Alavesek Granadaren aurka galdu eta ezinean jarraitzen du (0-2)
Granadak 0-2 garaitu du Alaves eta Asier Garitanoren taldeak laugarren porrota jaso du segidan. Azken sei neurketetatik bost galdu dituzte babazorroek. Bost jardunaldiren faltan, jaitsierako mamuak presente jarraitzen du. Andaluziarrek, aldiz, matematikoki lortu dute salbazioa. [Neurketaren xehetasunak]
Inoizko lehenengo zati onena jokatu du Alavesek, erasoari dagokionez behintzat. Ondo ulertu dira jokalariak eta aukera onak eraiki dituzte. Defentsan egindako hutsegiteen edo atzean motelegi ibiltzearen ondotik, ordea, bi gol jaso ditu eta laugarren porrota jaso du errenkadan asteazken honetan.
Ezinean dabil Alaves txapelketaren azken fase honetan eta oraindik ere ez du uxatu jaitsierako mamua. Mallorcak garaipena eskuratu zuen Celtaren aurka eta distantzia sei puntura dago bost jardunaldiren faltan.
Serio hasi du neurketa Gasteizko taldeak. Garitanok bere hamaikako gogokoena jarri du eta zelaian eroso egotea lortu du. Camarasa eta Pinak osatutako zelai erdian baloiak jariakortasunez mugitzea lortu dute eta aukerak ere iritsi dira. Duartek jaurtiketa arriskutsu bat egin du hamaikagarren minutuan eta segidan, Navarro gutxigatik ez da heldu Vidalen erdiraketara, honek Riojarekin jokatu ostean.
Lehenengo aukera, barrura
Granadak, aldiz, baloi jabetza gutxiago eta erremate gutxiagorekin gehiago asmatu du. Antoñinek lehenengo gola egin du 25. minutuan. Defentsa ahul eta motel aritu da Soldado eta Gil Diasen arteko jokaldia defendatzerakoan. Diasen jaurtiketa ederki geratu du Jimenezek baina bere desbideraketa Antoñinen oinetara joan da zuzenean, zeina bigarren zutoinean bakar-bakarrik zegoen. Rioja ez da jaitsi Duarte laguntzera eta defentsa lerroak galdutzat eman du baloia Diasen oinetatik atera orduko.
Nolanahi ere, ederki erreakzionatu du Alavesek. Bi gol aukera oso argi eduki ditu gola jaso eta segituan. Magallanek kanpora bidali du falta bateko errematea eta Lucas Perez zutoinarekin aurkitu da Joseluren pase ederra jaso ostean.
Zortea ez du lagun izan eta atsedenalditik bueltan defentsako moteltasunak bere horretan jarraitu du. Ukitu batean jokatu du Granadak defentsatik erasorako trantsizioan eta Soldadok gol ederra egin du area kanpoko jaurtiketa baten bitartez. 49. minuturako erdi erabakita −guztiz erabakita ez esatearren− utzi du neurketa Granadak eta hala, matematikoki salbazioa lortu dute andaluziarrek.
⏱️ 52' |0⃣-2⃣| #AlavésGranada
— Granada C.F. ❤️⚪️ (@GranadaCdeF) July 1, 2020
Qué bien vio la jugada @Darwin_Machis, que le puso la pelota a @R9Soldado en la frontal. El delantero golpeó con el interior de su bota derecha, mandando el balón pegado al poste a media altura, para hacer el segundo.#EternaLucha pic.twitter.com/Me5quV9kit
Honen ondotik hiru aldaketa egin ditu Garitanok, aldi berean. Erasoan Burke eta Edgar zelairatu dira Vidal eta Riojaren ordez; eta Martin Agirregabiriak Navarroren lekua hartu du. Aurrelari eskoziarrak, hain zuzen ere, bigarren zatiko aukera bakarra eraiki du, berak bakarrik, baina Aaron atezainak ederki desbideratu du zutoin albora bideratutako jaurtiketa.
Urduritasunez bizi izan dute neurketaren amaiera babazorroek, egoera zailtzen dela jakitun. Reala garaitu geroztik ez dute neurketarik irabazi, eta eskerrak hura irabazi zutela. Hala ezean, jaitsiera askoz gertuago egongo litzateke. Argi dago koronabirusaren pandemiagatik eginiko geldiketak ez diola mesederik egin Asier Garitanoren Alavesi. Salbaziotik gertu egotetik egoera konplikatuan egotera pasatu da sei jardunalditan.
«Egiten duguna ez da nahikoa puntuak lortzeko»
Asier Garitanok onartu du taldea minduta dagoela laugarren porrota jarraian jaso ostean eta mezu argi bat utzi du: «Egiten duguna ez da nahikoa puntuak lortzeko». Egiten daudena baino gehiago egin behar dutela adierazi du eta azpimarratu du, batez ere, arerioei zailtasun gehiago jarri behar diela gutxirekin min asko jasotzen baitute.
Nabarmendu du Granadak bere lehen aukeran egin duela gol eta horrek maldan gora jarri duela neurketa. Hala ere, baloratu du 0-1ekoaren ostean eduki dituzten bi gol aukera. Laburtu du dinamika txarrean daudela eta beraz eginiko lanari pare bat buelta eman behar diela, arlo guztietan hobetu ahal izateko. Baloi guztien borroketan indartsuagoak eta oldarkorragoak izan behar direlakoan da emaitza negatibo hauek iraultzeko.
Dena den, adierazi du helburua lortze beraien esku dagoela, ez daudel inoren menpe eta beraz, euren buruari begiratu behar diela. «Sei puntuko aldea daukagu», gogoratu du.
Era berean, azaldu du taldea jada larunbateko neurketan pentsatzen dagoela, txapelketaren bukaera eratu den moduak emaitzak barneratzeko astirik ematen ez duelako. Onartu du denboraldian zehar bere taldeari ondo egiten ziola pare bat egunetan aurreko neurketari bueltak ematea, «baina horrela dago eratua eta ez dago aitzakiarik».
Victor Camarasa eta Lucas Perez jokalariek ere hitz egin dute neurketaren ostean. Biek ala biek ziurtatu dute taldearen jarrera egokia izan dela. Erdilariaren ustez, Granada finago aritu da ate aurrean eta hori izan da neurketaren gakoa. Aurrelariaren aburuz, «ahalik eta bizkorren areara iristeko» urduriegi eta presaz aritu dira eta lasaitasun mezu bat igorri nahi izan die bere taldekideei.
Camarasak azpimarratu du garaipen batekin Lehen Mailan mantentzeko helburua oso gertu edukiko dutela: «Ez dago atsekaberako astirik, larunbatean beste neurketa bat daukagu. 35 puntu ditugu eta 38rekin helburutik oso gertu egongo gara».