Lehen Mailako Arretako profesionalek baliabide gehiago exijitu dituzte Bilboko protestan
Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalek baliabide gehiago exijitu dituzte osasun zerbitzu publikoaren defentsan eginiko mobilizazioan. Koronabirusaren osasun krisian sumatutako baliabide eskasia kritikatu dute eta, datorren egoera nahasiari aurre egiteko, herritarrei beharrezko arreta eskaintzeko, zerbitzua indartzea aldarrikatu dute.
Bilboko Arriaga plazan elkarretaratu dira Osakidetzako Lehen Mailako Arreta eskaintzen duten profesionalak, Lehen Arreta Arnasberritzen elkarteak deituta.
Sektorerako baliabide gehiago exijitu dute eta bertaratu diren batzuk zaborrontzietako plastikoez jantzita joan dira, koronabirusaren krisia hasi berritan herritarrak modu horretan artatu zituztela ohartarazteko, honek izan zatzakeen arriskuaz ohartarazteko asmoz.
Pandemia bete-betean baliabide eskasiaz jardun zutela kexatu dira eta hala, datorren egoera nahasiari behar bezala aurre egiteko, baliabide gehiago aldarrikatu dituzte gaur eguerdian Bilbon eginiko protestan.
«Lehen Mailako Arretarako baliabide gehiago; orain, koronabirusaren ondoren, sortzen diren agerraldiak hobeto kontrolatzeko eta zaharren egoitzetarako baliabide gehiago», adierazi dute eguerdian irakurritako manifestuan.
Lehen Mailako Arreta indartzeko konpromisoan, huts
Bestalde, koronabirusaren garai latzenetan etxetik, telefonoz, artatu behar izatearen zailtasunak ikustaraztearekin batera, Lakuako Gobernuak, leuntze fase batetik bestera igarotzeko, Lehen Mailako Arreta %10ean zerbitzua indartzeko konpromisoa bete ez duela jakinarazi dute profesionalek.
Gogoratzen dute iazko urtean zenbait lanuzte iragarri zituztela egoera hobetzea exijituz baina tamalez, txarrera egin duela.
«Orain urte batzuk, sendagile eta erizain bakoitzak artatu behar zituen pazienteen kopurua (kupoa) 1.400era murriztea lortu genuen, epe ertainera 1.200ekoak izateko itxaropenarekin, baina, gaur egun, 1.600 paziente pasatxo ditugu», azaltzen dute eta laneko bajak edo oporraldiak ez ordezkatzeko joera sistematikoa dela ohartarazten dute. Ordezkoren bat bidaliz gero, honek bi edo hiru kontsulta batera egin behar izaten dituela jakinarazi dute.
Uribe eskualdeko zentroetan covid-19aren hedapena kontrolatzeko soilik hiru sendagile kontratatu izana kritikatu dute eta eremuko zentro gehienetan udara honetan ordezkapenik egingo ez dituztela ere ohartarazi dute.
«Hau guztia nahikoa ez balitz, esan behar dugu Osakidetzan langileok aspaldian ez dugula ganorazko etengabeko prestakuntzarik jasotzen; covid-19-aren eta bere ondorioen gainean eman diguten informazio eta prestakuntza bakarra posta elektronikoz bidalitako hainbat protokolo izan dira», kritikatu dute.