INFO

‘Zine jaialdiei buruzko begirada kritikoak’ EHUren Uda Ikastaroa datorren astean egingo da

Donostia Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ikastaroaren aurrez aurreko modalitateko lekuak agortu egin dira, baina oraindik matrikula egin daiteke ikastaroa 'online' modalitatean zuzenean egiteko.

Zinema jaialdien atal desberdinen inguruan arituko dira adituak. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

UPV/EHUk zinema-jaialdien inguruko uda ikastaroa antolatu du datorren asterako. ‘Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika’ izena darama eta irailaren 1a eta 3aren artean ospatuko da Zinemaldia, Elias Querejeta Zine Eskola eta Gipuzkoako Aldundiaren ekimenez.

Hitzaldiek nazioarteko zinemajaialdien historia aztertuko dute, eta aldaketa sozial eta politiko garaikideekin duten lotura, eta mahainguruetan, aldiz, zinema jaialdion orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidarentzako lekua egongo da.

Ikastaroaren zuzendaria Pablo La Parra Perez izango da, EQZEko ikerketa saileko arduraduna eta ‘Zinemaldia 70. Historia posible guztiak’ proiektuaren ikertzaile nagusia bera. Bere hitzaldian, La Parrak ‘68 luzearen hausturak’ izango ditu hizpide, eta, bereziki, Zinemaldia Trantsizioan izango da hizketagaia: ‘Zinemaldiaren 68 berantiarra’. Caroline Moine ikertzaileak (Versailles Saint-Quentin-en-Yvelines Unibertsitatea) ‘Zinema eta Gerra Hotza eta Zinema-jaialdien jaiotza Alemania zatitu batean’ izango ditu hizpide, eta Aida Vallejok (UPV/EHU), aldiz, ‘Zinema-jaialdien ugaritzea maila globalean’ eta «emanaldi eredu espezializaturako» joera izango ditu hizpide, zinema dokumentaleko jaialdietan arreta jarrita.

Zinema jaialdiei buruzko ikerketa kritiko eta konparatua hiru mahai-ingururekin osatuko da. Paz Lazaro, Berlinaleko hautapen batzordeko programatzailea, eta Marta Selva, Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiaren zuzendaria, feminismoaz eta jaialdietako genero arrakalaz ariko dira; Charlotte Serrand Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldiko hautesleak eta Victor Iriarte Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programaren arduradunak zinema-jaialdien XXI. mendeko programazio-erronkak aztertuko dituzte; eta Alejandro Diaz Castañok (FICX Gijón), Vanesa Fernandez Guerrak (ZINEBI) eta Jose Luis Rebordinosek (Donostia Zinemaldia) estatu espainiarreko zinema-jaialdien erronkak eta ikuspegiak izango dituzte hizpide. Moine, Serrand eta Selva ez dira Donostiara bertaratuko eta telematikoki hartuko dute parte.

Zinema ikerketako eta -industriako profesionalen bilgune honen xedea da zinema-jaialdien gaineko eztabaida sustatzea, ikuspegi kritiko, historiko eta konparatuan oinarrituta, zinema jaialdien, zinema kulturaren eta aldaketa historiko eta sozial nagusien arteko lotura ulertzeko. Azterketa-kasuak landuko dituzte, nazioarteko zinema jaialdien artxiboen gainean egindako ikerketak oinarri hartuta, jaialdion eginkizun politikoari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko.

Lekuak agortu egin dira aurrez aurreko modalitatean, baina oraindik matrikula egin daiteke ikastaroa Zoom bidez zuzenean egiteko.