Xabier Leteren poliedrikotasuna saiakeran bildu du Alex Gurrutxagak
Alex Gurrutxaga Literaturan doktorea da eta astelehen honetan aurkeztu du ‘Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria’ (Alberdania) saiakera liburua. Figura poliedrikoa eta emankorra, haren letren eta sorkuntzaren atzean dagoena ezagutzera gobidapena da, irakurlearekin elkarrizketa proposatuz.
Agortzen ez den iturria da Xabier Lete (1944-2010), eman eta eman jarraitzen du. Bere sorkuntza bada oraindik inspirazioa, abiapuntua, erreferentzia. Poemagintza eta kantugintza bidez plazaratu zituen galderak eta hausnarketak, batzuetan mingarriak baina beti ere beharrezkoak. Modu ezin ederragoan eta eraginkorragoan.
«Obsesio» batetik abiatuta idatzi du Alex Gurrutxagak (Zarautz, 1988) ‘Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria’ (Alberdania) saiakera liburua. «Asko errepikatu eta kantatzen dugu, baina gutxitan hartzen dugu denbora entzun eta erreparatzeko letretan. Hortik etorri da proposamena», adierazi du egileak astelehen honetan, lanaren aurkezpenean.
Hazia, nolabait, Literaturan doktorea izateko Leteri buruz egin zuen tesian datza, baina hots, hau ez da lan zientifiko edo akademiko bat. Hori azpimarratu nahi izan du egileak. «Ez da akademikoentzat pentsatutako testua, aurrean nuen irakurle imajinario hori ez da Leteren obran edo kantagintzan aditua dena, baizik Lete zalea». Bere hitzetan, «sakonagoa» joatea falta zen eta, azken finean, saiakera hau, zerbait izatekotan da «elkarrizketa bat irakurlearekin». «Gonbidapen bat irakurleari esateko: 'Lete ezagutzen duzu, bere poema batzuk ere bai, goazen mahai gainean hitzegitera, sakontzera eta eztabaidatzera'», azaldu du.
Konplexua eta aldakorra
Konplexutasunez betetako pertsonaia zen Xabier Lete. Horretaz mintzatu da Jorge Gomenez Bech editorea. «Hurbiltzeko garaian ikuspegi literarioa, politikoa eta soziologikoa eskaini du eta, nola ez, filosofikoa». «Hori izan da alderik interesgarrienetakoa eta zailenetakoa aldi berean», aitortu du Gurrutxagak berak. Erantsi duenez, «ezin da esan kantaria zela, edo poeta, edo intelektuala, baina hori dena bazen eta gehiago ere bai».
Azaldu duenez, bere interesa ez zen sortzailearen gainean gai zehatz bati buruzko saiakera egitea, baizik eta figura horren konplexutasuna, poliedrikotasuna, ondo biltzea. Baina nola egin? Edukia piezez osatuta dago. Irakurleak elementu biografikoak topatuko ditu; horretarako ikerketa lehenago beharrezkoa izan da, kontatu duenez. Badago Leteren obra filosofiari lotuta, bere pentsamenduaren zipriztinak, bere poema eta kantuen atzean zeuden ideiak eta asmoak. «Poliedrikoa da talaia askotatik eraiki behar zelako; ikuspuntu asko eman ditut».
Edukia antolatzeko garaian, kronologian oinarritu da. Oiartzuarraren obra «konplexua eta aldakorra» izanik ere, «zirkularra» dela iritzi du, hau da, Letek nolabait itxi zuela bere ibilbidea. Saiakerak badu hasiera eta amaiera atal bana, halako egitura borobila emanez, eta tartean baditu hiru atal nagusi denboran antolatuta: 1965tik 1978ra sortutakoa, 1979tik 1990era egindakoa eta 1991tik 2008ra doana. Atal bakoitzaren barruan talaia askotatik begiratzeko aukera izango du irakurleak 40 urteko ibilbide horretan barrena bidaiatuz.
«Baditu poemak, biografiaren azalpenak, kantuen zergatiak… baina horretaz aparte sartu dut materiala identifikatze aldera, bere liburu eta diskoen azalak ere badaude irunzkinduta eta komentatuta garaiko estetikaz ere esaten dutelako. Badaude kantuak eta abestiak, 21 pieza, eta zentzu horretan gustatzen zait pentsatzea antologia moduko bat ere badela, antologia esplikatu bat», zehaztu du egileak. Badaude baita ere argitaratu gabekoak, baina ez argitaratu gabeak izatearen «morboagatik», berretsi du. «Orain arte ezagutzen ez ziren poemak, pasarteak, obraren berri modu sakonagoan ematen dutelako daude liburuan». Horretarako Leteren artxiboa ikertu eta lantzeko aukera izan du.
Urrats paraleloak
Aberriari kantatu zion, eta maiz zuzendu zitzaion. Horri erreferentzia egin nahi izan diot egileak izenburutik bertatik. «Gai nuklear bezala hor dago. Aberriaz kezkatutako sortzailea bazen, eta oso kontuan hartzeko ekarpenak egin zituen, eta esango nuke ez dagoela agortua egin zuena», iritzi du Gurrutxagak.
«Leteren obra doa Euskal Herriaren urratsen oso modu paraleloan; eta uste dut Leteri buruz hitzegitea badela gutaz hitzegitea. Jarri zien hitza eta pentsamendua Euskal Herriak bizi zituen egoera askori, eta horregatik bere letra eta hitz asko jendeak bere egin ditu, ez bakarrik ederrak edo esanguratsuak direlako, baizik oso gure sentitu ditugulako, eta hori gutxik lortu dute. Eta hori da gakoa, poemaren kalitatetik haratago dago poeta eta kantari horrek figura bezala egin duen ekarpena eta Euskal Herriak poeta horrengan ikusi duena. Herriaren eta sortzailearen arteko harremanean dago gauzarik emankorrena eta interesgarriena. Hori da belaunaldi berriei kontatu behar dieguna», eskatu du.
‘Euskalerri nerea, ezin zaitut maite, baiña nun biziko naiz zugandik aparte’ esaten zuen kantariak. «Lete gurea da ohiuka ari denean, goxo goxo ari denean eta haserretzen denean ere. Eta guretasuna hori da», adierazi du. Editorearen ustez Xabier Lete zerbait izan bazen «zalantzaren kausaren militante» izan zen. Ados agertu da Gurrutxaga. «Bere figuraren ezaugarrietako bat da jakin zuela desorosoa izaten euskaldunentzat. Ari denean Euskal Herriaren alde edo kontra ari da barrutik, eta askotan deserosoa denean deserosoa da ari zaigulako anai arreboi bezala egiten, abertzaletasunaz ari denean abertzaletasunetik ari da». Hitz politak baino, egiak esatea. Horrek egiten gaitu hausnartzera eraman, eta hobetu pertsona, jendarte bezala. «Hori da intelektual bati eskatzen zaiona», amaitu du egileak.
Alberdania argitaletxeak aurkeztu dituen azken izenburuekin egin bezala, hau ere formatu elektronikoan erdi prezioan (6,25 eurotan) erosi ahal izango da ekainaren 10ean, egun osoan, argitaletxearen web gunean.