INFO

Zinemaldiak Viggo Mortenseni bere ibilbidea aitortuko dio Donostia sariarekin

‘Falling’ da Mortensenek zuzendutako lehen filma. Horrez gain, aktore protagonista da Lance Henriksenekin batera, eta gidoia ere berak idatzi du. Estatu espainoleko estreinaldia urriaren 2an izango bada ere, Europako estreinaldia Donostian izango da Zinemaldian zehar.

2014an bigarrenez izan zen Donostian ‘Jauja’ filmarekin. (ZINEMALDIA)

Viggo Mortensen aktore eta zinemagileak Donostia Saria jasoko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Izar estatubatuarrak ‘Falling’ filma aurkeztuko du, zuzendari gisa duen lehen lana.

Donostian izango da film horren Europako estreinaldia. Filmak amaiera eman zion Sundanceko zinema-jaialdiari eta Canneseko zinema-jaialdiak hautatutako filmen artean dago. Lance Henriksen eskarmentuduna eta Mortensen bera dira ‘Falling’ filmeko protagonistak, eta gidoia Mortensenek berak ondu du.

Bi aktoreok aita-semeen rolean ari dira, bakoitzaren munduak ez du zerikusirik bestearenarekin, eta mundu horiek talka egingo dute familia-drama honetan. Mortensenen Perceval Pictures ekoiztetxeak ekoitzi du filma, Ingenious, Hanway Films, Scythia Films eta Zephyr Filmsekin batera. Estatu espainoleko estreinaldia urriaren 2an izango da.

Azken 35 urteotan, Viggo Mortensenek 50 bat filmetan parte hartu du, hamaika zinemagileren aginduetara (David Cronenberg, Peter Weir, Jane Campion, Peter Jackson, Gus Van Sant, Brian de Palma, Agustín Diaz Yanes, Ana Piterbarg, Lisandro Alonso, David Oelhoffen, Peter Farrelly eta Matt Ross, besteak beste), eta kalitatea izan du bereizgarri film horietan, genero zinematografikoa edozein zela. ‘The Lord of the Rings’ Peter Jacksonen trilogia fantastikoan esku hartu du, Aragorn hilezkorra jokatuz, baina, horrez gain, hirutan ere izendatu dute Oscar sarietarako, film hauetan egindako lanagatik: ‘Eastern Promises’ (David Cronenberg, 2007), ‘Captain Fantastic’ (Matt Ross, 2016) eta ‘Green Book’ (Peter Farrelly, 2018).