INFO

Ipar Euskal Herriko hautetsiak Parisera joango dira euskarazko hezkuntza defendatzera

Hiriburuko eskola publikoan euskarazko murgiltze eredua ematearen debekuak, gure hizkuntzaren kontrako eraso arriskutsu gisara ikusi du Ipar Euskal Herriko euskalgintzak, orain arte lortutako hainbat aitzinamendu zalantzan jar ditzakeelako etorkizunean. Horren inguruan negoziatzeko zenbait hautetsi eta parlamentarip Parisera joango dira astelehenean Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin negoziatzera.

Bernart Etxepare lizeoko ikasleak euskarazko hezkuntza defendatzen. (GUILLAUME FAUVEAU)

Haur hezkuntza euskaraz soilik egitearen debekua Hiriburuko eskola publiko bakar bati badagokio ere, orain arte eredu horretan dauden beste eskolak arriskuan jar ditzakeen ustetan Ipar Euskal Herriko euskalgintzan eta hautetsien artean kezka handia sortu du. Akitania Berriko eta Pirineo Atlantikoetako hezkuntza arduradunekin negoziaketek aurrera egiten ez zutela ikusita, astelehenean Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi Parisera joango dira.

Ministerioarekin negoziatzera joanen den ordezkaritza Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak, Alain Iriart Hiriburuko auzapezak, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariek eta Vicent Bru diputatuak osatzen dute.  

Euskarazko hizkuntza euskaraz soilik Ikastolen Federazioak ematen badu ere, azken hamarkada honetan hezkuntza publiko eta pribatuan haur hezkuntza euskaraz osorik eskaintzen duten eskolen kopuruak gora egin du etengabe. Eredu publikoan hori egin ahal izateko esperimentazio estatus berezia behar da, eta orain arte, arazo teknikoak zituzten eskaerak kenduta, beti onartua izan da esperimentazio formato hori.

Argudio politikoak

Aurtengo ikasturteari begira, beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen dituen eskaera egin zuen Hiriburuko Baste Quieta eskolak, baina arrazoi politikoak argudiatuta, ezezko erantzuna jaso zuen. Arrazoi horiek politikoak izanik, orain arte esperimentazio ereduan dauden beste eskola guztiak arriskuan jar daitezkeela ikusirik, Ipar Euskal Herriko euskalgintza eta hautetsien gehiengo handia erabaki horren kontra altxatu du.

Frantsesa errepublikako hizkuntza ofizial bakarra izanik, murgiltze eredua legearen kontra izan daitekeela argudiatu dute hezkuntza erakudeek Pauen eta Bordelen.

Euskal Elkargoko hautetsiak kontra agertu ziren, eskolako gurasoek sinadura bilketa abiatu dute, Euskararen Erakunde Publikoa ere suposa dezakeen arriskua salatu du, zenbait sindikatuk bere sostengua erakutsi dute, eta Seaskak ere bere sostengua erakutsi dio murgiltze eredu publikoari, besteak beste.

Antton Curutcharry, Euskal Elkargoko Euskararen eta gaskoiaren hizkuntza politikoez eta kulturaz arduratzen den presidenteordeak, GAUR8ri aurreko astean eskainitako elkarrizketan, deliberoaren arriskua nabarmendu zuen: «Segur da hau eraso bat dela, aspaldian ukan ez genuen bezalakoa. Zeren eta murgiltzen sistema zalantzan ematen baldin bada, erran nahi du, gutxi gora behera, sortuak diren beste murgiltze sistema guztiak, potentzialki zalantzan ematen diuztela».