INFO

Kattalin Miner kazetari eta idazlea saritu du EHGAMek Urrezko Hirukiarekin

‘Moio. Gordetzea ezinezkoa zen’ liburua idazteagatik saritu du EHGAMek Kattalin Miner kazetari eta idazle hernaniarra. Trapuzko Espartina, aldiz, «TERF ustezko feministei» eman diete, «haien gorroto-diskurtso transfoboagatik».

Kattalin Miner, ‘Moio. Gordetzea ezinezkoa zen’ liburuaren ale bat eskutan duela. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Urtero legez, ekainaren 28aren bueltan banatu ditu EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina.

Ekimen honen helburua da «aniztasuna berdintasunean kontzeptuaren alde nolabait lagundu duten pertsonak, elkarte edo erakundeak saritzea, alde batetik; eta, bestetik, LGBT+ eskubideak zapaldu edo mespretxatu dituztenak agerian utzi eta, sinbolikoki bada ere, zigortzea. 

Hala, aurtengoan, Kattalin Miner kazetari eta idazleari eman diote Urrezko Hirukia, ‘Moio. Gordetzea ezinezkoa zen’ liburua idazteagatik. Lan horrek Aimar Elosegi ‘Moio’ gazte transexualaren suizidioak Hernanin, bere herrian, izan zuen inpaktua islatzen du.

«Garrantzi handikotzat jotzen dugu LGTB+ memoriarentzat, bai eta transzendentzia politiko handikotzat ere, gaur eskuinetik,  eta ez hain eskuinetik, gupidarik gabe egiten baitzaie eraso trans pertsonei eta euren eskubideei», nabarmendu du EHGAMek.

Trapuzko Espartina, aldiz, «TERF ustezko feministei (Feminista Erradikal Trans-Baztertzaileak)» eman diete aurten, «haien gorroto-diskurtso transfoboagatik, zeina Hazte Oír edo Vox bezalako eskuin muturreko alderdi eta elkarteek zabaltzen dutenaren berdin berdina den».

EHGAMen aburuz, «ez dira feminista askatzaileak, gizabanakoon askatasunaren zapaltzaileak baizik, norbera sentitzen dena sentitzeko eta kontsekuenteki bizitzeko eskubidearen urratzaileak. Gizaki-zikiratzaile hutsak».