INFO

Karlos Zabalak umore xelebrea proposatu du ‘C'est la vie kantatzen dute zaharrek’ nobelan

Anton Pla, 45 urte inguruko hondarribiarra, San Martzial egun batean atzeraka ibiltzen hasiko da. Hortik aurrera, eta inertziaz mantenduko duen jarrera horregatik, ospetsu bihurtuko da. Umorez bustitako pertsonaia sortu du Karlos Zabala itzultzaileak ‘C'est la vie kantatzen dute zaharrek’ (Elkar) bere lehen eleberrian.

LIburuaren azala. (NAIZ)

Itzultzaile gisa ezaguna, eskarmentu handikoa, bi aldiz irabazi du Karlos Zabalak (Irun, 1963) itzulpengintzako Euskadi saria; bat, 2005ean Emile Zolaren ‘Parisen sabela’ (Le ventre de Paris) lanarengatik; bestea, Ivo Andric idazlearen ‘Zubi bat Drinaren gainean’  itzulpenarekin. Nobela honekin, Andricek 1961ko Nobel saria eskuratu zuen.

Literatur sorkuntzako lanak ere argitaratu ditu; besteak beste, ‘Mende akabera’ poesia lanarekin Irun Hiria literatur saria irabazi zuen poesiaren alorrean, eta baita haur eta gazte literaturako Lizardi saria ere ‘Karakol txikiren ipuinak’ ipuin-bildumarekin.

Orain, eta hamabost urte buruan buruan bueltaka izan ondoren, bere lehen eleberria argitaratu du Elkar argitaletxean. Ostiral honetan egin den aurkezpenean Xabier Mendiguren editoreak aitortu duenez, lehen irakurketan «barre eta barre egin nuen, eta hori euskal literaturan oso gutxitan geratzen den zerbait da. Gauza gutxi izaten da umorezkoa, errazago jotzen dugulako gure drametara eta minetara». Mendigurenen hitzetan, liburuari dariona zera da «alaitasuna eta bizi poza».

Erreferente literarioz josita, batez ere bi dira aipatu ditu egileak; Italo Calvinoren ‘El barón rampante’ (1957) klasikoa –Cosimo protagonista zuhaitz batera igo eta ez du gero sekula lurra ukituko– eta Nathaniel Hawthorneren ‘Wakefield’.

Karlos Zabalaren Anton Pla euskalduna da, hondarribiarra, bi seme-alaben aita, lehen lorezain eta orain finka-administratzaile; larunbatetan aita alargunari bisita egiten dio Lesakan eta igande goizetan bere lagun Kinkori taberna garbitzen laguntzen dio Irunen. Gizon arrunta, inon arruntik bada, xehetasun txiki batengatik ez balitz: egun batez, hartarako arrazoi zehatzik eta bultzada jakinik gabe, atzeraka ibiltzen hasiko da.

Xelebrekeria moduan hasi, eta azken muturreraino eramango du burutazioa Antonek, eta gauza bera nobelaren egileak: hari-muturretik tiraka, pertsonaiari segika ibiliko da hiru bat astez, une oro gertatzen eta bururatzen zaizkionak kontatuz, eleberri umoretsu bezain harrigarria onduz.

Baina nor da Anton Pla benetan? Ustekabean famatu bihurtzen den inuzentea? Pailazo sakratuen moduan gizartearen arauak zalantzan jartzen dituen transgresorea? Paradoxikoa, kaotikoa, xaloa, sarkastikoa, adar-jotzailea, zentzugabea… Ezaugarri horiek guztiek definitzen dute pertsonaia, zeinak, gure ispilu deformatzailea balitz bezala, noiz barre lasaia noiz irri urduria eginaraziko digun.