INFO

Mexikoko narkoa indartu egin da koronabirusarekin, baita Kolonbian ere

Latinoamerika gogor astintzen ari da koronabirusa azken asteetan. Baina pandemia hasi zenetik bere dirua eta baliabideak erabili ditu narkoak Mexikoko Estatuaren hutsuneak bete eta bera indartzeko. Baita Kolonbian ere.

Saltzaile ibiltarien protesta Mexikoko hiriburuan. (Alfredo ESTRELLA-AFP)

Mexikora eta oro har Latinoamerika osora Europara baino beranduago baina iritsi da pandemia. Eta gure artean, hildakoez eta gaixotutakoez gain krisi ekonomiko latza ekarri badu, pentsa hango gizarteetako sektore ahulenek, kasu askotan gehiengoak, bizi duten egoera.

Eguneroko ogia, zentzurik zehatzenean, bilatu beharrak konfinamentua betetzea ezinezkoa egiten zaion jendea du, batez ere, jomugan narkotrafikoak.

Krisia profitatuz, kartelak duten dirutzatik apurra erabiltzen ari dira janari poltsak banatzeko.

Golfoko kartela izan zen lehena. Tamaulipasen Texaserako muga kontrolpean du eta han, muga postuetan, armadun gizonek jana banatzen dute taldearen izena idatzita duten poltsatan.

Gauza bera egiten ari da Jalisco Belaunaldi Berria kartela, Pazifikoko itsasertz osoa, AEBraino, kontrolatzeko Sinaloako kartelarekin hil ala biziko lehian ari dena.

Chapo Guzmanen kartela ere ez da atzean geratu. Sinaloako kartelaren buru izan zen eta egun New Yorken bizi arteko kartzela zigorra betetzen ari den munduko narkotrafikatzailerik ospetsuenaren alaba, Alejandrina, arduratzen ari da bere aitaren irudia, bigote eta guzti, inprimatuta duten janari poltsak banatzeko antolatze lanetaz: «Chapodespentsak» programa.

Jaliscoko estatuko herri txiroetan ari dira banaketa egiten, ondo ezagutzen dituzten auzoetan. Egun kartelaren agintariak ez dira bertan bizi, Guadalajarako auzo esklusiboetan baizik, baina eperientziatik dakite zer den jatekorik ez izatea eta gose dagoenak ez diola jaten ematen dioenari erreparatzen.

Edo bai, erreparatzen diola, eta horrexegatik hain zuzen egiten dute.  

Azken finean, kartelek Estatuak egiten ez duena –egiteko gai ez dena askotan– egiten dute, honen ahulezia profitatuz. Narkoek politikari gehienek baino egokitasun-zentzu askoz zorrotzagoa dute eta laguntza politiko ezak uzten duen errepide zabala baliatzen dute.

Beti ere beren lurraldeetan duten agindua eta diziplina indartzeko. Izan ere, janari poltsak banatzen dituzten bitartean, beraein esanetara ez daudenak erailtzen jarraitzen dute. Egunero, jan beharraren moduan.

Kolonbian ere bai

Arazoa ez da Mexikora mugatzen. Kolonbian ere indartu egin dira kartel mexikarrak. Eta, koronabirusaz gain, FARCek utzi duen lekua bete dute lurralde gehiago kontrolpean hartzeko.

Kolonbia munduko kokaina ustiatzailerik handiena da eta kartelen presentzia gero eta itogarriagoa da.

«Pandemiaren biharamunari diogu benetan bildurra», onartzen du Bakea eta Berradiskidetza Fundazioaren (PARES) zuzendaria den Leon Valenciak. «Bertako erakundeekin harremanak sakontzea lortzen badute, jai dugu», ohartarazi du.

PARES Fundazioak egin duen ikerketaren arabera, Mexikoko eta Kolonbiako narkoaren arteko harremana aspaldikoa da, baina azken urteetan bizkortu egin da eta «paperak nolabait inbertitu egin dira».

80. hamarkadan Mexikoko kartelek Kolonbiakoekin tratuak egiten zituzten kokaina AEBetan sartzeko eta banatzeko. Orain, ordea, dirua inbertitu dute Kolonbian bertan droga ustiatzeko eta dagoeneko kate guztia kontrolatzen dute, diruarekin eta armekin.

Horretarako, Sinaloako eta Jalisco Belaunaldi Berria moduko kartelek 2016. urteko Gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioa profitatu dute, bertako taldeekin itunak sinatu eta «gerrilak bere kontrolpean zituen eskualdeak –bertan egiten zen guztia barne, narkotrafikoa ere– bereganatzeko».

Horrela, bada, Kolonbiako talde armatuak ere indartu egin dira: Golkoko Klana, Caparrapos, Pachenca… eta FARCen disidentziak kasu, baina benetan indartu direnak kartel mexikarrak dira. «Lehen haien menpe zeuden, orain erregeak dira, «capo di capi», dio Valenciak.

Hori bai, talde kolonbiarrek zeresana badute oraindik ere, Kolonbia delako kokaren erreinua –hostoaren kalitatea onenetarikoa da munduan– eta birfintze prozesuan maisuak direlako.  

Mexikoko kartelak presente daude koka landatzen den eskualdeetan eta narkotrafikorako korridore estrategikoetan: Nariño departamentuan (Pazifikoko itsasertza), Cauca iparraldean (hego-mendebaldean ere), Catatumbon (Venezuelarekin mugan), Erdiko Magdalenan...

Hauetako eskualde batzuetan ELN gerrila dago, eta PARESek dioenez, «behin-behineko itunak sinatu dute narko talde batzuekin, Antioquian kasu, eta beste kasuetan koka landatzea asko hazi den tokietan monopolioa lortzeko liskarretan ari dira, Nariñoko kostan bezala».

Azkenik, ikerketarekin jarraituz, Mexikoko kartelen gero eta presentzia handiagoak zerikusi zuzena du giza erakundeetako agintarien erailketa kasuen ugaltzearekin. «Giza-kohesioa hautsi behar dute eta horretarako denak balio du», dio adituak. Zentzu horretan, «komunitateetako liderrak jomugan dituzte, batez ere beltzen eta indigenen komunitateetakoak», amaitu du Valenciak.