Agoizko Siemens Gamesako langile talde batek itxialdia eta baraualdia hasi du lanpostuak defendatzeko
Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegiko langile talde batek 24 orduko itxialdia eta baraualdia hasi du ostegun honetan Iruñeko San Lorenzo elizan, 239 lanpostuak defendatzeko. Itxialdiaren amaieran, Nafarroako Parlamentura joango dira, azken bi asteotan herritarren artean lantegia ixtearen aurka bildu dituzten sinadurak erregistratzeko.
Langileen Batzordeak agiri baten bidez gogoratu duenez, joan den ekainaren 30ean prentsaren bidez Siemens Gamesak lantegia ixteko asmoaren berri izan zutenetik, «erabakia iraultzeko asmoz antolatu» dira. Manifestazioak, auto-karabana, elkarretaratzeak eta eragile sozialekin, talde politikoekin eta Nafarroako Gobernuarekin hainbat bilera egin dituzte «enpresak diru gehiago irabazteko hartu duen erabaki bidegabea atzera botatzeko helburu bakarrarekin».
Agoizko Siemens Gamesako enpresa batzordeak kontratuen iraungitze espedientearen kontsulta epea luzatzea eskatu zuen, baina enpresak uko egin zion atzo egindako kontsulta aldiaren laugarren bileran.
Halaber, gaur, Andreas Nauen Siemens Gamesako kontseilari delegatuak Agoizko lantegia ixtearen erabakia «atzeraezina» dela adierazi duen egunean, langile talde batek Iruñeko San Lorenzo elizan itxialdia eta baraualdia hastea erabaki du.
#GamesaEzItxi
— ELA Nafarroa (@ELANafarroa) July 30, 2020
Un grupo de trabajadores y trabajadoras de Siemens Gamesa Agoitz se encierra y ayuna en defensa de sus puestos de trabajohttps://t.co/QUbFZxKFHl pic.twitter.com/TMFCGhd8qx
Azaldu dutenez, gaurko 11.00etatik biharko 11.00ak arte iraungo du itxialdiak, eta behin amaituta Nafarroako Parlamentura joango dira, azken bi asteotan herritarren artean lantegia ixtearen aurka bildu dituzten sinadurak erregistratzeko.
«Agoizkoa lantegi gaztea da, diru publiko asko inbertitu da bertan, eta aurrera egin dezake inbertsio txiki batekin», adierazi dute langileek.
Horregatik, langileek borrokan jarraituko dutela argi utzi dute: «Enpresari, Nafarroako Gobernuari eta, oro har, herritar guztiei esan nahi diegu multinazional baten politika ozpinduaren eta eskrupulurik gabearen biktima garela, eta, diru gehiago irabazteko, ez zaiola axola 239 familiaren bizitza eta ametsak haustea, baina argi izan dezatela guztiek amaieraraino borrokatuko dugula».