Oinherriren Jardunaldi Digitalak, maiatzaren 26an
Covid-19 gaixotasunak eragindako egoerak askotariko hainbat ekimen bertan behera utzarazi ditu: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak... Haietako asko, ordea, aurrera egiteko modua aurkitu dute, eskuarki teknologia berrien bidez. Herri Hezitzaileen sarearen aurkezpena da horietako bat.
Oinherri Herri Hezitzaileen sarea sustatzeko elkarteak joan den martxoaren 28an Durangon aurkezpen hori egiteko antolatu zituen jardunaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten osasun larrialdi egoera dela eta. Egoeraren ziurgabetasuna ikusita, ordea, jardunaldi horietan landu nahi zutena modu digitalean egitea erabaki erabaki zuten. Hartara, maiatzaren 26an, asteartea, arratsaldeko 18:00etan Oinherriren Youtubeko kanalean egiteko antolatu dituzte
Jardunaldi Digitalak. Jardunaldien lehen zatian, Oinherri zer den eta Herri Hezitzaileen filosofiaren giltzarriak landuko dituzte. Ondoren, filkosofia horrekin bat egiten duten herrien arteko mahai-inguru bat egingo dute, filosofia horrekin lan eginez zer lortzen den gertuagotik ezagutzeko.
Jardunaldiak doakoak izango dira; hala ere, parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago. Horretarako lotura hau jarri dute nahi duenaren eskura.
Oinherri Herri Hezitzailearen sorreraren bila zortzi atzera egin beharra dago: «2012an, haurren hezkuntza eta aisia beste modu batean egin zitezkeela amesten genuen sei eragile Andoainen (Gipuzkoan) elkartzen hasi ginen. Teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, benetako parte-hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburua hartuta, hainbat urrats egin ditugu. Bide horretan, taldea handitzen eta aberasten joan da, hainbat eremutako eragileak batuz».
Ordutik, nabarmen handitu da elkartea. Gaur egun honako hauek osatzen dute talde eragilea: Arremanitz elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi euskara eta aisialdiko elkartea, Elgoibarko Izarra euskara elkartea, Hik Hasi pedagogia-ekimena, Irrien Lagunak Kluba, Ikastolen elkarteko aisialdiko taldea, Lizarrako Plisti-Plasta eta Iruñeko udal haur-eskolen taldea, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Pil-pilean elkartea, Kokoriko Aiaraldeko ekintzen faktoria, Tabakalerako hezkuntza, Topagunea, Ttakun Kultur Elkartea, Urtxintxa Bizkaia eta Urtxintxa Gipuzkoa.
Oinherrik proposatzen duen aisia-eredua zazpi kontzeptutan oinarritzen da. «Zazpi eremu horiek elkarrekin ezkontzen, garatzen eta aberasten dira, eta, proposamen koherente eta oso bat egin ahal izateko, zazpiek halabeharrez elkarrekin joan behar dutela uste dugu. Eta horrela formulatu ditugu gure lan-eremua eta xedea: Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea».
Datorren astean, Jardunaldi Digitaletan, xeheago azalduko dute.