INFO

‘Hitza da giltza’ lemapean ospatuko da aurten Literaturia

Literaturia irailaren 25etik 27ra bitartean ospatuko da Zarautzen. ‘Atea’ gaitzat hartuta eta ‘Hitza da giltza’ lemapean garatuko da letren jaialdia eta EIZIE elkartea eta Leire Bilbao idazlea omenduko dituzte.

Literaturia gaur aurkeztu da Zarautzen. (Jon URBE | FOKU)

Udaberrian behar zuen, baina azkenean kasik udazkenarekin ospatuko da Literaturia jaialdia, beste hainbat ekimen bezala, Covid-19aren eraginei izkin egin nahian. Hala, irailaren 25etik 27ra bitartean, beste behin literaturaren plaza bilakatuko da Zarautz, ostegun honetan egin den aurkezpenean azaldu duten bezala, «uste baitugu ezinbestekoa dela krisi garaietan ere kultura egiten eta sustatzen jarraitzea».

Ohi bezala, aurtengo edizioa ere Zarauzko Udalarekin eta Zarautz Kulturarekin elkarlanean antolatu dute, eta berrikuntzekin dator. Liburu azoka Musika plazatik Lege Zaharraren enparantzara aldatu dute eta, lehen aldiz, karpa bakarrak bilduko ditu argitaletxe guztien postuak. Gainera, aste honetan iragarri den bezala, Ahotsenea sortzaileen guneak ere izango du bere lekua Literaturian. Ekitaldiak Modelo Aretoan eta Lege Zaharren enparantzan egingo dira eta antolakuntzak nabarmendu du bai azokan eta baita egingo diren ekitaldietan ere segurtasun neurri guztiak beteko direla.

Ohi bezala bi omendu izango dira Literaturian. Batetik Leire Bilbao idazlea eta, bestetik, EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea.

Egitaraua

Ostiralean 20.00etan (Modelo) abiatuko da Literaturia, Garazi Arrula idazle eta Txalapartako editoreak edizio honetarako idatzitako manifestuaren irakurraldiarekin. Ostean, Metrokoadrokak ‘Modelo baten bizitza sekretua’ antzerki-performancea eskainiko du (20.15, Modelo,7 euro).

Liburu azoka larunbatean irekiko da, 12.00ean, eta bertan egingo zaio EIZIEri omenaldia, «euskal literaturari egindako ekarpen handia» eskertzeko. Liburu azoka igandean ere irekita egongo da (12.00-13.30 eta 16.30-19.30 bitarteetan) eta bi egunetan zehar Ahotseneako aurkezpenak egingo dira bertan.

Larunbatean lau ekitaldi hartuko ditu Modelok. Lehenik, Mariano Hurtado eta Nerea Ariznabarretak ‘Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa’ eskainiko dute (11.00), ostean ‘Itzulpengintza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko’ mahai inguruan bilduko dira Idoia Santamaria, Beñat Sarasola eta Isabel Etxeberria (12.30). Arratsaldean Katixa Agirre idazleak eta Maite Larburu musikariak ‘Kax-kax-kax!’ ikuskizuna eskainiko dute (18.00, 2 euro) eta eguna Pettik kantari beratarrak itxiko du, Harkaitz Canoren letrekin egindako ‘Manipulazio estrategiak’ diskoaren aurkezpenarekin (22.00, 5 euro).

Modelo beste lau ekitaldiren lekuko izango da igandean. Leire Bilbaok ‘Ateko zirrikitutik’ ipuin kontaketa eskainiko du (11.00) eta, ostean, Literaturiaren oroigarria eskainiko zaio haur eta gazte literaturan egindako ekarpenagatik (12.00). Igandeko mahai inguruak Miren Amuriza idazle eta bertsolaria, Antton Olariaga komikigilea eta Aitor Arregi gidoilari eta zinema zuzendaria bilduko ditu ‘Literateak’ izenburupean (12.30), Mikel Soto moderatzaile dutela. Jaialdia Anari, Ruper Ordorika eta Jon Eskisabel musikariek itxiko dute, ‘Letragintza: hitza musikaren giltza?’ mahai inguruan (17.00).

Antolatzaileek dei egin diete literaturzaleei irailaren 25etik 27ra Zarautza hurbil daitezen eta, segurtasuna bermatze aldera, oharra ere egin nahi izan dute: «Etortzen den orok zorrotz bete beharko ditu ezarritako segurtasun neurriak».