INFO

EAJri etengabe «iraindu» egin zaiola eta debatea «desatsegina» izan zela uste du Ortuzarrek

Biktimismoari heldu dio Andoni Ortuzarrek gaur ostegunean Donostiako Antigua auzoan eginiko ekitaldian. ETB-2ko eztabaida «desatsegina» izan zela, Urkulluk kritikak jasan zituelako, eta kanpainan zehar EAJk etengabe irainak jaso dituela ziurtatu du. «Holako seme-alaba berritsuekin etorkizun tristea du herri batek», erantsi du.

Urkulluk, Ortuzarrek eta Tejeriak hitz egin dute Antiguan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Amaitzear den hauteskunde kanpainak oso tonu apala izan duen ustea zabalduta dago. ETB-2an astearte gauean izandako eztabaidaren ondoren ere hauxe nabarmendu da. Baina Andoni Ortuzar EAJko presidentearen ustez, kontrakoa gertatu da: bere alderdiak «irainak» jaso ditu egunero eta eztabaida bera «desatsegina» izan zen Urkullurentzat. «Hori bai, nola agoantatu zenuen, bikain lehendakari!», esan dio Donostiako Antigua auzoan eginiko mitinean.

Biktimaren mozorroaz jantzita ageri da Ortuzar. EAJ eskubiko alderdia dela, kapitalaren alde dagoela, erabakitzeko eskubidea lortzea oztopatzen duela edota PSErekin osatzen duen gobernua «ni-ni»a dela entzutea oso mingarria egin omen zaio. Hauek guztiak EH Bildutik jasotako kritikak dira, bai eta Elkarrekin Podemosetik ere. Baina PPk zuzentzen dizkionak erantsi ditu EBBko buruak.

Hau guztia zerrendatu ostean, EAJk ez duela berdin jokatzen ziurtatu die bere alderdikide eta zaleei. Eta segituan irain pare bat izan ditu bere alderdia kritikatzen dutenentzako: «Holako seme-alaba berritsuekin etorkizun tristea du herri honek» eta «Tximinoa arbolan gorago, ipurdia ageriago».

Ildo beretik, EAJk elkarlanerako eskua luzatua duela aditzera eman nahi izan du Andoni Ortuzarrek, igandea pasa ondoren irain horiek kontuan hartu gabe arituko dela ziurtatuz.

Ortuzarren aurretik Iñigo Urkullu lehendakarigaiak hartu du hitza. Pandemiaren inguruko kudeaketa txalotzeaz gain (Nekane Murga sailburuarekiko konfidantza osoa azaldu du), igandean bozka ematera joateko arazorik ez dela izango adierazi du. Hauteslekura hurbiltzea «mendira eta hondartzara» joatea baino seguruagoa dela aipatu du zerrendaburuak.