INFO

‘Sua’ erakusketak batu ditu Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren sorkuntzak

Donostiako Ekain arte lanak galeriak ateak irekiko ditu berriro ostiral honetan ‘Sua’ erakusketarekin. Sinbolismoz betetako elementu honen bueltan sortu dituzte mota askotariko piezak Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville artistek. Irailaren 5a arte egongo da zabalik.

Elena Cajaraville eta Koldobika Jauregik Ekain arte lanak galerian dute azken sorkuntza. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Sua purifikatzailea, birsortzeko, susmo txarrak uxatzeko. Sua suntzitzailea, basatia, txikitzailea. Hori dena da eta ez hori bakarrik, suak duen karga sinbolikoa anitza eta zabala baita, antzin arotik gaurdaino, hamaika bider irudikatu da eta hamaika irakurketa eman zaizkio.

Elementu natural honen bueltan hausnartu dute Koldobika Jauregik eta Elena Cajaravillek sortzaileek, beren diziplina plastikoa eta ikuspuntua baliatuz suak iradokitzen diena arte bilakatzeko. Irakurketa propioa egin dute. Oihalak, egurra, zilarra eta margoa ikus daitezke sortutako piezetan; ostiral honetatik aurrera Ekain arte lanak galerian, Donostiako Alde Zaharrean, ‘Sua’ izeneko erakusketan ikusgai izango dira.

Cajaravillek hogeita hamar urte baino gehiago daramatza sortzaile gisa, eta bereziki bi esparru lantzen ditu. Oihalekin egindako piezak eta bitxigintza. Batak bestearekin zerikusirik ez duen diziplinak dira eta galerian jarritako piezak ere horrela aurkeztu ditu, alegia, ez dira uztartzen.

Oihalei dagokienez, liburuz betetako apalategi bat irudikatzen dituen bi pieza handi sortu ditu. Kolore okre eta berdeen artean, oihal gorriak ikusten dira. Sua da, apalategia irensten ari da. Artistak NAIZi kontatu dionez, ‘Farenheit 451’ eleberrian inspiratutako obra da. Egilearentzat, oso sinbolikoa da liburuak erretzearen ekintza. «Liburu honek etorkizuneko egoera batez hitzegiten du, non suhiltzaileek su ematen dieten liburuei. Pertsona batzuek, kultura babesteko ordea, horien edukia buruz ikasten dute», kontatu du.

Ez du ezkutatu itxialdiak eragin duela, neurri batean, piezen planteamendua. Ez du ezkutatu, ezta ere, beldurra sentitu duela. «Beldurra izan dut Estatuak askatasuna are eta gehiago mugatuko ote zigun osasun arrazoien 'aitzakia' erabilita», esan du.

Suaren beste aurpegia ere irudikatu du Cajaravillek. Goxoa, beroa, babesa ematen duena. Bitxigintza baliatu du horretarako. Zilar matea eta mineralak, belarritakoak eta brotxeak sortu ditu. Etxeko su txikia iradoki nahi izan du, poliki poliki sortu eta handitzen dena. Lehen txinparta horiek dira paretean zintzilik ikus daitezkeen bitxiak. «Sua onuragarri bezala ere ulertzen dut, babesten eta elikatzen gaituena», zehaztu du.

Arte iragankorra

Suaren bi esanahiak ere aipatu ditu Koldobika Jauregi artista plastikoak. Argizaiolaren iruditik abiatuta egin ditu margolanak. Urtero, kontatu duenez, kolaborazio bat egiten du Amnistia International erakundearentzat eta aurten aurerra atera ez den arren, ordurako proiektuarekin lanean zegoela azaldu du. Imaginatu dituen argizaiolei «burutxo gehiagorekin» egin ditu, badira etorkinen, mugalarien buruak. «Beste batzuk bidean gelditzen dira, eta horregatik ez dute bururik», zehaztu du. Argizaiolak elizarekin duen loturatik urrundu nahi izan du, argiarekin duen lotura horretan sakontzeko.

Pieza batzuetan harriak, eskailerak eta zubiak ikus daitezke sutan, eta burua beharrean sua duten gizakiak. «Gizakiak erre behar du gizaki berri bat sortzeko. Uste dut hor dagoela nik egiten dudan planteamendua. Baina ez dago gizaki konkretu bat, ez du aurpegirik, sutan hasi delako. Hemen aspaldian tratatzen ez nuena dago, gizakiaren gorputza bera», esan du alkizarrak.

Erabili dituen margo batzuk tinta dira; besteak artistak berak egiten dituen akuarela urdina eta gorria. Oso intentsoak. Urrea, urre papera da. Dena oso hilezkorra. Hauskorra eta ahula. Horren bila joan da. «Dena da oso delikatua da, badago zerbait margo hauetan zeinetan zaparrada bat eroriko balitz dena desagertuko litzatekeela, sua bezala. Gauza efimeroak interesatzen zaizkit, ez zait permanentzia interesatzen».

‘Sua’ erakusketa ostiral honetan inauguratuko da, 18.00etan, Ekain arte lanak galerian. Osasun eta segurtasun neurriak hartuko dinerez, 15 lagun baino ezingo dira aldi berean egon erakusketa aretoan. Rita Unzurrunzaga arduradunak azaldu duenez, irailaeren 5a arte egongo da ikusgai.