INFO

Atxagak, ‘Ramper’ pailazoak eta Eñaut Elorrietak Arriagako egitarau berezia itxiko dute

Bernardo Atxagaren literatur ikuskizun berriak, ‘Ramper’ antzezlanak eta Eñaut Elorrietaren kontzertuak itxiko dute datorren astean Bilboko Arriaga antzokiak ekainean eta uztailean, eta Covid-19an behartutako egoerak bultzatuta, aurkeztutako programazio berezia.

Ramper pailazoren istorioa berreskuratu du Juan Bañosek. (ARRIAGA ANTZOKIA)

Datorren astean amaituko da ekainean eta uztailean Bilboko Udalak bultzatutako ‘Bilbao Uda 2020’ ekimen bereziaren barruan Arriaga antzokian eman den programazio berezia. Bertako artistak protagonista dituzten 19 ikuskizun izan dira eta datorren astean azken hirurak jasoko dituzte.

Uztailaren 21ean, asteartean, 19.30etan, Bernardo Atxagaren ikuskizun berria estreinatuko du Arriaga Antzokiak: ‘Pange lingua, voglio una pizza’. Izenburuaren azalpena, hauxe: ‘Pange lingua’, Bernardo Atxagak ume zenean bere jaioterrian entzuten zuen otoitza zen, elizan oraindik latina erabiltzen zen garaietan; ‘Voglio una pizza’, erlijiozko esperientziatik berrogeita hamar urtera idatzi zuen poema bufoaren izenburua da. Bi une horien artean, hirurogeita hamarreko hamarkadan ‘Etiopia’, euskal literatura modernoaren historian jauzia eragin zuen liburua, idaztera eraman zuen poesia jarduna.

Irakurketa elebiduna izango da parte batean, eta Joseba Apaolazak helaraziko dizkie itzulpenak eta oharrak ikus-entzuleei.

Ramper pailazoaren itzala


Hurrengo egunean, hilaren 22an, Juan Pañosek antzezpen eta bakarrizketa egingo du Arriagan, eta ‘Rámper’-en paperean sartuko da. Jendeak izen horrekin ezagutu zuen Ramon Álvarez Escudero, eta 20ko eta 30eko hamarkadetako pailazo ezagunena izan zen. Marrazki biziduna sortu zuten bere izenarekin, diskoak grabatu zituen, film bat ere egin zuen eta bere izena zeramatzaten anis botilak saltzen ziren.

Baina Gerra Zibila iritsi eta lanean jarraitu zuen, bai, baina inoiz ez aurretik egin bezala. Bakarrizketa honetan, Ramper eta Ramón, bere alter egoa, gaur egungo garaian elkartuko dira, antzoki batetik bestera igaroz, euren historia entzun gura duen norbaiten bila. Eta ez da erraza izango, hil zirenetik 50 urte baino gehiago igaro direlako.


‘Cancamisa Teatro Ramper, vida y muerte de un payaso’ proiektu hau gauzatzeko sortu zen. Geldirik egoten ez dakiten bi artistek, Imanol Ituiñok eta Juan Pañosek,  indarrak batu dituzte, ahaztuta dagoen  jenio horren historia agertokietara ekartzeko. Ituiñoren testuak (berak ere burutu du ikuskizunaren zuzendaritza), Tartean Teatroak eta Café Bar Bilbaok antolatutako antzerkiko testuen lehiaketa irabazi zuen 2015ean.


Azkenik, uztailaren 23an, ostegunean, gure musika panoramako ahots ezagun bat itzuliko da Bilbora. Eñaut Elorrietak iazko abenduan ‘Irteera argiak’ lana aurkeztu zuen agertoki berean, eta orain, beste musika ikuspegi bat opari egiteko itzuli da.

Oso emanaldi berezia izango da eta hirukote formatuan egongo da, Ruben Caballero (gitarra elektrikoa) eta Txus Aranburu (pianoa) lagun dituela. Ikus-entzuleek, hortaz, badute Eñaut Elorrietaren abesti berrien zapore helduaz eta sentimentalaz gozatzeko aukera.