INFO

25 urte espetxean eman ondoren, azken hamarkada Cordoban, aske da Iñaki Alonso

Iñaki Alonso Portugaleteko presoa aske geratu da gaur goizean, 25 urteko espetxealdia guztiz agortuta. Euskal Herritik oso urruti egon da beti, hamalau urte Herreran eta hamar Cordoban, eta larrutik ordaindu du bere familiak.

Iñaki Alonso, senide eta lagunekin, Cordobatik atera bezain pronto. (Etxerat)

Cordobatik Portugaletera azkenik. 800 kilometro pasatxo egin beharko ditu gaur Iñaki Alonsok, eta berarekin batera Andaluziako hiri hartara iritsi diren senide eta lagunek, etxera berriz iristeko. Mende laurdeneko zigorra bukatu zaio honekin; amaieraraino bete behar izan du espetxealdia.

1995ean atxilotu zuen Ertzaintzak Iñaki Alonso, ETAren ‘Araba komandoa’ren aurka eginiko sarekadan. Agustin Almaraz eta Nerea Bengoa ere eraman zituzten.

Hasieran Carabanchelen giltzapetu zuten Alonso, 1996tik 2010ra Ciudad Realeko Herrera de la Manchan izan zuten eta azken hamarkada osoa Cordoban eman behar izan du. Beti urruti-urruti eta baldintzak bereziki gogorrak dituzten kartzeletan, gainera.

Isolamenduaren aurkako pankarta erakutsi dute Alonsok eta bera etxerako bidean laguntzera joan direnek, Cordobako harresiak atzean utzi bezain laster, Etxerat-ek zabaldu duen irudian.

Berak ez ezik, bere familiak ere larrutik ordaindu du 25 urteko zigor hau. 2012an istripu larria izan zuen bere arrebak, beste bi pertsonekin Cordobatik zetorrela. Buruan kolpe gogorra jaso zuen eta beste biek ere zauri arinagoak. 2016. urtean Etxeratek eta Sarek salatu zutenez, bere amak azkenezkoz egin zion bisita Iñaki Alonsori, jada ezinezkoa zitzaiolako Cordobaraino joatea, eta aitak urtean bi-hiru aldiz baino ezin zuen bidaia osatu.