AEB-etatik Europara heldu da pertsonaia historiko higuingarrien aurkako kanpaina
Ameriketako Estatu Batuetan gertatu bezala, George Floyd beltzaren erailketa salatzeko protesten haritik, historiak goraipatutako pertsonaien estatuen inguruko eztabaida Europara iritsi da. Zilegi al da arrazista hutsa zen norbaiten omenezko irudiak egotea gure hirietan? Non daude mugak? Batzuek argi dute: ibaiaren hondoan.
Ameriketako Estatu Batuak azken hamarkadetako unerik ilunena bizitzen ari dira. Batetik, pandemiaren munduko epizentro bihurtu dira, eta, bestetik, polizia batek bere belaunpean itotako George Floyd beltzaren erailketak eragindako haserrea eta matxinada nagusitu dira. Munduko lehen potentziaren etengabeko beherakada azkartu egin omen da.
Usteak uste, baina, orain ere, AEBetan gertatzen dena, onena zein txarrena, mundu osora ez bada, Mendebaldeko Europara behintzat laster iristen da. Horren erakusle, Floyden erailketa salatzeko protestek astebete baino gutxiago behar izan zuten Atlantikoa zeharkatzeko. Europako hiri gehienetan, Euskal Herrian barne, manifestazio jendetsuak izan ziren aurreko asteburuan. Hiri batzuetan, gainera, batez ere Britainia Handian baina baita Belgikan ere, protestek biografia gutxienez eztabaidagarria, eta kasu askotan irmo salatu beharrekoa, duten hainbat pertsonaia historikoren estatuak izan dituzte jomugan.
AEBetan aspaldikoa da eztabaida. Giza eskubideen aldeko erakunde askok XIX. mendeko Gerra Zibilean Hegoaldeko konfederatuen alde borrokatu ziren militar eta politikoen estatuak kentzea aldarrikatzen dute. Defendatzen dutenez, gaur egun ere oraindik munduko herrialderik aberatsenak pairatzen duen arrazakeria salatzeko beharrezkoa da. Auzi hori dela eta, 2017ko abuztuan ultraeskuindarren eta antifaxisten eta arrazakeriaren aurkako ekintzaileen artean liskarrak izan ziren Charlottesville hirian, Virginian.
Ekintzaileek Charlottesvilleko Udalak Robert E. Lee Konfederazioko jeneralaren estatua bat kentzea lortu zuten, ultraeskuindarren haserrerako. Konfederazioak beltzen aurkako esklabotza defendatzen zuen plantazio erraldoietan oinarritutako ekonomia mantentzeko. Iparralde industrialak, yankiek, teorian behintzat, arrazen arteko berdintasuna aldarrikatzen zuen. Hala ere, Gerra Zibila irabazi ondoren, “bakea ziurtatzeko” beltzei agindutakoa ez betetzea erabaki zuen, eta, ondorioz, arrazakeriak tinko dirau.
Duela hiru urteko abuztuaren 12 hartan, ultraeskuinak Charlotesvillera joatea erabaki zuen. Hala, ehunka lagunek, Ku Kux Klan arrazistaren jazarpen ekintzak gogora ekartzen zituzten lastargiak eskuetan eta lelo arrazistak ahoan, AEBetako sortzaileetako bat –eta esklabista– izan zen Thomas Jeffersonen estatua inguratu zuten. Ondorengo liskarretan, giza eskubideen aldeko manifestariak harrapatu zituen ultraeskuindar batek bere autoarekin. Heather Heyer ekintzailea erail zuen.
Charlottesvilleko liskarrek, garaian herrialdeak aspaldian ezagututako larrienak, astindu egin zuten eztabaida. Ultrekin inolako harremanik ez zutela ziurtatzen zuten batzuk ere estatuak kentzearen aurka azaldu ziren: «gure herriaren historia ukatzea da». Eztabaida, adierazpen askatasuna aitzakia hartuta, AEBetako Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduaren bihotzera iritsi zen. Hala ere, berehala argi geratu zen ultrak ez zeudela Konstituzioaren lehen zuzenketa aldarrikatzeko, militar eta politiko arrazistak goraipatu eta arrazakeriaren aurkakoen kontra egiteko baizik. Poliziaren oniritziarekin, noski.
Auzia eguneratu
Egunotan ere, Floydren hilketak eragindako azken mendeko matxinadarik handienetakoaren testuinguruan, estatuen auzia suspertu egin da berriro. Eta badirudi kentzearen aldekoak gailentzen ari direla.
Richmonden (Virginia), Charlottesvilletik gertu, Monroe parkean zutik zen Williams Carter Wickham jeneral konfederatuen estatua bota zuten manifestariek. Wickham abokatua, plantazio baten jabea, politikaria eta Gerra Zibilean zalditeriako jenerala izan zen. Estatua 1891n eraiki zuten, guda amaitu eta 25 urtera. Gudan ospitale izan zen Monroe parkean bertan, beste bi estatua ere badaude. Bat, Fitzhugh Lee jeneral konfederatu eta Robert E. Lee mitikoaren ilobarena. Virginiako gobernadoreak, Ralph Northamek, agindua eman du handik gertu dagoen osabaren estatua bat ere erretiratzeko.
Richmonden bertan, Kristobal Kolonen estatua eraitsi, erretzen saiatu eta azkenean laku batera bota dute asteon. Manifestariek Ipar Amerikako indigenen aldeko ekintza gisa azaldu dute 1927an jatorri italiarreko komunitateak eraikitako sinboloa eraistea. 2018an, Los Angelesko Udalak ere itsasgizonaren estatua erretiratu zuen. Are, “Aurkikuntzaren Eguna” birbataiatu eta “Herri Indigenen Egun” bihurtzea erabaki zuen. Richmonekoa, hori bai, ez da 1492an Ameriketara iritsi zen Genovako esploratzailearen estatuek jasotako “eraso” bakarra. Bostonen estatua bati burua moztu diote eta Miamin pintura gorria bota eta “Blacks lives Matter” leloaz inguratu dute.
Armada eta Konfederazioa
AEBetako Marine indar militarrak konfederatuen ikur guztiak erretiratuko dituela agindu badu ere, Donald Trump presidente eta Armadako buruak hainbat base militarrek dituzten jeneral konfederatuen izenak ez dituela aldatuko ohartarazi du. Charlottesvilleko liskarretan ere, estatuak kentzearen aurka azaldu zen presidentea.
Hegoaldeko hainbat estatutan jeneral konfederatuen izena duten hamar base militar daude. Handiena Fort Bragg da, 1863an Chattanoogako gudua galdu zuen Braxton Bragg jeneral ospetsuaren omenez. Georgiako base militar batek Henry L. Benningen izena du, Hegoaldean “Esklabukrazia” bat sortzearen alde borrokatu zen jeneral esklabistarena. Richmondetik 30 kilometrora Fort Lee dago, konfederatuen komandante buruaren omenez.
Pentagonoa baseon izenak aldatzekotan egon zen Charlestongo sarraskiaren ostean. Hego Carolinako hiri horretan gazte zuri supremazista batek bederatzi beltz erail zituen eliza batean otoitz egiten ari zirela. Barack Obama AEBetako lehen presidente beltzaren bigarren legealdia zen, baina azkenean Armadak izenak mantentzea erabaki zuen. Demokrata Armadako komandante burua zen.
Orain, berriz, Ordezkarien Ganberako presidentea eta Alderdi Demokrataren burua den Nancy Pelosik Kapitolioan daude militar eta agintari konfederatuen estatuak erretiratzea proposatu du. «Estatua hauek gorrotoa aldarrikatzen dute, ez gure ondarea», ziurtatu du.
Britainia Handian ere
Ingalaterrako hego-mendebaldean dagoen Bristol hirian aurreko astean bildu ziren manifestariek Edward Colston XVII. mendeko esklabistaren brontzezko estatua soka batekin eraitsi eta Evon ibaira bota zuten. Aurretik, manifestari batek bere belauna Colstonen lepoan jarri zuen Floyden ohorez. Udalak uretik atera eta museo batera eraman du estatua.
Colston Afrikako Errege Konpainiako agintaria izan zen, Kontinente Beltzetik Ameriketara 80.000 gizon, emakume eta haur esklabo bidali zituen konpainiarena. Garaiko –eta egungo– kriminal askok bezalaxe, Colstonek irabazitako dirutzaren zati txiki bat bere jaioterrian ongintzan erabili zuen. Ondorioz, 1721ean zendu eta gero, estatu bat eraiki zioten. «Aspaldian erretiratu behar zuten hiltzaile eta esklabista horren estatua», aldarrikatu du David Olusoga historialariak.
Rhodesiatik Oxfordera
Antzeko curriculuma zuen Cecil Rhodes kolonizatzaileak, baina Oxfordeko Oriel College prestigiotsuan dagoen bere estatuak ez du Tamesis ibaian bukatu. Hori bai, Polizia argi ibili delako.
Cecil Rhodes Ingalaterraren nagusitasunaren defendatzaile amorratua zen enpresa gizona izan zen, eta Britaniar Inperioa Afrikan zehar hedatu zuen. Hego Afrikan diamanteak erauzteko monopolioa zuen eta De Beers firma ospetsua sortu zuen. Bere abizenari zor zioten izena Hegoaldeko eta Iparraldeko Rhodesiak, egun Zimbabwe eta Zambia. Hil aurretik, Oriol College ospetsuari dirutza eman zion eta bere izena daraman ikasleentzako beka sistema bat eratu zuen Commonwealtheko ikasleentzat.
Hego Afrikako Lurmutur Hirian bere omenezko estatua erretiratu zutenetik, Rhodesen aurkako kanpaina bere egin zuten Oxfordeko ikasleek. Urteak daramatzate estatua erretiratzeko eskatuz eta ez diete jaramonik egiten. Jada nazkatuta daude eta lortu arte ez dutela etsiko iragarri dute egunotan “Rhodes Must Fall” kanpainaren jarraitzaileek bere irudiaren aurrean. Boris Johnson lehen ministroaren gobernuko Barne ministroak, bere aldetik, horrelako «ekintza bandalikoak» gaitzetsi ditu.
Protestak ez dira, ordea, aitzinako esklabista eta kolonizatzaileetan gelditu. Aurreko igandean, AEBetako enbaxadaren aurreko protestan, Londresen, Winston Churchill lehen ministro zenaren estatuaren oinarrian “arrazista zen” leloa idatzi zuten. Estatuaren inguruan “Beltzen bizitzak inporta du”, “Kolonialismo britainiarra da erantzulea”, “Eta Floyd zure semea balitz, zer?” moduko leloak idatzi zituzten. Sare sozialetan ikus daitekeenez, manifestari talde batek «Churchill arrazista!» oihukatu zuen, beste talde bat estatua babesten saiatu zen bitartean.
Leopold II.a Belgikakoa
AEBen eta Britainia Handiaren arteko harreman historikoak begi bistakoak dira, baina auzia Europako beste herrialde batzuetara ere iritsi da, Belgika kasu. Azken egunotan Leopold II.a (1835-1909) erregearen hainbat estatua gorriz margotuta agertu dira eta estatuok erretiratzeko herri ekimena eta sinadura bilketa martxan dago. “Kongo Belgikarraren”, egungo Kongoko Errepublika Demokratikoaren baliabide naturalak xahutzeaz gain, Adam Hochschild historialariaren arabera 10 eta 15 milioi hildako artean eragin zituzten belgikarrek Afrikan Leopold II.aren erregetzan zehar. «Estatua hauek ezin dute tokirik izan Bruselan, bere 118 barrutietan 200 nazionalitatetako jendea hartzen duen Belgikako eta Europako hiriburuan», diote ekintzaileek. Jada 44.000 sinadura lortu dituzte eta, ekainaren 30ean, Kongoko independentziaren urteurrenean, jarri dute epemuga. Ekintzaileek Trone Plazan dagoen Leopold II.aren zaldizko estatua egun horretarako kentzea exijitzen dute. «Irudi hau ez da Bruselak urtero hartzen dituen milioika turistei erakutsi behar zaiena».
Bruselako Parlamentuko talde politiko gehienek dei egin diote Gobernuari eremu publikoa «deskolonizatzeko» helburuarekin lantalde bat osa dezan. Asmoa herrialdearen historia koloniala aipatzen duten kaleetako eta plazetako izenak berrikustea da, batez ere Leopold II.a aipatzen dutenak.
Populazioa erdira jaitsi
Leopoldo II.a erregeak 1879. urtean ekin zion Kongo kolonizatzeari. Izan ere, Afrika osoa Europako potentzia kolonialen artean banatu zuen Berlingo Biltzarrean, errege belgikarraren menpe geratu zen “Kongoko Estatu Librea”. Horrela bada, Leopoldo II.ak herrialdeko baliabide natural izugarriak ustiatu ahal izan zituen, tartean kautxua, egungo pneumatikoak asmatzea posible egin zuena. Latinoamerikan eta Asiako hego-ekialdean kautxu basoak ustiatzen zituztenekin konpetentzia izugarri zen. Bada, hori dela eta, erregeak “Kongoko Estatu Libreko” herritar denak esklabo bihurtu zituen.
Edmund Dene Morel bezalako kazetariek eta misiolariek salatu zutenez, herritarren aurkako bortizkeria izugarria zen eta zigor moduan eskuak moztea eguneroko kontua zen. Inolako gizatasunik ez zieten onartzen bertakoei, orain dela gutxira arte gainera. Adibidez, Bruselak 1958an hartu zuen Nazioarteko Erakusketan, Kongoko gizon, emakume eta haurrekin “zoo” moduko bat sortu zuten ikusleen zoramenerako.
Isidore Ndaywel e Nziem historialariak egin dituen ikerketen arabera, Leopold II.aren agindupean Kongoko herritarren erdiek bizia galdu zuten, erailketen ondorioz, goseak, nekeak eta gaixotasunek jota, edo jaiotza-tasak hondoa jo ondoren. Hori bai, erregeak odol, sufrimendu eta aberastasun hori Belgikan izugarrizko herri-lanak egiteko erabili zuen. Adibide gisa, Bruselako Justizia Jauregia. Erromako Pedro Deunaren Basilika baino handiagoa da: mundu osoan harriz egindako eraikuntzarik handienetarikoa.
Eztabaida sutsua
Leopoldo II.aren kasua oso argia izan daiteke, ilunegia delako batez ere. Baina eztabaida sutsua da hainbat herrialdetan pisu historiko handia izan duten buruzagien inguruan. Churchill bera da horren adibide. Gerra ministroa zenean, 1920an, Irakeko kolonian eztanda egin zuen matxinadarekin amaitzeko mostaza gasarekin eraso kimikoak agindu zituen, 10.000 hildako inguru eraginez. Ez da bere biografia luzean bekatu bakarra, baina, gerora, nazien aurkako gerran izugarrizko ospea lortu zuen lehen ministro gisa, batez ere Londreseko defentsan.
Historia ez da zuria ala beltza, eta pertsonaia historikoen artean grisak dira nagusi. AEBetan, adibidez, George Washington, Thomas Jefferson eta James Madison aberriaren sortzaileek esklaboak zituztela gogora ekarri duenik ere bada, euren idulkietatik bota behar direla defendatuz. Gai korapilatsua, benetan. Samurra dirudi suntsitutzat jotako erregimen zahar bati kontuak eskatzea. Baina kasu askotan gauzak askoz ere zailagoak dira. Noiz, nola, noren aurka jo? Galdera eta zalantza asko.
Historia traumez josita dago eta egunerokoa ere latza da momentu askotan. Egun, esaterako. Horrek, historia politikoki erabiltzeko joera eragin dezake. «Historia historialariei utzi», exijitzen dute gremiokoek. Baina, «orduan, herriak zer? Ez al du historia egiteko eskubiderik?», diote batzuek. «Baina, nork ordezkatzen du herria?», erantzuten dute beste batzuek.
Nik ere baditut galderak: «Zein zen nire arbasoa? Nire oroimenean betiko gera zedin estatua bat eraiki nion hori? Suntsitu ala ahaztu behar dut?».
Galdera gehiegi eta ziurtasun gutxi. Agian aurkitu dudan bakarra eta niretzat onena duela urte dezente Alejandro Margulisi “Le Monde Diplomatiquen” iritzi artikulu batean irakurri niona. «Hiri handietako eremu publikoetako monumentuak historia irakurri zuten talde nagusien ispilu dira. Baina herritarrengan duten benetako eragin sinbolikoa hain urria da, ezen horien inguruko eztabaidak nahiko alferrikakoak diren».