EAE bere bakardadean
Muga irekiko zela edo ez zela, horrekin ari ginen duela hamar egun eskas, kezkaturik itxuraz. Gaurkoa, ordea, hauteskunde eguna da Euskal Herrian, baina Hegoaldetik inork gutxik erreparatuko dio iparraldeko herrialdeetan gertatzen denari. Eta jokoan dena ez da nolanahikoa, Baionako alkatetza esaterako, zeharka Euskal Elkargoaren lehendakaritza ere. Akaso boza emateko osasun neurriei erreparatuko dio zenbaitek, Uztailaren 12koa nola gerta daitekeen irudikatzeko, baina emaitzari ez hainbeste.
Ez naiz ezer berririk aipatzen ari, ala bai? Ez al da azken urteotan bi aldeen arteko alde politikoa handiagotu? Muga itxiaren aferak argi erakutsi berri du bi aldeek elkarren beharra dutela, baina giza eta ekonomia mailako loturek agintari politikoenak baino estuagoak dirudite. Eneko Goia donostiarra Biarritzeko alkate izateko lehian den Guillaume Barucq-ekin ikustea deigarria egin zait, positiboki, baina salbuespena da. Muga hori ireki zezaten aldarrikatzeko orduan Urkullu Chivite baino beranduago ibili izana oso adierazgarria izan zen. Ikuspegi abertzale batetik etsipengarria, eta egunero-egunero muga zeharkatzen duten 5.000 gipuzkoarren ikuspuntutik salagarria.
Axolagabekeria hau ez da egungo kontua, baina hazten ari den urruntasuna ez da kasualitatea ere, nahita eragindakoa baizik. Ez zitzaion gustatu EAEko lehendakariari Ipar Euskal Herriak ETAren armagabetzea bururaino eramateko izan zuen lidergoa, ez presoak ekartzeko sortu den inplikazio instituzionala, ez lurralde aitortzan aurrera egiteko gorpuztu zden elkarlan politikoa ere... hiru ekimen, hiruak oparo, beste eredu baten adierazle.
Areago, harresia ez da bakarrik Bidasoa inguruan altxatu; Urbasa-Andiaren gainean ere handitzen ari da. Izan ere, Nafarroaren ispiluan ere EAJren zenbait joera oker itsusi-itsusi agertzen da: zergatik ezin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bertan landu diren akordio zabalak egin, PSOErekin ez ezik EH Bildu eta Ahal Dugu ere barnebiltzen dituztenak? Erosoago dago EAE hertsitu, murriztu, geldo, bere zilborrari begira dabilen horretan. Baina azken hamarkadaren balantzea eginez, hauxe agertzen da: EAEk bere ahuleziak eta gabeziak erakutsi ditu bereziki; Ipar Euskal Herriak eta Nafarroak, ordea, beren ahalmenak eta zenbait indargune ere.
Etorkizunari begirako aurrerapauso politiko handienak Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian gertatu dira. Eta zazpi lurraldeetan azaltzen diren arazoak ez dira hain ezberdinak. Pandemia dugu azken adibide. Krisialdi ekonomikoa eta gazteen prekarizazioa ere. Klima aldaketa edo indarkeria matxista. Lola Villabrigaren aurretik Iñigo Cabacas izan zen EAEn, Aingeru Zudaire edota Mikel Iribarren Nafarrroan. «Euskal Y»aren zentzugabekeria TGVren blokeoari eta «nafar korridorea»ren aldekoari loturik da. Eta abar luze-luze bat.
Nola ez da ba gaur ere hauteskunde eguna izango Euskal Herrian?