INFO

Banatu dira Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak

Maialen Diaz eta Markel Hernandez, hurrenez hurren, euskara eta gaztelaniazko antzerkiaren alorrean, eta Mikel Ayllon eta Ruben Fernandez, euskara eta gaztelerazko kontakizunen atalean, dira Donostia Hiriko Kutxa Sarien irabazleak.

Sariak larunbat honetan banatu dira Tabakaleran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

LV Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak banatu dituzte larunbat honetan hiriburu gipuzkoarreko Tabakalera arte garaikidearen zentroan egin den ekitaldian. Sariketak euskarazko eta gaztelaniazko narrazio eta antzerki obrak saritzen ditu.

Euskazko lanei dagokienez, kontakizun-liburu onenaren saria Mikel Ayllon Corral bilbotarraren ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ lanak jaso du eta euskarazko antzerki obra onenarena, bere aldetik, Maialen Diaz Urrizak, sariketara Madrildik bidali duen ‘Herri hura’ antzezlanari esker.

Gaztelaniazko lanei dagokienean, berriz, kontakizun-liburu onenaren saria Madrilera joan da, Ruben Fernandez Abellaren eskuetara, ‘Quince llamadas perdidas’ proposamenari esker. Antzerkiaren alorreko saria, azkenik, Markel Hernandez Perez bizkaitarrak jaso du, ‘Vivir de alquiler’ lanagatik.

683 obra orotara, 27 euskaraz

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 55. ediziora 683 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 656 gaztelaniazko kontakizun eta antzerki modalitateetan, eta 27 euskarazko kontakizun eta antzerki modalitateetan. Lehiaketa honetako sariak 15.000 euro eta garaikurra dira antzerki modalitateko irabazleentzat, eta 10.000 euro eta garaikurra kontakizun-liburu modalitateko irabazleentzat.