Zinemaldiak hiru filme aurkeztuko ditu ‘We Are One’ nazioarteko makro-jaialdi onlinean
Tribeca Enterprisesek eta YouTubek ekoitzi eta antolatutako hamar eguneko zinema-jaialdi digitalak, ‘makrojaialdi’ bat kontsidera daitekeena, lehen programazioa eman du jakitera. Zinemaldiak hiru izenburu hautatu ditu proiektatzeko: Urrezko Maskorra jasotako ‘Los pasos dobles’ (Isaki Lakuesta, 2011), eta euskal kulturari lotutako bi ekoizpen, ‘Dantza’ (Telmo Esnal, 2018) eta ‘Mugaritz BSO’ (Felipe Ugarte, Juantxo Sardon, 2011).
‘We Are One: A Global Film Festival’ ekimenaren programazioa iragarri dute gaur. 100 film baino gehiago izango ditu programaturik, 35 herrialdetako 21 zinema-jaialdi garrantzitsurekin elkarlanean, eta, besteak beste, Cannes, Berlin, Venezia eta Donostiako zinema-jaialdien programazioarekin osatuko da. Elkarrizketak, errealitate birtualeko edukiak eta musika-emanaldiak ere egongo dira.
Film askok debuta egingo dute zinema-jaialdian; programazioak 100dik gora film ditu, tartean munduko 13 estreinaldi, 31 'online' estreinaldi eta nazioarteko bost 'online' estreinaldi barne hartuta.
Zinema-jaialdia YouTuben bakarrik egingo da, maiatzaren 29tik ekainaren 7ra bitartean (YouTube.com/WeAreOne), eta munduko talentu handieneko artista, narratzaile eta programatzaile batzuk bilduko ditu ahalegin komunaren inguruan, entretenimendua eskaintzeko eta COVID-19aren pandemia borrokatzen ari diren erakundeei laguntzeko.
Hamar eguneko ekitaldi digitala ahots globalen ospakizun bat izango da: aldaketak eragiteko ahalmena duten filmak nabarmenduko ditu eta mundu osoko audientziak bilduko ditu konexio adierazgarriak sortzeko.
Programazioan honako hauek nabarmentzen dira: ‘Ricky Powell: The Individualist-en’ aurkezpena, kaleko argazkilari gogoangarriari buruzko dokumentala, Natasha Lyonne eta LL Cool J-en elkarrizketekin; ‘Eeb Allay Ooo!’ren online estreinaldia, «tximino-uxatzaile» profesionalei buruzko satira, Mumbaiko zinema-jaialdiko Young Critics Choice sariaren irabazlea; eta ‘Iron Hammer’, Jenny Lang Ping Txinako boleibolaren izar olinpikoari buruzko dokumental liluragarria (aitzindari bat izan zen eta loturak sortu zituen mundu osoan zehar).
Ikusleek 50 film labur narratibo eta dokumental baino gehiago ikusi ahal izango dituzte, proposamen interesgarriak tartean. Honako hauek, besteak beste: ‘The Yalta Conference Online’ fikzioko film labur japoniarraren munduko estreinaldia, Koji Fukada zuzendariak zinema-jaialdirako berariaz sortua; Third Eye Blind ekoiztetxearen ‘Motorcycle Drive By’ film labur dokumentalaren munduko estreinaldia, bai eta Dreamworks Animation-en lehen film laburrak ere: ‘Bilby, Marooned’ eta ‘Bird Karma’.
Telesailen programazioari dagokionez, ‘Losing Alice’ tituluaren munduko estreinaldia nabarmendu beharra dago, protagonistak emakumeak diren Israelgo thriller psikologiko neo-noir bat, eta ‘And She could be next’, bi ataleko telesail dokumentala, kargu publiko baterako aurkezten diren emakume beltzen esperientziei buruzkoa (Stacey Abrams eta Rashida Tlaib ere ageri dira).
Scorsese, Coppola...
Eta zenbait solasaldi interesgarri izango dira era beren; horietako batzuk zinema-jaialdien aurreko edizioetan egin dira, eta ekitaldi honetarako bereziki antolatuak dira beste batzuk.
Ikusleek zinemaren une garrantzitsuak berriz bizitzeko aukera izango dute horiei esker. Elkarrizketotan honako hauek egongo dira: Francis Ford Coppola eta Steven Soderbergh, Song Kang-ho eta Bong Joon-ho, Guillermo del Toro, Jane Campion eta Claire Denis.
360 errealitate birtualeko sailean Emmyrako izendatutako ‘Travelling While Black’ dokumentala dago, eta ‘Atlas V’, Bill Skarsgård protagonista duen zientzia-fikzioko istorio bat, bai eta protagonista ezagunak dituzten beste batzuk ere, hala nola John Legend, Oprah Winfrey eta Lupita Nyong'o.
Musika-emanaldi bereziak ere egongo dira, 30 minutuko DJ saio bat ere, Questlove-ren eskutik.
Euskal Herritik, mundura
Zinema-jaialdi globalak parte hartzen duten zinema-jaialdi hauen nortasunaren arabera hautatutako programazioa izango du: Annecy, Berlin, Londres, Cannes, Guadalajara, Macao, Rotterdam, Jerusalen, Mumbai, Karlovy Vary, Locarno, Marrakex, New York, Donostia, Sarajevo, Sundance, Sydney, Tokio, Toronto, Tribeca eta Venezia. Eta sail ofizial bakoitza prestatzeko orduan, parte hartu duen hauen bakoitzaren berezitasunak nabarmentzea izan dute helburutzat, eta, aldi berean, zinemagileei agertoki globalean ahotsa ematea.
Beraz, 35 herrialde baino gehiago egongo dira ordezkatuta eta honako hauek hartuko ditu barnean: fikzioko 23 film luze eta zortzi dokumental; fikzioko 57 film labur eta 15 film labur dokumental; artxibategietako 15 solasaldi (baita zinema-jaialdiko lau solasaldi esklusibo ere) eta errealitate birtualeko bost pieza.
Donostia Zinemaldiak hiru izenburu hautatu ditu hemen proiektatzeko: ‘Los pasos dobles / The Double Steps’ (Oinkada bikoitzak, 2011), Urrezko Maskorra irabazi zuen Isaki Lacuestaren film luzea, eta euskal kulturari eta gastronomiari buruzko bi produkzio, ‘Dantza’ (Telmo Esnal, 2018) eta ‘Mugaritz BSO’ (Felipe Ugarte, Juantxo Sardon, 2011).
‘Mugaritz BSO’ maiatzaren 31an eskainiko da (5:00etan, penintsularen ordutegian). ‘Dantza’, ekainaren 4an (18:15ean) eta ‘Los Pasos Dobles’ (Oinkada bikoitzak), ekainaren 6an (16:15ean).
Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosen hitzetan, hautatutakoak hiru filmak «garrantzitsuak» dira Donostiako lehiaketaren duela gutxiko historian eta, bere iritziz, ‘We Are One’ «aparteko esperientzia» da, «garai oso zail hauetan» zinema-jaialdien arteko lankidetza ahalbidetzen duena. Era horretan, «zinemagileek irudi eta soinuekin kontatzen dizkiguten istorio horiek mundu osoko etxe guztietara eta pertsona guztiengana iritsi ahal dira».