INFO

Bilboko Konpartsek bertan behera utzi dute ‘Aste Nahasia’

«Bizi dugun egoerak baldintzatuta» eta jende pilaketak saihesteko, abuztuaren 22tik aurrera Aste Nagusia ordezkatu behar zuen «ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumea» bertan behera uztea erabaki du federazioak, aho batez.

Bilboko konpartsen agerraldi baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ohar baten bitartez, Bilboko Konpartsek jakinarazi dute prestatzen ari ziren ‘Aste Nahasia’ bertan behera uzten dutela, azken asteotan Bilbon eta Euskal Herrian covid-19ak izan duen bilakaera eta kasuetan izan den goraldia aintzat hartuta.

Federazioak «osasun neurri zorrotzenak» kontuan hartuta ari zen egitaraua lantzen, «parte-hartzaileen osasuna bermatzeko», baina nahiago izan dute jende pilaketa txikiena ere ez sustatzea.

Hala, irailetik hona ehunka konpartsakidek egindako lana, «behin eta berriro unean-uneko osasun-neurriei moldatu dena», aurten ez garatzea erabaki dute, «triste beltz eta krudela izan den eta segitzen duen covid-19ko krisiaren» aurrean.

Gogorarazi dute konpartsek martxotik aldarrikatu dutela «herri honek irribarrea, ilusioa, esperantza, eta festa-desira behar» dituela, baina uztailean abisatu zutenez, «UCIak bete barik». Hortaz, «elkar zaintza eta prebentzio-irizpideak» lehenetsi dituzte. «Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitu eta kultura eskaintzea”»zen Aste Nagusia ordezkatzen zuen ‘Aste Nahasia’ren helburua.

«Ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume» hori «elkar zaintzatik, osasun-neurriekin, eta prebentzio irizpideak gidatuta» egitekoa ziren Bilboko Konpartsak, «modu herrikoian, feministan, euskaldunean, ekologistan eta ahal den parte-hartzailenean».

Kritika Udalari

Bitartean, salatu dutenez, konpartsek eta auzoetako jai-batzordeek «oztopoak eta mespretxua besterik ez dute jaso» Bilboko Udalarengandik: «1980an Castañaresek egin bezala, inposizioaren bidea hautatu du, orain arteko elkarlana irudikatzen zuten guneak deuseztatuz, Bilboko Jai Batzorde Mistoarekin egin duen legez».

‘Aste Nahasia’ antolatzeko baimenei dagokienez, «oraindik orain erantzun ofizialaren zain» daude konpartsak, «osasun-neurri denak zorrotz bermatuta ere».

«Udalarengandik jasotako azken mezuetan, irizpide politikoak nabarmendu dira eta ez teknikoak edo osasun-arlokoak. Udalaren Bilbao Uda egitaraua uda osoan programatuta dagoen bitartean, Aste Nahasia omen da arazo bakarra, covid-19k ekimen herrikoiak, pribatuak eta instituzionalak desberdinduko balitu bezala, edo aste bat lehenago edo beranduago kutsakorragoa balitz moduan», gaitzetsi dute.

Kartel lehiaketa

Hilaren 22an hasi behar zen ‘Aste Nahasia’ bertan behera utzita ere, hura iragartzeko afitxa lehiaketaren irabazlea ere aukeratu zuen atzo epaimahaiak: Irune Usunaga Gilek aurkeztutako ‘Kolore Nagusiak’ lana izan da lehiaketaren irabazlea.