INFO

Montenegron gobernuaren garaipen pirrikoa porrot parlamentarioa bilakatu daiteke

Milo Djukanovic Montenegroko agintari gorenaren alderdiak hauteskundeak irabazi ditu, beti bezala, baina garaipen estu eta pirrikoak ez dio Parlamentuan gehiengoa bermatzen. Gobernuak Eleiza Ortodoxo Serbiarrarekin izan duen talkak (auzi erlijioso eta geopolitikoa) eta boterean 25 urte inguru bete dituzten politikarien korrupzioak eta klientelismoak eragin zuen haserreak baldintzatu dituzte hauteskundeak.

Dabid Lazkanoiturburu (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Montenegron aspalditik agintzen duen Milo Djukanovic presidentearen DPS (Sozialisten Alderdi Demokratikoak) bozen %35a eta 30 eserleku lortu ditu Parlamentuan igandeko hauteskundeetan.

Serbiaren eta Errrusiaren aldekoa den Fronte Demokratikoak (DF) sortu duen «Montenegroren Etorkizunaren Aldeko oposizio-koalizioak bozen %32,5 eta 27 diputatu lortu ditu.

Mendebaldearen aldekoa den Djukanovicen DPS alderdiak hauteskunde guztiak irabazi ditu Yugoslavia desegin eta Montenegrok independentzia aldarrikatu zuenetik, 2006an.

Oraingoan ere irabazi du, emaitza estu-estuak izanda ere. Garaipen pirrikoa izan da eta azkenenan porrota bilakatu daiteke. Izan ere, zentro-ezkerreko oposizioak, Demokratak, bozen %12.5a eta 10 eserleku lortu ditu.  «Txuriaren gainetik Beltza» alderdi opositoreak %5,7%a  eta 4 eserleku izango ditu. Alderdi guzti hauek bilduko balira Parlamentuan gehiengoa juxtu-juxtu lortuko zuten (80tik 41 diputatu) eta DPS oposizioan geratuko litzateke.

Hala ere, hortxe-hortxe egongo dira gauzak. Izan ere, Djukanovicek gutxiengo albaniarraren bi alderdien eta Sozialdemokraten babesa izango luke, Parlamentuan sartzeko gutxieneko %3a lortu dutelako.

Gainera, ez da samurra izango Demokratak alderdiak, «Bakea da Gure Aberria» koalizioaren babesean aurkeztu dena, alderdi paneslaviarra eta eskuindarrarekin akordio batera heltzea. Izan ere, Demokratak NATOren barruan jarraitzearen aldekoak dira.

Eleiza Ortodoxo Serbiarra

Hauteskunde hauetan erlijio kontuak izan dira nagusi, hori bai, geopolitika izkutatzen duten erlijio kontuak.

Gobernuak Erlijio Askatasunaren Legea onartu zuen 2019an, erlijio komunitateen ondasunak  Estatuaren ondare izendatzeko aukera ematen duena.

Serbiako Eleiza Ortodoxo Serbiarra  (SPC) aurka azaldu zen eta oposizio paneslaviarrak bat egin du azken hilabeteetan egin diren protestekin eta pope ortodoxoek deitu dituzten manifestazioekin.

CPS-ak ehunka eliza eta monastegi ditu Montenegron, bere egoitza Belgraden dagoelarik. Baina ondasun-auziaren atzean gakoa beste bat ere bada. Podgorikako Gobernuak Eleiza Ortodoxo Montenegriarra bultzatu nahi du. Montenegriarren %70ak kristaua dela dio inkestetan.

Antzerako auzia dago Ukrainian, bertako eleizaren eta Errusiakoaren artean. Auzi geopolitikoa, beraz, kontu erlijiosoa ahaztu gabe.

2011 egin zen erroldaren arabera, Montenegron bizi den %30ak serbiartzat du bere burua eta Serbiaren (eta Errusiaren) itzala gainean du 620.000 biztanle dituen errepublika balkaniar txikiak.

DPSren gobernua, ordea, Mendebaldera begira dago. Montenegro NATOren kide bilakatu zen 2017an eta 2025erako Europako Batasunean sartzeko itxaropena du.

Korrupzioa eta klientelismoa

Ez da eleiza ortodoxoen inguruko auzia hauteskundeetan izan den bakarra. Gobernuaren korrupzioak, klientelismoak eta keiñu autokratek jende askorengan haserrea eta asperdura eragin dute. Horrela, bada, hauteskundeetan parte hartzea historikoa izan da, %75ekoa.

Paradoxikoki, Gobernua mendebaldearen aldekoa baldin bada ere, Errusiako magnateak jaun eta jabe dira Montenegron eta mafia eta izkutuko ekonomia eguneroko kontua dira.

Ekonomia ere gogor astindu du koronabirusaren pandemiak, batez ere turismo arloa, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %25a suposatzen duena. Langabezi tasa ofiziala %18koa da.

Erreforma zalea batzuentzat, autokrata korruptoa besteentzat, Djukanovic-ek Montenegron agintzen du 90. hamarkadatik. Garai hartako Komunisten Ligaren agintaria izanik, Slobodan Milosevic agintari serbiar zenduarekin bat egin zuen hasieran baina gero aldendu egin zen, batez ere Kosovako gerraren inguruan, eta Montenegro Serbiatik aldentzeko prozesua gidatu zuen.

Dena den, igandeko hauteskundeetan ez zegoen jokoan bere postua. Presidentetzaren bigarren agintaldia betetzen ari da, 2023ra arte. Aurretik lau aldiz izan da lehen ministro.

Hala ere, Djukanovic buru-belarri sartu da hauteskunde-kanpainan eta Montenegroren «soberania mehatsupean» dagoela salatu du, oposizioa «nazionalismo panserbiarraren infanteria politikoa» dela iragarriz. «Suntsiketa, traizioa eta sumisioa bultzatzen (…) Montenegro desagertaraztea nahi dute».