INFO

Iriarte: «Biktima batzuek errekonozimendua dute; beste batzuek, mespretxua»

Donostiako Sagueseko Bakearen Usoaren ondoan aurkeztu ditu EH Bilduk elkarbizitzaren arloan dituen konpromisoak. Biktima guztiek egia, errekonozimendua eta justizia behar dituztela nabarmendu du Maddalen Iriartek, oraindik ere GALeko biktimei edota Rosa Zarrari ukatzen zaiela gogora ekarriz. Xabier Irazusta, gaur 25 urte zendutako Zarraren alarguna, bertan egon da.

Iriarte, Bakearen Usoaren ondoan. (Jon URBE | FOKU)

Bakearen Uso hori 1995ean ez zegoen Saguesen, Amaran baizik, Anoeta ondoko plazan. Eta jakina denez, bertan Ertzaintzaren partetik jasotako pilotakada baten ondorioz hil zen Rosa Zarra, gaur dela 25 urte hain zuzen ere. Orain Nestor Basterretxeak eginiko eskultura ikusgarri eta adierazgarri hori Monpas aldean dago eta bertan bildu dira gaur eguerdian EH Bilduko hautagaiak, elkarribizitzaren aldeko mezua zabalduz, biktimak gogoan hartzen dituena. Xabier Irazusta, Zarraren alarguna, bertan egon da.

Gaur mende laurden bat, ez hori bakarrik, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuzkiak Euskal Herrira ekarri berriak ziren. Ertzaintza gogor oldartu zen bai Hondarribiako aireportuan bai eta Tolosako kanposantuan ere, familiarez samina larriagotuz. Gerra zikinaren biktimen jasotako tratuaren adierazle gordina izan zen, eta horri erreparatu dio Maddalen Iriarte lehendakariak bere hitzaldian: «Gure esku dagoena egingo dugu Rosa Zarra eta Estatuak egindako giza eskubideen urraketa larrien gainerako biktimak duintzeko».

«Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat. Denentzat. Hori da gure konpromisoa», nabarmendu du EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak.

Izan ere, «Urkulluk giza eskubideen urraketak neurtzeko bi balantza erabiltzen ditu. Gaur da eguna, bi aste geroago, GALen gerra zikinari buruz ezer esan ez duena –aipatu du Iriartek, CIAren dokumentuaren oihartzunaren harira–. Torturaren Nazioarteko Eguna Legebiltzarraren aginduz ospatu behar zuen ostiralean eta torturaren biktimak gogoratzeko aukera paregabea izan zuen, baina ez zuen egin, mutu jarraitzen du. Eta gaur da eguna poliziaren indarkeriaren biktimei buruz ezer esan ez duena», erantsi du Rosa Zarraren kasuari aipamena eginez.

Iriarteren aburuz, bistan da «biktima batzuek erakundeen errekonozimendua osoa jasotzen duten bitartean, beste batzuek mespretxua jasotzen dutela». Eta egoera horrekin amaitu beharra dagoela ziurtatu du, EH Bilduk horrekin duen konpromisoa berretsiz.