INFO

‘Corta el cable rojo’ Arriagan, bat-batekotasun zoroa

Inprobisazio dibertigarriena Bilboko Arriaga Antzokira helduko da astelehenean, ikus-entzuleak barre algaraka jarriko dituen ‘Corta el cable rojo’ ikuskizunaren bitartez. Egileak, Carlos Ramos, Jose Andrés eta Salomón, Paramount Comedy katean egiten dituzten bakarrizketengatik ezagunak diren komikoak dira.

Paramount Comedyn egiten dituzten saioengatik egin dira ezagunak. (NAIZ)

Arriaga Antzokiak bihar, astelehena (19.30ean), ‘Corta el cable rojo’ inprobisaziozko ikuskizun dibertigarriaren aurreneko emanaldia eskainiko du. Beste bi saio ere izango dira aurrerago, irailaren 8an eta 14an, hain zuzen.

‘Corta el Cable Rojo’ berehalako umoreari esker barre algarak eragingo dituen inprobisazio komedia ikuskizuna da. Izan ere, unean-unean sortu eta ikus-entzuleen iradokizunetan oinarritutakoa da.

Egileak eta antzezleak Carlos Ramos, Jose Andrés eta Salomón dira. Ikus-entzuleek ziurrenez Paramount Comedy katean egiten dituzten bakarrizketengatik ezagutuko dituzte.

Eurak sortu zuten ‘Corta el Cable Rojo’ 2011n, ikuskizunaren munduan gero eta indar gehiago duten bi joera bateratzeko: eszenatokiko komedia eta antzerkiko inprobisazioa. Hainbat inprobisazio talde eta «stand up» komiko asko daude.

‘Corta el Cable Rojo’ ikuskizunean ikusiko ditugun egileen-antzezleen show-a bakar bilakatzen duena bi gauzak batera egiten dituztela da. Komikoak eta inprobisatzaileak dira.

Komiko gisa, hirurek oso esperientzia zabala dute, eta euren bakarrizketak sortzen dituzte. Inprobisatzaile gisa, esaldi, leku edo pertsonaia batean oinarrituta eszena interesgarriak sortzeko prestatuta daude. Euren emanaldietan, ikus-entzuleek trebezia azkarra eskertzen dute, eta etengabeko burutazioekin barre egiten dute.

Umorea eta musika, Arriagaren eskaintza

‘Corta el Cable Rojo’, guztiz inprobisatuta dagoen show-a da. Gidoia une bakoitzean sortzen da, ikuslegoaren iradokizunetan oinarrituta. Antzezleek hutsetik sortzen diren istorioak erakusten dituzte, bat-batean abestiak konposatzen dituzte, hitz-jokoak egiten dituzte, soinu-efektuak erabiltzen dituzte eta pertsonaia paregabeak sortzen dituzte.

Guztia zuzenean eta esklusiban, gau batean gertatzen dena ez delako inoiz errepikatuko. Helburua, ikus-entzuleak barre algaraka eztandaraztea da. Horrelakoa da inprobisazioa. Erabakiak hartu behar dira. Moztu Kable Gorria.

Show hau irailaren 13era arte Arriaga antzokian ikusgai egongo den ‘Cruz de Navajas’ musikalarekin tartekatuko da. Mecanoren musikan eta unibertsoan oinarrituta, musikal indartsua osatu dute, guztiz berrizgarria.