INFO

Angeluko Udalak kostaldeko animazio guztiak bertan behera utzi behar izan ditu

Prefekturak Angeluko Udalak hondartza inguruan antolatuak zituen kultur ikuskizun guztiak debekatu ditu, covid-19ari loturiko segurtasun neurriak bermatu ezin direla iritzita. Gobernu ordezkaritzak uztailaren 22an ezagutzera eman zuen erabakiak eragiten dituenetaz gain, aurretik udako beste emanaldi musikalak ere bertan behera utziak ziren.

Astelehenetan egin ohi den zinema aire zabalean. (ANGELUKO UDALA)

Gobernu ordezkaritzak Angeluko Herriko Etxeak hondartza inguruan antolatuta zeuzkan emanaldiak debekatu ditu. Udan zehar eskaini ohi den herri kirol emanaldiak, euskal kulturari loturiko ikuskizunak eta zinema aire zabalean dira debekua jaso dutenak.

Aurretik Hondartza Musikalak, Sunset Electro eta mutxiko dantza emanaldiak ezeztatu zituen, covid-19aren eraginez. Debeku berri honekin, astelehenero egiten zen Moncine zinema emanaldia, uztailaren 28an eta abuztuaren 18an egin behar ziren euskal kulturari loturiko ikuskizunak eta abuztuaren 4ko herri kirolak dira bertan behera utziak.

Koherentziaren irizpidea aipatuz, Herriko Etxeak haurrentzako prestatua zuen uda programazioa ezeztatzea erabaki du. Ostegunetan magiaren inguruko gaualdiak antolatuak ziren.

Angeluko Herriko Etxeari igorritako gutunean, Gobernu ordezkaritzak emanaldi hauek uztailaren 10ean ezarritako segurtasun neurriak bermatzea ez dutela ahalbidetzen iritzi duela adierazi du.

Merkatuak bai

Gaueko merkatuak aldiz mantendu egingo dira. Segurtasun neurriak bermatu ahal izateko, normalean egin ohi diren Maitasun Ganbara ingurutik Quitauko zabalgunera eramanak izan ziren uda hastapenetik.