Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza dira Gure Artea sarien irabazleak
Arte plastiko eta ikusizkoen arloan ematen diren sari garrantzitsuak dira Gure Artea, eta euskal artearen errealitatea ezagutzen duen epaimahai espezializatu bat arduratzen da irabazleak aukeratzeaz. Sariak irailean banatuko dira, Bilboko Guggenheim Museoan.
Pello Irazu Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatean, Laida Lertxundi Sormen jarduera aitortzeko modalitatean eta Leopoldo Zugaza arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatean dira Gure Artea sarien aurtengo edizioaren irabazleak.
Hala jakinarazi du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako jarduneko sailburuak asteazken honetan, Donostiako San Telmo Museoan egindako ekitaldian. Sariak udazkenean banatuko dira, Guggenheim Museoan egingo den ekitaldian.
Epaimahaikideen aburuz, Pello Irazu (Andoain, 1963) «funtsezko artista izan da euskal arte garaikidearen panoraman», eta «joan den mendeko 80ko hamarkadan egin zen euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat dugu». Epaimahaikideek ebazpenean jaso dutenez, «zer den artea eta zer ez den artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri du arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat gehituta, eta horregatik da bere lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman».
Bideotik eta idazketatik lan egiten du Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) eta bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatzen ditu, nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zine-aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz.
Epaimahaiak nabarmendu duenez, erreferente anitzak ditu artista bizkaitarrak: «Lertxundiren praktikan jatorri desberdineko erreferenteak batzen dira, bere bizi ibilbidearen parte diren tokien aipuak, bere irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez eraikitako bideak. Lofoten uharteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisaiek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dute».
Azkenik, Leopoldo Zugaza (Durango, 1932) aukeratu dute arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatean irabazle, «Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta».
Zugazaren «jakinmina eta lanerako gaitasuna nekaezinak» arrazoitu dituzte. Justifikatu dutenez, hauek izan dira «bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu» duten ezaugarriak.
«Kalitate maila nabarmena erakutsiz», kultura artistikoaren balio katearen fase guztietan hartu du parte: ikerketa, prestakuntza, sorkuntza/ekoizpena, sustapena/hedapena eta banaketa. «Horregatik, euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimen desberdinen ekarpenik gabe».
Mikel Onandia epaimahaiburuak Miren Arenzana, Lucia Agirre, Oier Etxeberria eta Sahatsa Jauregi adituak izan ditu alboan epaimahaikide. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du.