INFO

«Ehunka» entitate desberdinek «milaka» arigune osatu dituzte Euskaraldirako

Autengo Euskaraldiaren ediziorako «sektore eta mota guztietako» ehunka enpresa, erakunde eta elkartek «milaka» arigune osatu dituzte dagoeneko, Euskaraldiko ordezkariek astearte honetan Donostian emandako prentsaurrekoan iragarri dutenez.

2020ko Euskaraldiaren aurkezpena, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren ediziorako prestatzen ari dira hainbat entitate. Ariguneak sortu dituzte, euskaraz aritzeko gune edo talde babestuak, aurtengo ariketaren berrikuntza nagusiari helduta.

Ariguneak osatzen hasi diren hiru erakundeetako ordezkariak (Euskaltel, Fagor eta Super Amara Bera Bera) eta Euskaraldiko ordezkariak bildu dira astearte honetan Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian, eta bertan dei egin diete Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei ariguneak osatu, saretu eta babes ditzaten.

Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27rarte irekita egongo dela azaldu dute prentsaurrekoan, eta irailean abiatuko da ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia.

Euskaraldian entitateek euskararen erabilera sustatzeko urrats praktikoak emango dituztela azaldu du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak: «Euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen dielako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan-munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen nahi maioritarioarekin bat egiten dutelako eta euskararen biziberritze prozesuari hauspoa ematen diotelako».

Gainera, koronabirusaren krisiak sortutako egoeran sareak sortu eta elkar babesteko beharra areagotu dela nabarmendu du Amonarrizek.

Askotariko entitateak

Azaldu dutenez, arrazoi eta motibazio ezberdinetatik hurbiltzen ari dira orain arte izena eman duten erakundeak Euskaraldira. Batzuek aurretik lantzen ari diren ibilbideari jarraipena eman asmo diote, beste batzuek, aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko espazio berriak sortu nahi dituzte.

Ariguneak sortu dituzte Euskaltel, Fagor eta Super Amara Bera Bera entitateek, eta Euskalteleko zuzendari Xabier Iturbek nabarmendu du 17 urte direla enpresan euskararen erabilera bultzatzen ari direla. «Horren baitan, Euskaraldiaren lehenengo edizioan erakunde sustatzailea izan ginen moduan, aurtengo bigarren edizioari begira ariguneak identifikatzeko lanean murgilduta gabiltza. Horrela, joan den apirilean beroketa moduan hartu genuen Etxealditik Euskaraldira ekimena Euskalteleko ahobizi eta belarriprest guztiok».

Fagor taldean ere 20 urte baino gehiago ari dira euskararen garapena eta iraunkortasuna bultzatuz eta egun Euskal Herriko lantegietan dituzten 5.000 langiletatik %80k baino gehiagok euskararen ulermena bermatua duela azpimarratu du Leire Okarantzak, Gestio Sozialeko arduradunak.

Super Amara Bera Bera kirol klubeko ordezkariak, Jabier Oterminek, taldeak barne zein kanpo ariguneak sortu eta Euskaraldian parte hartuko duela adierazi du, kirol talde modura lantzen dituzten baloreekin bat egiten duelako: «Bera Beran euskarari ere behar duen garrantzia eman behar diogu, kirolak ere harremanak sustatzen dituelako eta Euskal Herriko erreferentziako taldea garelako».

Herri batzordeak

Herri batzordeetan izen-emate aldia ere martxan dagoela gogora ekarri du Arrate Illaro koordinatzaileak (ekainaren 27rarte dago zabalik epea). 2018an egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko 405 udalerritan jarri ziren martxan batzordeak, eta aurten ere izen-ematea «martxa onean» doala esan du. Lehenengo edizioan bezain beste batzorde sortuko direla espero dute.

Covid-19ak eragin nabarmena izan duela onartu du Illarok, hala ere, Euskaraldia aurreikusitako datetan egingo dela berretsi dute antolatzaileek, batzorde asko sendo ari direlako lanean eta entitate askok aurretik hasitako dinamikari eutsi eta ariguneak sortzen jarraitu dutelako.