Sarek alarma egoeraren ostean bisitak asteburuan izaten jarraitzeko eskatu du
Alarma egoera bukatzean euskal presoen senideei bisitak berrezartzerako garaian, urruntze politikak ezartzen dizkien berezitasunak direla eta, berauek asteburuetan egiteko lehentasuna izateko eskaria egin dio Sarek Espetxeetako Zuzendaritzari.
Euskal presoek beren senideekin elkartzeko aukerarik gabe hiru hilabete daramatzatela gogoratu du Sarek, eta urrunduta egoteaz gainera, alarma egoeraren ondorioz debekatuta dagoenez zirkulatzea, bisitarik gabe egon direla.
Hemendik egun batzuetara amaitu egingo da alarma egoera, eta orduan hasi ahalko dira berriro bisitak egiten. Sarek azaldu duenez, alarma egoera amaitzen denetik aurrera bisitak nola egingo diren zehazten duten zenbait azalpen entzun dituzte eta, «aukeretako bat da Espetxeetako Zuzendaritzak asteko egun guztiak erabiltzea bisitak egiteko Estatuko kartzeletan».
Hori dela eta, Sarek «beharrezkotzat» jo du Espetxeetako Zuzendaritzarekin harremanetan jartzea, salatzeko «bisitak egiteko asteko egun guztiak erabiltzeko aukera hau euskal presoei aplikatzen bazaie, haien eskubideak eta, bereziki, haien senideenak urratuko liratekeela, neurri hori hartzen bada, lanegunak hartu beharko dituztelako euskal presoak dauden espetxeetara joan ahal izateko».
Egoera hori kontuan hartzeko eskatu diote eta, euskal presoekin adostuta, bisitak asteburuetan egitea, alarma egoera deklaratu arte egiten ziren bezala. Horrela, «senideek orain arte bezala antolatu ahal izango lituzkete bidaiak».
‘Izan Bidea’
Sarek beste behin adierazi du konponbidearen eta bakearen bidea «ezinezkoa» dela «indarkeria mota guztien biktimek merezi duten errespetua eta aitorpena lortzen ez duten bitartean, eta aurkariaren aurkako arma jaurtitzaile gisa erabiltzen diren bitartean». Era berean, presoak eta erbesteratuak etxetik urrun dauden bitartean eta «haien eskubideak urratzen jarraitzen diren bitartean ere ezinezkoa dela» dio.
Bide «luzea eta zaila» izango dela aitortu du Sarek, baina adierazi du «egunez egun emakume eta gizon gehiago erakartzen baditugu helburu horretara errazagoa izango dela». «Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara, eta euskal presoei, erbesteratuei eta haien senideei ere badagozkie eskubide horiek», gogoratu du plataformak.
Presoak eta erbesteratuak etxera ekartzea lortu arte etapak bete beharko dituztela nabarmendu du Sarek eta, bitartean, «urratsak eman beharko ditugu espetxean dauden gizon eta emakume hauen egunerokoan eta haien senideen egunerokoan eragina duten alderdiak konpontzeko, sarritan eragin hori larria baita».
Etapa horiek osatzeko helburuarekin Sareren ‘Izan Bidea’ dinamikak aurrera doa, eta elkartasuna eta atxikimenduak batzen jarraitzen du, «Euskal Herrian, baita beste leku askotan ere».
«Presoak eta erbesteratuak etxera ekartzeko bidea egiten ari gara. Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen bidea egiten ari gara. Eta bidea egiten ari garen bitartean gure azken helburuak zabaltzen ari gara euskal gizartean», nabarmendu du Sarek.