INFO

Rafa Pueyorentzat, 2019/2020 denboraldia «oso ona» izan da; «ezinhobea» etenaldira arte

Taldea «nortasuna erakutsi» duela eta «lehiakor izan» dela iritzi dio Bilbao Basketeko kirol zuzendariak. Iazko bloke berberari lehentasuna eman zaio datorren urteari begira eta lau aurpegi berri izango dira bakarrik, Ben Lammersen etorkizunaren zalantza soilarekin.

Lammersen zalantzarekin, iazko bloke berbera mantenduko du Bilbao Basketek datorren denboraldian ere. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Ekainaren 30 hontan amaitutzat eman du Bilbao Basket Berri SAD saskibaloi klubak 2019/2020 kirol ekitaldia. Rafa Pueyo kirol zuzendariak aztertu du bilbotarrek ACB Ligara itzuli berritan burutu duten denboraldia eta balantzeari «oso positibotzat» jo du; «Liga martxoan eten zen arte, ezinhobea izaten ari zen», gaineratu du Pueyok.

«Denboraldian zehar nortasuna erakutsi du Bilbao Basketek; partida guztietan azkeneraino lehiakor izateko gaitasuna, alegia», esan du bizkaitarren kirol zuzendariak. Bere zalantza bakarra «azken fasean denak jokatzeko moduan izan balira zer gertatuko zatekeen ikusi ezina» izan da, bere aburuz.

«Aurkari guztien kontra azkeneraino lehiakor izango ginelakoan nago, baita finalerdietara sailkatzeko aukera gehiago izango genukeela ere», esan du.

Horrez gain, datorren denboraldiari begira «aurtengo nukleo berbera mantentzea» izango da Beltzezko Gizonen xedea, nahiz eta gutxienez lau jokalarik ez duten jarraituko: Thomas Schreiner, Rafa Martinez, Sergio Rodriguez eta Ivan Cruzek, alegia.

«Kontratuak amaitu arteko epeak errespetatu nahi ditugu, baina lau jokalari horiek ez dute jarraituko. Rafa Martinez eta klubaren artean jokalariak Bilbao Basket uzteko akordio bat erdietsi dugu; Thomas Schreiner eta Ivan Cruzi ACB Ligara igotzeko eta bertan mantentzeko egindako lana eskertu nahi diegu; bestetik, lastima izan da Sergio Rodriguez eta klubaren artean jarraitzeko akordiorik lortu ez izana», laburbildu du Pueyok bere hitzaldian.

Horrez gain, nahiz eta Bilbon ez duen jarraituko, Pueyok aurreratu duenez, Schreinerrek belaunean duen lesiotik ahalik eta hobekien errekuperatzeko «eskura dituen bitarteko guztiak jarriko ditu, jokalaria goitik behera osatu dadin».

Horrez gain, airean geratu da Ben Lammersen etorkizuna. Texasgo pibotak beste urtebeterako kontratua dauka, baina gauza jakina da hainbat talde atzetik dituela, baina Euroliga jokatzen duen Berlingo Alba ere. «Lammersek kontratua dauka gurekin eta etete klausula ere bai. Gure nahia jokalariak gurekin jarraitu dezala da eta orain arte behintzat inork ere ez du klausula hori exekutatu», esan du horren harira Bilbao Basketeko kirol zuzendariak.

ACB eta Txapeldunen Liga

Datorren denboraldiari begira, RETAbet Bilbao Basketek ACB Liga ez ezik, BCL FIBAk antolatzen duen Txapeldunen Ligan ere hartuko du parte.

Bi lehiaketa horietan parte hartzeko, 2019/2020 denboraldiko blokeari eutsiko dio Bilbao Basketek, eta bere aurrekontu xumeak lagatzen dion heinean bakarrik indartu du taldea. Izan ere, datorren denboraldiko taldea itxita dauka dagoeneko Rafa Pueyok.

Hala, Jonathan Rousselle antolatzaileari, Jaylon Brown eskoltari, Arnoldas Kulboka hegal-pibotari eta Ondrej Balvin pibotari, guztiei kontratua berritu die talde bizkaitarrak.

Aipatu jokalari horiez gain, Quentin Derron eta Tomeu Rigo eskoltak eta Emir Sulejmanovic hegal-pibotak ere Bilbom jarraituko dute –baita, esan bezala, Ben Lammers pibotak ere, kontratua eteteko klausulan azaltzen den diru inork ere ordaintzen ez badu–.

Bestetik, Schreiner, Martiez, Rodriguez eta Cruzen ordezkoak ere gertu ditu Bilbao Basketek, nahiz eta pixkanaka aurkeztuko dituen fitxaketa hauek. Hala, Poloniako Stmelt Zielona Gora taldetik Lude Hakkanson antolatzaile suediarra –Bartzelonan, Sevillan, Fuenlabradan eta Estudiantesen jokatutakoa, adibidez– eta Jaroslaw Zyskowski hegaleko poloniarra ekarri ditu. Horrez gain, Urrezko LEB Ligatik Alex Reyes, Liberbank Oviedo taldetik fitxaturiko hegalekoa eta Felipe Dos Anjos, Palentziatik fitxatutako 22 urte eta 2,18 metroko brasildar erraldoia ere lotu ditu talde bilbotarrak.

«Iazko bloke bera mantentzea nahi genuen eta aldatu beharreko piezei dagokienez, nahiko argi geneukan zer zen nahi genuena. Beraz, ez genuen alperrik zain zertan egonik», esan du Rafa Pueyok, taldea horren azkar zer dela-eta osatu duen galdetu zaionean.

Horren harira, Alex Mumbru entrenatzailearekin jarraituko dute Lolo Encinas eta Javi Salgado laguntzaileek ere, Rafa Pueyok aditzera eman duenez.

Polonara, beste urtebetez Baskonian

Saski Baskoniak oraindik konfirmatu ez badu ere, Chema De Lucas saskibaloi kazetari espainiarrak aurreratu du Achille Polonarak beste urtebetez jaraituko duela talde gasteiztarrean.

Italiarram nahiz eta hegal-pibot postuan Shengeliaren ordezko izateko etorri zen, oso garrantzitsu bihurtu da Gasteizen. «Nirekin dagoenez geroztik, Polonarak ongi jokatzen du», esan zuen Dusko Ivanovicek 28 urte ta 2,05 metro neurtzen dituen jokalariagatik galdetuta, gasteiztarak ACB Ligako finalerdietara sailkatu ziren partidaren ondoren.

Valentziako azken fasean 9 puntu eta 5 errebote lortu ditu Polonarak batez beste.

Luigi Datome, Armani Milanora

Bestetik, Fenerbahçe utzi eta Armani Milanora joango da Luigi Datome hegaleko italiarra. 32 urte eta 2,03 metro neurtzen dituen jokalariak 2017an Euroliga irabazi zuen Fenerbahçe talde turkiarrarekin, aurrez NBAn Detroit Pistons eta Boston Celtics taldeetan aritu ondoren.

«Jokalariak taldeak behar duena dena dauka: karisma, eskarmentua, giza baloreak eta irabazle sena», adierazi du Christos Stavropoulos Armani Milano taldeko kirol zuzendariak. Datomek 2023 urtera arte jokatuko du Lonbardiako taldean.