INFO

Woody Allenek Goenagaren obra aukeratu du ‘Rifkin's festival’ filman agertu dadin

Euskal Herrian kokatutako Woody Allenen pelikula berria Donostiako Zinemaldian estreinatuko da, irailean. Bertan, Juan Luis Goenagak Alkizan duen estudioa erreproduzitu dute eta margolariaren mihiseak, materialak eta pintura tresnak erabili dituzte.

Juan Luis Goenagari buruzko liburua aurkeztu zuten 2018an. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Iragarri dutenez, Zinemaldian estreinatuko den ‘Rifkin's festival’ Woody Allenen pelikulan Juan Luis Goenaga artistaren lana agertuko da. Margolari espresionista donostiarraren 130 mihise, eta berak erabiltzen duen materiala eta pintura-tresnak erabili dituzte Alkizan duen estudioa eta liburutegiaren zati bat erreproduzitzeko eta bertan filmatzeko.

Bestalde, jakitera eman dute artistaren lana irailaren 4tik urtarrilaren 10era bitartean Kubo-Kutxa Fundazioan ikusi ahalko dela bere ibilbidea birpasatuko duen erakusketa batean.

Juan Luis Goenaga Donostian jaio zen 1950ean. Ikasketak amaitutakoan era autodidaktikoan hasi zen marrazkiak eta margolanak egiten. Asko bidaiatu zuen gaztetan eta Gipuzkoara itzultzean euskal iragan historikoaren eta kultura herritarraren inguruko interesa piztu zitzaion, eta horiek izan ziren bere lan guztietako ezaugarri bereizgarriak.

Antzinako maisuak ezagutzeko asmoz Italiara joan zen ondoren, eta horrela beste etapa berri bat hasi zuen magia, surrealismoa eta abstrakzioa uztartuz. Oro har, naturaren beharketan oinarritzen dira bere lanak, eta gaiak naturatik bertatik daude hartuta.

80ko hamarkadan giza irudia landu zuen kolore biziaz, eta 90an jatorrira itzuli zen, pintura ilunera. 1987. urtean, Lakuako Gure Artea saria jaso zuen.