Urrutikoetxearen zaintzapeko askatasuna aintzat hartu dute EH Bilduk eta EH Baik
EH Bilduk eta EH Baik ontzat eman dute Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko Parisko Dei Auzitegiaren erabakia, hala ere, gogorarazi dute honek ez duela estaltzen «haren atxiloketaren gibelean frantses eta espainiar Estatuen aldetik zegoen mendeku politikoa, ez eta horren ondorioz azken hilabete luze hauetan pairatu behar izan dituen krudeltasun eta mendekua ere».
Ostegun honetan atera da Josu Urrutikoetxea La Santé espetxetik eta Parisko apartamentu batean geratu beharko du pultsera elektronikoaren zaintzapean. EH Bilduk eta EH Baik akordura ekarri dute Urrutikoetxeak Euskal Herriarentzako konponbidearen alde lan egin duela eta, beraz, baldintzapeko askatasuna aintzat hartu eta babesa helarazi diete senideei.
Haien ustez, baina, Urrutikoetxea baldintzapean aske geratu izanagatik ere ez da ahaztu behar preso mantendu zutela larriki gaixo egonda ere, eta gainera, zaintzapeko askatasun honek ez duela gordetzen Emmanuel Macronen Gobernuak euskal presoen egoerari «aterabide global baten baitan pauso berriak emateko duen borondate eza».
«Azken asteotako aktualitatea berriz gogoratzea besterik ez da egin behar: covid-19aren osasun larrialdiaren baitan askatzen ahal zituzten presoak espetxean atxiki, Jakes Esnalen baldintzapeko galdeari dei egin, Mikel Barrios kartzelaratu eta, azkenik, joan den ostiralean, Xistor Haranburu fiskaltza antiterrorista nazionalak dei egin izana haren baldintzapeko askatasuna blokeatzeko», azpimarratu dute taldeek.
Horregatik, EH Bilduk eta EH Baik salatu dute Gobernu frantsesak «behin eta berriz» uko egin diola Euskal Herrian konponbide politikoaren alde etapa berri bat abiatzeari. «Ezin dugu onartu zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoak eta gaixotasun larriak dituztenak espetxeratuta izatea. Ezin dugu onartu euskal presoak beren etxeetatik ehunka kilometrora izatea, haien senitartekoak zigor bikoitz batera kondenatuz. Ezin dugu onartu euskal presoen eskubideak ez errespetatzea», adierazi dute.
Etapa berri horren alde, eta presoen etxeratzeari bultzada emateko, kolektibo desberdinek iragarritako deialdiekin bat egin dute EH Bilduk eta EH Baik: igandean Etxeratek hondartzetan burutuko duen ekimenean, Izan Bideak antolatzen dituen jardueretan eta irailaren 19an, Ipar Euskal Herrian, «Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da!» lelopean egingo den mobilizazio egunean.