INFO

Urriaren 3an Euskal Herriko 650 tontor ezagunenak igotzera deitu du Sarek

Izan Bidea dinamikaren baitan, datorren urriaren 3an milaka herritarrekin batera Euskal Herriko 650 tontor ezagunenak igotzera deitu du Sarek, «preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde».

Urriaren 3an egingo duen ekimena aurkeztu du Sarek. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Sarek prentsaurreko baten bitartez aditzera eman duenez, maiatzean Izan Bidea dinamika aurkeztu zuenetik ia 230.000 kilometro egin dituzte izena eman duten ia 3.000 pertsonen artean. Bego Atxa bozeramaileak gogoratu duenez, dinamika honek euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde dauden herritarrak batzeko asmoak ditu, «gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin-betiko aterabidea, eman nahi diogulako».

Bidea egiten jarraitu behar dela adierazi du Atxak, eta horregatik, dinamikari beste bultzada bat emango dion ekimena aurkeztu dute gaurko agerraldian. Datorren urriaren 3an Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara norberak bere aldarria eramateko ekimena da. Zehazki, aurten kaleratutako mendeurrenen zerrendan bilduta dauden tontorrak eta herriz herri «kuttunenak» ditugun horiek igoko direla adierazi dute.

«Maila altuenetik baxuenera, mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak, baita, urtean behin mendi-buelta txikia baino egiten ez dugun horiek guztiak elkartu nahi ditugu ekimen honetan eta horregatik guztiontzako eskaintza luzatuko dugu», azaldu du Atxak.

Datozen asteetan Sareren webgunean informazioa gehitzen joango dira, baita ekimenerako izen-emateko aukera zabaldu ere (bai webgunearen bitartez, baita herrietan ere).

Urriaren 3ko ekimenaz aparte, udan zehar hiriburuetan egingo dituzten hainbat ekimenen berri eman dute gaurko agerraldian, abuztuaren 1ean Gasteizen eta abuztuaren 14an Donostian.

«Une aproposa»

Joseba Azkarragak, Sareren beste bozeramaileak, presoen eta elkarbizitzaren auziari behin-betiko aterabidea emateko «une aproposa» dela adierazi du. «Euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko», argitu du.

Gainera espainiar Gobernuan diren alderdiek «behin baino gehiagotan» egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu dutela gogoratu du. Horregatik, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela helarazi die instituzioei.

«Presoek Euskal Herrian egon behar dute eta etxerako prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Eta senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ezta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrei covid-19a dela eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu. Nahikoa da. Konponbide garaia da», nabarmendu du Atxak.