INFO

Kepa Junkerak jasoko du 2020ko Adarra Saria

Euskal musikari egindako ekarpen handi eta oparoa aitortzeko jasoko du musikari bilbotarrak aurtengo Adarra Saria, baina ez da, ohi bezala, ekainaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian banatuko. Aurrerago jakinaraziko duten datan eskuratuko du saria Kepa Junkerak.

Kepa Junkera musikari bilbotarra.

Euskal musikaren arloan garrantzi edo erangin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko sortu zuten Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak Adarra Saria, 2014an. Ordutik, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik eta Berri Txarrak taldeak jaso dute saria. Aurtengoan, Kepa Junkera (Bilbo, 1965) saritzea erabaki du sariko aholku batzordeak.

Erabaki hori hartzeko hainbat arrazoi aintzat hartu dituzte: «Kepa Junkerak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez Euskal Musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena, zeinei esker era askotako inguruabar eta arte-giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta Euskal Musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana».

Aurrekoetan ez bezala, aurtengoan saria ez da ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokian banatuko, Donostiako alkatearen eskutik. «Aurrerago jakinaraziko den datan eskuratuko du musikari bilbotarrak saria», adierazi dute antolatzaileek.

Kepa Junkerak jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.