INFO

Gasteizen abiatuko du Euskadiko Orkestra Gazteak udako bira

Hainbat kontzertu eskainiko ditu Euskadiko Orkestra Gazteak (EGO) udako bere topaketaren baitan. Donostian, Bilbon, Hondarribian eta Gasteizen izango dira, eta azken honetan abiatuko dute, hain zuzen, igande honetan. Ruben Gimeno zuzendari artistiko berriaren gidaritzapean izango da.

Ruben Gimeno Euskadiko Orkestra Gaztearen zuzendari berria da. (Jon URBE I FOKU)

Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Hondarribian kontzertu bana eskainiko ditu Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO), iragan hilaren 22an hasi, eta datorren abuztuaren 1ean amaituko den udako topaketaren baitan. Hain zuzen, igande honetan abiatuko da aipatu bira, Gasteizeko Principal Antzokian (20.00etan). Lehen agerraldia, gainera, Ruben Gimeno zuzendari artistiko berriaren gidaritzapean izango da. Honek aurreratu duenez, «protagonismo berezia izango dute lehenik zurezko haize atalek eta ondoren hariak, biek bat egingo dutelarik kontzertu amaierako obran».

Egitarauari hasiera emateko, haize instrumentuen literaturako obra garrantzitsu bat aukeratu da: Charles Gounod konpositore frantsesaren ‘Haize instrumentuetarako sinfonia txikia’, alegia.  Egitura klasikoa duen obra da, harmonia erromantikoko zertzeladak dituena, ohar bidez orkestrak azaldu duenez.

Ondoren, hariek protagonismo berezia izango dute Gustav Mahlerren, 5. sinfoniaren Adagiettoaren interpretazioarekin. Gustav Mahler beraren hitzetan, «sinfonia batek mundua bezalakoa izan behar du, dena erakutsi behar du: paisaiak, beldurrak, borrokak, garaipenak, maitasuna…». Halakoxe ezaugarriak adierazi zizkion aipatu konpositoreak Alma bere emazte izango zenari, hariak protagonista dituen bere 5. sinfoniako Adagietto honetan.

Programa amaitzeko, haizezko instrumentuak eta hariak batu egingo dira, ziurrenik Franz Schubert-ek ‘Sinfonia burutu gabea’ eta ‘Handia’ konposatu baino lehen sortutako sinfonia onena jotzeko. Konpositore alemaniarraren ezaugarri ‘mozartiarrak’ topa daitezke sinfonia honetan: naturaltasuna, freskotasuna eta dotorezia.

EGOk Gasteizen eskainiko duen konzertuaren ondotik ailegatuko dira Bilbo (Euskalduna Jauregia hilaren 27an, 20.00etan), Donostiako Victoria Eugenia (uztailaren 28an, ordu berean) eta Hondarribia (hilare 29an Itsas Etxea auditoriumean, 20.00etan). Bira Donostian itxiko dute, Hamabostaldiaren bueltan abuztuaren 1ean San Telmo Museoko klaustroan eskainiko duten kontzertuarekin. Sarrerak dagoeneko, salgai daude.