INFO

Nøgen taldeak bere ‘crew’-eko langileei emango die NAIZ Kontzertuan bildutako dirua

Donostiako Nøgen taldeak erabaki du bere ‘crew’-ari, hau da, bere lantaldeari ematea ostiral honetan emango duen NAIZ Kontzertuan bildutako dirua. Osasun krisia dela eta, kultura arloa zigortuenetako bat izan da, musika sektorearen langile asko zuzenetik bizi baitira.

Nøgen taldeak ekainaren 12an parte hartuko du NAIZ Kontzertuetan. (Nøgen)

Kulturaren sektorean ziurgabetasun garaiaren aurrean, Nøgen taldeak erabaki du bere ‘crew’-aren (lantaldearen) ahalegina aitortzea, eta haiei NAIZ Kontzertuetan ostiral honetan bertan eskainiko duen emanaldian bildutako dirua ematea, jarrera bihotz-zabala erakutsiz. Taldearen arabera, erabaki hau hartu dute «inork ez baitaki noiz itzuliko den normaltasun erlatiboa».

Covid-19aren krisialdia hasi zenetik, kultura arloa zigortuenetako bat izan da. Musika sektorean, ‘crew’ delakoa (teknikariak, road mangerrak...) zuzenetatik bizi da. Izan ere, mugimendu bat sortu da sare sozialetan heiek laguntzeko bizitzen ari diren egoeraren aurrean.

Taldeak erabaki du aurrerapausoa ematea eta lantaldeari laguntzea ostiral honetan bertan Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eskainiko duen kontzertuan bildutako diruarekin. «Haiek gabe Nøgen ezinezkoa izango zen», azaldu du taldeak.

Sarrerak salgai

Beste aldetik, Nøgen ikusteko sarrerak eta bonuak eros daitezke naiz.eus/naizkontzertuak webgunean. Kontzertuak 5 euroko prezioa izango du harpidedun ez direnentzat, eta elkartasun bereziko sarrera 10 eurotan eskuratzeko aukera izango da.

NAIZeko harpidedunentzat kontzerturako sarrerek 2,5 euroko prezioa izango dute, eta 5 kontzertuetarako bonuek, 10 eurokoa. Geratzen diren lau kontzertuak 20 euroren truke ikusteko bonu solidarioa ere izango da.

Gainera, Itsasondon kontzertua ikusteko aukera berriro egongo da herriko frontoian, 22etan eta segurtasun neurriak betez.

Kontzertura joateko zozketa

Gainera, sarrera edo bonua erosten duzuen edo erosita duzuen guztiok kontzertuaren grabaketa Azpeitiko Sanagustin Kulturgunetik zuzenean ikusteko sarrera bikoitzen zozketan sartuko zarete. Parte hartzeko, erosketaren pantailazo bat bidali behar da NAIZeko sare sozialen kontu batera (Instagram, Facebook edo Twitter), mezu pribatuaren bidez.