INFO

Derbiaren puntuak garrantzitsuagoak dira Eibarrentzat, Mendilibarren ustetan

Entrenatzaile armaginak «mailari eustea Europa Leaguerako sailkatzea baino garrantzitsuagoa» dela azpimarratu du. Konzentrazioak asteazkeneko Athleticen kontrako derbia erabaki dezakeela uste du.

Zaletuek telebistatik jarraitu beharko dute Eibarren eta Athleticen arteko derbia. (Jon URBE/FOKU)

Eibar Ipuruara itzuliko da asteazken honetan, bertan azken aldian aritu zenean bezela, derbi bat lehiatzeko. Honako hontan Athleticen kontra eta, berriro ere, zalegoen babesa barik. Horregatik, izan ere, kostatzen zaio José Luis Mendilibarri «derbi» bati buruz hitzegitea, «jokalarientzat berezia izan daitekelako, beste taldean lagunak eta ezagunak dituztelako, baina harmailetan zaletuak euki barik, beste edozein partidaren antzekoa da. Ikusi genuen aurrekoan ohizko derbiekin zerikusi txikia duela», gogorarazi du.

Gainera, jokalarientzat «zarata» falta hori kaltegarria dela uste du. «Kontraesana dirudi baina harmailetako zarata heltzen ez denean, jokalariei gehiago kostatzen zaie konzentratzea. Horrela jokatzen ikasi behar dugu. Talde guztiok ikasi behar dugu; guk, behintzat, ez dakigu horrela ondo jokatzea eta azkar ikasi behar dugu».

Azkar baino, berehala, Eibarrek gutxienez lau garaipen lortu behar baititu zazpigarren urtez jarraian Lehen mailan jokatu nahi badu. Horregatik, Mendilibarren ustetan, bere taldearen premia Athleticena baino handiagoa izango da: «Mailari eustea Europa Leaguerako sailkatzea baino garrantzitsuagoa da. Gehiago dugu jokoan eta oso partida garrantzitsua da guretzat, irabaziz gero nolabaiteko lasaitasuna lortuko genukelako hurrengo norgehiagokari ekiteko».

Entrenatzaile zaldibartarrak bere jokalariek premia hori pizgarritzat har dezaten espero du eta euren konzentrazioa indartzeko aprobetxatu, hortan egon baitaiteke, bere ustetan, partidaren gakoa. «Psikologikoki indartsuen dagoenak derbia irabaziko duela uste dut. Nere ustetan borroka handiko partida izango da, ezin da akatsik egin, konzentrazioa mantendu behar da oharkabetu barik, horrela etor baitaitezke golak, eurentzat eta guretzat. Printzipioz joku zuzena egongo dela uste dut eta bigarren jokaldiak irabazten dituenak jokoa menderatu dezake eta aurkariaren zelaian jokatu ahal izango du. Athleticek kontrako norgehiagokak beti dira oso lehiatuak, gogorrak… Psikologikoki indartsuen dagoenak irabaz dezakeela uste dut», errepikatu du.

Eibar izan daitekeela pentsatzeko arrazoiak badauzka Mendilibarrek. Baikortasunez ekin nahi dio derbiari, gutxienez; alde batetik jokalari guztiak, Ramis izan ezik, ondo daudelako eta, bestetik, Real Madriden kontrako debutak sentsazio onak utzi zituelako, behintzat bigarren zatian.