INFO

Kultura salbatzeko eskaera ozena egin dute sektoreko langileek

12.30etan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan drama bat agerian utziko zuen oihala altxatu dute. Kulturaren egoera inoiz ez da oso oparoa izan gurean, eta krisi egoeretan kolpe handiak jasotzen ditu gainera. Oraingoan, etxean egon garen bitartean oso estimatua izan den arren, berriro bazter batean gelditzen direla ikusi dute profesionalek.

Itziar Ituño aktoreak irakurri du manifestua Bilbon. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Kulturak laguntza eskatu du beste behin. Hiltzen ari da, baina zer da kulturarik gabeko gizartea? horregatik denon laguntza eskatu dute gaur kultur eragileek Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako elkarretaratzeetan.

«Antzezleak gara, teknikariak gara, zuzendariak gara, dramaturgoak gara, koreografoak gara, antzerkigileak gara, espazioen eta kultura-proiektuen kudeatzaileak gara, kultur irakasleak gara, ekoizleak gara, kultur banatzaileak gara, publikoa gara, kaleko arteak gara, zirkua gara, dantza gara, antzerkia gara, musika gara, kultura gara», azaldu dute deitzaileek.

Hori dela eta ‘Kultura gara’ izena jarri diote irakurritako manifestuari. Hamarnaka elkarte eta erakundeek eman dute euren atxikimendua, eta haiei norbanako ugari gehitu dira protestetara.

Donostiako Bulebarreko kioskoan, Bilboko Unamuno kalean, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eta Iruñean Udaletxeko plazan, 12.30etan, jarri dute hitzordu laukoitza. Leku horietan zeudela ‘SOS kultura’ zioten kartelak atera dituzte bertaratutakoek, eta manifestua irakurtzeari ekin diote.

«Oihala altxatu eta...» txiste asko hasten diren bezala hasi dira esaten, baina begi aurrean duguna ez da txiste bat, tragedia bat baizik. «Horrela hasten dira txiste asko, oihala altxatzen denean gauza zoragarriak sortzen baitira. Berdin dio oihal hori antzoki batean, kontzertu-areto, museo, argazki-erakusketa, komiki-erakusketa, kale, plaza, lonja batean edo alde zaharrean, auzoetan, herri batean, guztietan, zure aurrean edo zure barruan altxatzea. Kulturaren oihalaz ari gara, edertasuna eta bizikidetza ahalbidetzeko edonon ireki daiteken oihala, emozioak eta komunikazioa isurtzen uzteko denon artean altxatzen duguna. Horrela, nork ez luke oihala altxatzea?», galdetu dute.

Eneko Olasagasti, Euskal Aktoreen Batasuneko idazkaria, Donostiako mobilizazioan izan da eta oso haserre zegoen instituzioen erantzunarekin. «Gaur eskatu duguna izan da programazioa bere horretan mantentzea, gutxienez. Guretzat jada babes neurriak mantentzean egoera zailagoa da, distantziak mantentzea ez delako erraza… baina hori ez zaio inori inporta, protokolo kaskar bat atera dute», kontatu digu.

«Donostiako udaleko zinegotzi bat aurkitu dut eta esan dit alderdi politikoak elkartuko direla zein neurri hartu behar diren erabakitzeko. Nola alderdi politikoak? Elkartu jendearekin, hitz egin elkarteekin, ordezkariekin, eragileekin! Etorri guregana, galdetu eta kontatuko dizuegu», eskatu die politikariei.

Konfinamenduan zehar kulturari garrantzia eman zaio, baina orain berriro izango da sektore oso kaltetu bat aurrekontuaren %25a murriztuko baitzaie: «Aitortza egiten zaigu, hitz politak entzuten ditugu, baina… Frantziak, Alemaniak eta beste estatu batzuek esan dute kultura haien ondarea dela eta defendatu behar dela gauza guztien gainetik. Eta guk hori ez diogu entzun ez lehendakariari, ez Sanchezi. Hori da gure tamalezko egoera. Eta orduan konturatzen zara benetan bost axola zaiela kultura arloa. Aurreko krisiak hilotz asko utzi bazituen, ez dut imajinatu nahi honek zenbat utziko dituen», adierazi du Olasagastik.

Aspalditik datoz kexak. Duela aste batzuk kultur sektorera laguntzak iritsi zirenean, behin eta berriz aldarrikatu zuten askok ezin zituztela horiek jaso lanaren intermitentziarengatik. «Gure eskaera Euskal Aktoreen Batasunetik izan da artista, interprete, musikari, dantzari… guztiak ERTEtan sartzea. Gu ez gaude beti altan, lana egiten dugunean bakarrik», azaldu digu.

Izan ere, horrek kulturako profesional askok langabeziara jo behar izatea ekarri du, baina «hori bukatzen denean zer?». Olasagastiren ustez, gertatu daitekeena da gauzak bere onera itzultzen direnean, eta ekoizle edo zuzendari batek aktore bat behar duenean, halakorik ez aurkitzea «bizimodua beste modu batera bilatu behar izan dutelako».

«Ez dut ezer amateurren kontra, baina badirudi hor nahiago gaituztela. Egoera oso beltza da. Ez gaitzazue desagertzen utzi, mesedez», bota du.