Urkulluk zaintzari «guraizea sartzea» kritikatu du EH Bilduk
Jasone Agirreren ustez, pandemia honek «adinekoei arreta emateko EAJren ereduaren gabezia guztiak» azalera ekarri ditu, eta Urkulluren eredua agortutzat jota, EH Bilduk proposatzen duen irtenbidearen berri eman du, bi fasetan: baliabide publikoen mobilizazioa eta egungo ereduaren berrikuspena.
Kanpainako ekitaldietan behin baino gehiagotan heldu dio Jasone Agirre EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak erresidentzien egoerari eta zaintza sistema defendatzeko beharrari. Ostiral goizean Basauriko Bizkotxalde adinekoen egoitzaren aurrean egidako ekitaldian, areago sakondu du gai honetan. «Merezi dugun herria adinekoak eta, oro har, herritarrak zaintzen dituena delako, bai eta zaintzen gaituztenak ere ongi zaintzen dituena», esan du.
Koronabirusaren krisiari erreferentzia eginez, azaldu du etor daitekeenerako prestatu behar dugula eta, ondorioz, Urkulluren jarduna kritikatu eta esan du ez dela «guraizea sartzeko garaia», «zaintza-sisteman eta egoitzetan inbertitzeko eta arlo publikoa bultzatzeko unea baizik». Izan ere, nabarmendu du ezin dela ahaztu EAEk duela hildakoen bigarren ehunekorik handiena Europan Covid-19agatik, eta heriotza horien %40 adinekoen egoitzetan izan direla. «Administrazio publikoek autokritika egin behar dute, eta herri gisa merezi dugun zaintza-sistemari buruzko hausnarketa egin behar dugu», galdegin du Agirrek.
Horren ildotik, Bizkaiko zerrendaburuak zaintzen sektoreko langileei konfinamendu garaian emandako txaloak ekarri ditu gogora, eta azpimarratu du EH Bilduk «soldata eta lan baldintza duinak dituzten langileak» nahi dituela, «ez heroirik, ezta hilabete amaierara heltzeko orekak egin behar izaten dituztenak ere». Maddalen Iriarte lehendakarigaiak ere maiz sakondu du auzi honetan, esanez txalo bakoitza «konpromiso» bat dela osasun langileen baldintzak hobetzeko.
Hori dela eta, Jasone Agirrek «erakunde arteko funts bat sortzeko konpromisoa» hartu duela berretsi du: «Lehenik eta behin, egoitzetako langile guztiei 1.500 euroko aparteko ordainsaria ordaintzeko eta, bigarrenik, sektoreko soldata eta lan baldintzak hobetzeko. Egoitzetako langileek egindako ahalegin heroikoa aitortu eta baloratu behar dugu».
Irtenbidea, bi fasetan
Agirrek gogorarazi du EAEko erresidentzietan 18.000 pertsonatik gora bizi dela, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan koronabirusagatik hil den %40a zentro hauetan bizi zela. Horregatik, bere ustez, pandemia honek «adinekoei arreta emateko EAJren ereduaren gabezia guztiak» azalera ekarri ditu, eta Urkulluren eredua agortutzat jota, EH Bilduk proposatzen duen irtenbidearen berri eman du, bi fasetan:
Lehenbizi, «aurrekaririk gabeko baliabide publikoen mobilizazioa» proposatu du, banakako gelen kopurua handitu eta plaza berriak irekitzeko. Azaldu duenez, ahalegin ekonomiko horrek adinekoek egunean gutxienez bi orduko arreta zuzena jasotzea ahalbidetuko luke. Gainera, egoitzen gaineko kontrol publikoa ezartzea defendatu du, «administrazioek zentro pribatuetan esku hartzeko eskumena atxikiko dutelako».
Bigarren fasean, adinekoentzako egungo arreta-eredua «lehenbailehen» berrikusiko luketela ziurtatu du Agirrek. «Pandemian gertatutakoa argitu beharko da, oraindik galdera asko daudelako erantzuteko. Adinekoen zaintza, osasun eta askatasunaren arteko oreka zaindu beharko du. ‘Normaltasun berrian’ hartutako zenbait neurriren berrikuspen etikoa ere premiazkoa da; izan ere, badirudi neurri horiek gehiago erantzuten diotela agintarien segurtasunari erabiltzaileen segurtasunari baino».
Bestalde, EH Bilduren hautagaiak pandemian zehar erresidentzietan pairatutako egoera salatu du, bai eta zentroen arteko alde handiak ere. «Egunero genekien, komunikabideen bidez, babes-neurri gutxi eta langile gutxi zeudela, baina Urkulluk legeak aitortzen dizkion eginkizunei uko egitea erabaki zuen. Pandemiak beste irudi batzuk ere utzi dizkigu. Adibidez, Gipuzkoako egoitzetako milaka langilek 243 eguneko greba alde batera utzi zuten zeuden behar larriei erantzuteko; beren bizitza arriskuan jarri zuten beste pertsona batzuen bizitza zaintzeko».