bederatzik dute Ipar Euskal Herrian bizi den gertuko senideren bat. Hau da, bederatzi horien artean badira sortzez Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoakoak direnak, eta baita Hego Euskal Herrian jaioak izan arren, Ipar Euskal Herrian senideak dituztenak. Horiek espetxeetako zuzendariekin hitz egin beharko dute bisitak egiteko aukera duten zehazteko.

Estatu frantsesean diren euskal presoetatik 23 gizon, Mont de Marsan eta Lannemezango espetxeetan dira, Baionatik 110 eta 180 kilometrora. Emakumezkoen kasuan, hiru Rennesen (600km) dira, beste hiru Reaun (770 km) eta beste bat Roannen (700 km).

Aitzitik, badira baita ere sendiko norbait Estatu espainiarrean preso duten ipar Euskal Herriko hiru familia. Senide hauen kasuan muga zeharkatzeko arazoak izango lituzkete aurrerago aipatu diren arrazoiengatik.