INFO

Ubik sorkuntza liburutegiak ateak irekiko ditu ekainaren 16an

Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiak ateak irekiko ditu berriro hilaren 16an. Segurtasun neurri berriak ezarrita (maskara derrigorrezkoa izango da), mailegua, familientzat espazioak eta ikasketen baitan egiteko ikerketa zerbitzuak ahalbidetuko dira. Zerbitzuak ohiko ordutegia izango du.

Tabakalera pixkanaka badoa zerbitzuak berrezartzen. (Ubik)

Donostiako Tabakalera erritmoa berreskuratzen ari da azken bi asteotan eta, pixkanaka bere zerbitzuak publikoari berriro eskaintzeko ahalegin horretan, datorren asteartean, hilaren 16an, Ubik sorkuntza liburutegiak berriro aterak irekiko dituela iragarri dute bertatik.

Liburutegiko aldizkarien, bideo-jokoen, filmen, liburuen, diskoen eta abarren maileguak modu autonomoan egingo dira, eta bakoitzak dokumentuak hartu eta itzuli ahal izango ditu liburutegiko sarreran dauden automailegu-makinen bidez.

Era berean, familiek Ubikez gozatzen jarraitu ahal izango dute. Horretarako, familia unitatearekin bakarrik biltzeko eta gozatzeko lau gune bereizi ezarri dira. Familia bakoitzak liburu sorta bat eta jolas bat izango ditu eskura, eta bere materiala ere ekarri ahal izango dute, hartu diren segurtasun neurri berrien baitan.

Higiene eta babes neurriak hartuz, «zerbitzuak modu seguruan jaso ahal izango dituzte» erabiltzaileek eta, eraikinaren gainerako espazioetan bezala, liburutegira maskara batekin sartu beharko da. Ubiken barruan, gainera, mahaiak eta gainerako altzariak pertsonen arteko distantzia errespetatzeko erabiliko dira, «horrela liburutegiaren barruan irakurri, landu edo ikasi ahal izateko», adierazi dute.

Mailegua eta ikerketa

Baieztatu dutenez, hauek dira hilaren 16tik aurrera eskainiko dena: mailegu-zerbitzua, posta bidezko mailegu-zerbitzua eta liburutegiko ordenagailu-zerbitzua (edizioa eta Internet), «baina erabilgarri dauden gailuen kopurua txikiagoa izango da eta pertsona bakarreko erabilera izango dute», zehaztu du Tabakalerak.

Bestetik, ikerketan interesa duten pertsona guztiek izango dute beren ikasketak sustatzeko eta horiekin laguntza jasotzeko zerbitzua. Liburutegiaren arlo tematikoak (Arte Ederrak, Pentsamendu Garaikidea, Artearen Historia, Kultura Digitala, Arkitektura, Ikus-entzunezkoak…) ardatz dituzten lanetan beharrezkoak diren aholkularitza, jarraipen eta bitartekaritza-lanen eskaintza martxan jarriko da berriro ere. Ikerketa-laguntza jaso ahal izateko, hitzordua eskatu beharko da.

Ubik ohiko ordutegian irekiko da: 10.00etatik 20.00etara asteartetik larunbatera, eta 10.00etatik 14.00etara igande eta jaiegunetan.