Macron presidenteak udal hauteskundeen bigarren jipoia espero du, etsita
Lehen itzulian bere alderdiak jaso zuen porrota berretsiko omen da igandean. Bere lehen ministroak ere gal lezake LREen lehia garrantzitsu bakarra Havren. Galduko balu gaizki, irabaziko balu ere bai.
Txaleko horien mugimenduak eta pentsioen erreformaren aurkako grebek agertu zuten haserrea ez da baretu Gobernu frantsesak koronabirusari aurre egiteko egin duen kudeaketaren kritiken ondoren. Emmanuel Macronen alderdia prest da igandeko udal huteskundeetan jipoi galanta hartzeko, presidentzialetarako bi urte eskas falta diren honetan.
Joango al da jendea boza ematera? Martxoaren erdialdean, konfinamendua hastear zegoenean baina koronabirusari beldurra jada nabaria zenean, parte hartzea %44,3koa izan zen.
Ordutik hona, covid-19ak gogor astindu du Estatu frantsesa. Aurreko astelehenerako hildakoak 29.663 ziren, betiere Osasun Ministerioaren datuei erreparatuz.
Orduko abstentzio masiboa ez zen izan Emmanuel Macron presidentearen La Republique en Marche (LREM) alderdi-mugimenuaren mesedetan: atzean oso Parisen, Marseillan edo Lillen; Lyonen eta Bordelen eskuinarekin itunak egitera behartua, alderdiak ez du hiri handi bakar batean ere indar-posizioa biharko bigarren itzulirako.
«LREM alderdi berria da eta ez dago hiri eta herrietan uztartuta. Gainera, bere irudia zipriztindu du lehen itzuliaren ondoren ezkerrera baina batez ere eskuinera begira itunak sinatu dituenean», dio Jean Garriguesek, historialaria eta Orleanseko (erdialdea) irakasleak.
Bere ustez, hala ere, «mesfidantza horrek abstentziora joko du gehiago Macronen aurka bozkatzera baino».
Hala ere, normalean bigarren itzuliak lehenaren joerak areagotu egiten baditu, oraingoan hiru hilabete igaro dira batetik bestera. Beraz, sorpresak egon daitezke, baita abstentzioaren aldetik.
Dena den, LREM alderdiaren helburu xumeak –Estatu osoan dauden 535.000 udal kontseilarietatik 10.000 lortzea– argi erakusten du anbizio falta hori.
Lehen ministroa
Havren bertan ere, mendebaldeko portu hirian, Edouard Philippe lehen ministroak ez du inolaz ere garaipena ziurtatuta, bere burua «independente» gisa aurkeztu badu ere.
Galduko balu Macronek gobernu aldaketa egin beharko luke. Irabaziko balu ziurrenik baita ere, pandemiaren kudeaketan Philippe lehen ministroa presidentea baino askozaz hobeto atera delako.
Udal hauteskundeek Macronen agintaldiaren azken biurtekoan eragina izango dutela ez dago zalantzarik.
Aurreikusten den porrotak presidentearen aldeko gehiengoa are gehiago ahuldu dezake, eta azken hilabeteetan eman diren desertzioak, ezkerrera eta eskuinera, ugaldu ditzake, aditu gehienen ustez.
Kolokan jar daitekeena, gainera, alderdia baino Macron bera da, botereari buruz duen kontzepzioa guztiz bertikala delako. Ondo doakionean bere mesederako. Baina gaizki datorrenean bere kaltean. Bera errudun.