INFO

Gure Zirkuak irailaren 13an bukatuko du Orioko egonaldia beste 10 emanaldi eskainita

Gure Zirkuak Orion eman du uda, bere jarraitzaileekin –txiki zein handi– duen hitzorduari hutsi egin gabe. Beste 10 saio iragarri dituzte astearte honetan. Beraz Gure Zirkuak irailaren 13an amaituko du egonaldia, denera 43 emanaldi eskainita.

Zaleek erantzun ezin hobea eman diote Gure Zirkuari uda berezi honetan. (NAIZ)

10.000 ikusle igaro dira uztailean eta abuztuan Gure Zirkuak segurtasuna bermatu ahal izateko Portugaldik ekarritako karpatik. Uztailaren 17tik irailaren 13ra bitarte, ia bi hilabeteko tartean, Gure Zirkuak 43 emanaldi eskainiko ditu Orion altxa duen karpan; egonaldia amaitu aurretik beste 10 saio egitea erabaki baitu taldeak.

Pozarren dira Iker Galartza eta bere lagunak. «Aurreikuspenik onenetan ere ez genuen espero covid-19ak erabat baldintzatutako testuinguru honetan saio kopuru horretara iristea, eta are gutxiago uztaileko eta abuztuko emanaldietan guztira 10.000 pertsona biltzea, orain arteko saio guztietan gehienezko edukierara iritsi baita karpa», adierazi dute.

«Segurtasun osoz, testuinguruak ahalbidetzen zuen normaltasunaren barruan, eta inolako arazorik gabe» joan dira emanaldiak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu emanaldietara etorritako ikusle guztiei, Orioko Udalari eta bertako herritarrei. Esker oneko hitzak baino ez ditugu uda honetako emanaldietara etorritako ikusleetako bakoitzarentzat, ziurgabetasun handiko egoera honetan eta maskara jantzita izan bada ere, taldearengan konfiantza izan eta karpara etortzeko egindako ahaleginagatik», gaineratu dute. 

Oriotik eta ingurutik ez ezik Euskal Herriko bazter ugaritatik etorri dira ikusleak zirkuaz gozatzera. «Haien txalo eta maitasun hitzek eman digute aurrera jarraitzeko indarra. Gozamena izan da zinez aurten emanaldiak eskaintzea, bihotza ukitzerainoko erantzuna jaso baitu proiektuak ezohiko egoera honetan».

«Bidea ez da erraza izan, gaur egungo egoerak guztia zailtzen baitu; bizitzako arlo guztietan bezala, zuzeneko kultura emankizunetan ere bai. Zailtasunen gainetik ordea, Gure Zirkuak apaltasunetik baina harrotasunez esan dezake bete dituela bere buruari uda honetarako jarritako erronka eta helburuak», diote.

Hauek dira taldeak iragarri berri dituen 10 saioak: irailak 2, 3, 4, 5, 6, 9, 10, 11, 12 eta 13an 19.00etan.

Sarrerak jada salgai daude interneten, www.gurezirkua.eus webgune berrian, eta Orion bertan, zirkuko txarteldegian, Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko berdegunean.