Iratik bere gurasoekin Euskal Herrian bizitzeko duen eskubidea aldarrikatuko dute itsasadarrean
Bere gurasoak Aranjuezeko kartzelan dituen bi urteko haurraren egoera salatzeko eta hirurak Euskal Herrira etor daitezen eskatzeko, Bilboko itsasadarretik martxa bat deitu du ‘Irati gurasoekin Euskal Herrira’ herri ekimenak irailaren 12rako.
Irati 2018ko martxoaren 8an jaio zen Aranjuzeko espetxean eta aita eta ama bertan ditu preso. 2021ean 3 urte beteko ditu, eta espainiar legediak agintzen du haurrak 3 urte betetzean bere gurasoengandik banatu behar dela.
Horregatik, Irati eta bere gurasoen eskubideak bermatzeko, eta sakabanaketak ezartzen dituen arriskuak saihesteko, Irati eta gurasoak Zaballako espetxera ekartzea exijitzen du ‘Irati gurasoekin Euskal Herrira’ Bilboko Alde Zaharreko herri ekimenak.
Halaber, Zaballako espetxea amatasuna eta aitatasuna zein haurren eskubideak errespetatuak izan daitezen prestatzea eskatzen dute, hau da: Modulu mistoa zabaltzea eta Euskal Herriko espetxeen menpeko pisuak irekitzea, erregimen irekikoak.
«Finean, haurren zein gurasoen eskubideak bermatuko dituen espetxe-politika aplikatzea eskatzen dugu», diote.
Hori aldarrikatzeko, irailaren 12rako Bilboko itsasadarretik martxa bat deitu du plataformak. Ibilaldia piraguan izango da eta 12.00etan abiatuko da Itsas Museotik. Bi orduko ibilbidea izango da, 10 orduko taldeetan, eta maskara eraman behar izango da.
Parte hartzeko 8 euroren truke eman behar da izena Errondabide Kultur Elkartean (BilbokoAlde Zaharrean) edo plataformaren sare sozialen bidez.