INFO

Jipoi baten ondorioz hil zen autobus gidariari azken agurra eman diote Baionan

Jipoi baten ondorioz zendu zen Philippe Monguillot, Baionako autobus zerbitzu publikoko gidaria. Astelehen honetan bere lankideak ziren Chronoplus zerbitzuko gidariak geldialdia egiten ari dira haren omenez. Gurutze Sainduaren auzoko egin dituzte bere aldeko hiletak. Lankideak, lagunak eta auzoko jende anitz bertaratu da Philippe Monguillot «azkeneko bidaia horretan» laguntzeko eta bere emazte eta hiru alabei babesa emateko.

Ehunka lagunek elizaren kanpoaldetik jarraitu dituzte hileta elizkizunak. (sudinfo.be)

Uztailaren 10ean jakinarazi zuten Philippe Monguillot, Baionako autobus zerbitzu publikoko gidaria, hil egin zela. Bost egun lehenago jipoi bortitz bat jaso zuen, garun-heriotza eragin ziona.

Baionako Fiskaltzak baieztatu zuenez, Chronopluseko gidariak erabiltzaile batzuei arreta deitu zien musukorik gabe eta bidaia-txartelik gabe zihoazelako. 210 autobusean jazo zen gertaera, BABko etorbidean, Balichon auzoan.

Polizia frantsesak lau lagun atxilotu zituen 58 gidariaren hilketarekin zerikusia zutelakoan eta epailearen aurretik pasa ostean behin-behineko espetxealdia ezarri zien horietako hiruri.

Astelehen honetan 14.30ean egin dira bere aldeko hiletak Baionako Gurutze Sainduaren elizan.

Lankideak, lagunak eta auzoko anitz bertaratu dira Philippe Monguillot «azkeneko bidaian» laguntzeko eta bere emazte eta hiru alabei babesa emateko. Txoferraren gertukoak elizan izan dira. Kanpoaldean ehunka lagun baziren, pantaila erraldoi baten bidez zeremonia jarraituz. Mezaren hasieran ‘Agur Jaunak’ abestu diote gidariari.

Veronique bere emazteak 27 urtez bere senarra zenarekin bizitakoa izan du gogoan bere heriotzak «utzi digun hutsunea» nabarmenduz. Marie 18 jurteko bere alabak oroitarazi duenez, erasoa gertatu baino denbora pixkat lehenago ikusi zuen bere aita. «Bere azken joan-etorria zela esan zidan», gogoratu du.

Gobernu frantseseko Hiritartasun ministro Marlene Schiappa hiletara hurbildu da. Familiarekin bilera pribatu labur batean parte hartu du zeremonia hasi aurretik.

Bestalde, Chronoplus autobus zerbitzu publikoko gidariek egun osoko geldialdia egingo dute, beraien lankide zenaren omenez. Hain zuzen bere sei lankide ohik sartu dute hilkutxa elizan, Gaskoien Plazan ziren bilduta ziren ehunka lagunen txaloen artean.

Dagoeneko Monguillot hilzorian zelarik, mobilizazio jendetsua jaso zuten Baionako karrikek, bere familiari babesa adierazteko asmoz. Gaurko zeremonian herritar askok jantzi zuriak eraman dituzte, berriro ere.