Uriz Pi ahizpa nafarrak
Pepita eta Elisa Uriz Pi Badostainen sortu ziren, 1883an eta 1893an. Garaiko hezkuntza estua laxatzeko eta iraultzeko sekulako lana egin zuten, Europako puntako erreferente berritzaileetatik ikasiz. Faxismoaren kontrako borrokan sendo jardun zuten eta munduko lehen erakunde feministetan pisu handia izan zuten. Urrats sendoko bi ahizpa nafar, mundu mailako garrantzi historikoa izanagatik, ezezagun samarrak orain arte.
Pepita eta Elisa Uriz Pi. Badostainen (Nafarroa) jatorria zuten bi ahizpek mundu mailako protagonismo historikoa lortu zuten, beren bizitza osoan pauso sendoz egin zutelako faxismoaren kontra, feminismoaren alde, haurren eskubideen defentsan eta pedagogia berriaren eraikuntzan. Pepita, zaharrena, Badostainen jaio zen 1883. urtean. Elisa, Tafallan, 1893an. Haurrak zirela familia osoa Madrila joan zen bizitzera eta ez ziren bueltatu Nafarroara. Baina beti esaten zuten euskal herritarrak zirela eta hala jasota geratu da garai hartako beren lagunen memorian ere, Parisen bezala Berlinen. Alemanian zendu ziren biak.
Benito Uriz Erro, bi ahizpen aita, espainiar armadako kapitaina zen. Ama, Filomena Pi Cespedes, Kataluniako merkatari baten alaba. Kubako gerran ezagutu zuten elkar. Lau seme-alaba izan zituzten; Pepita, Miguel, Francisco eta Elisa. Baina bizitzaren gorabehera mikatzak tarteko, Pepitak eta Elisak bakarrik egin behar izan zuten bizitzaren parte handiena; bi anaiak gazte hil ziren eta gurasoak ere goiz joan zitzaizkien.
Elisa ezkondu egin zen, baina nahi baino lehenago alargundu ere bai. Antonio Sese Kataluniako buruzagi sindikal garrantzitsuarekin ezkondu zen 1930. urtean Tarragonan. 1937an Antonio Sese Lluis Companysen Gobernuko Lan Saileko buru izendatu zuten. Generalitatera kargua hartzeko bidean zihoala, Sese zeraman autoa tirokatu eta hil egin zuten. Oraindik ez da argitu eraso horren egiletza. Elisa Uriz Pi alargun geratu zen eta ahizparen ondoan egin zuen bidea ordutik aurrera. Arrazoi bat edo bestea izan, Pepita eta Elisa elkarren ondo-ondoan egon ziren bizitza osoan.
Esan bezala, XX. mendea hasi berritan Badostaindik Madrila mugitu zen familia osoa. XIX. mende amaiera hartan ohikoa zen baino giro irekiagoan haziak izan ziren bi ahizpak eta gurasoek unibertsitate mailako ikasketak egitera animatu zituzten, nahiz eta garaian ohikoagoa zen alabak senar on bat lortzera eta seme-alabak ilaran ekartzera bultzatzea. «Ez daukagu datu zehatzik, baina badira pistak. Pentsatzekoa da bere aitak ideia liberalak zituela. Lehen urteetan ere joera sozialista zuten eskola laikoetan aritu ziren. Oso umetatik etxetik ideologia oso aurrerakoia jaso zuten», azaldu du Manuel Martorell historialariak. Uriz Pi ahizpen inguruko liburu bat osatua du.
Pepitak eta Elisak Madrilgo Irakasleen Eskolan egin zituzten ikasketak lehendabizi eta Irakasle Ikasketen Goi Mailako Eskola sortu berrian ondoren. Bien artean hamar urteko aldea zegoen eta esan daiteke Pepitak irekitako bidean segitu zuela Elisak. «Pepita aurretik zihoan beti, denean. Elisak ahizpak urratutako bide guztiei jarraitu zien, baina gazteagoa zenez, azkenerako ahizpa zaharrenak baina ekimen nabarmenagoak gauzatu zituen. Adibidez, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean eta erbesteratutako emakumeen antolaketa hasi zenean –Emakume Antifaxisten elkarteak, Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoa...–, Pepitak dagoeneko dezenteko adina zuen. Elisa gazteagoa zen eta ahizpa zaharragoa ordezkatu zuen protagonismo sozial eta politikoari dagokionez», iritzi dio Martorellek.
Pepita bere promozioko lehena izan zen eta karrerako sari berezia ere jaso zuen. 1914. urtean, Gironako Pedagogiako Normal Eskolako irakasle izendatu zuten. Bertan liburutegia sortu zuen eta ikasleen lehen elkartea bultzatu. 1921. urtean Lleidako emakumeen Normal Eskolara mugitu zuten. Elisa, bere aldetik, Tarragonako Normal Eskolako musikako irakasle izendatu zuten 1922. urtean.
Pedagogia berriei begira
Uriz ahizpek gertutik jarraitzen zieten XX. mendearen hasiera hartan pizten ari ziren korronte pedagogikoei. Europa mailan sortzen ari ziren proiekturik berritzaileenatik edaten zuten eta ideia iraultzaile horiek praktikan jartzen zituzten lan egiten zuten Irakasle Eskoletan. Mende erdi aurreratu ziren “eskola modernoa” deitzen dena garatzeko eta gaur egun erabat onartuta dauden ideia pedagogikoak defendatu zituzten. Aitzindaritza horrek, baina, arazo dezente sortu zizkien garaiko jendarte itxian.
Bi ahizpa horien ibilbidean garrantzi handia izan zuten Irakaskuntza Librerako Erakundeak eta Ikasketa eta Ikerketa Zientifikoak Zabaltzeko Batzordeak. Horiek emandako bekei esker egin zuten aurrera beren ikerketa pedagogikoetan. Beka horiei esker Pepitak egonaldiak egin zituen Belgikan eta Parisen, puntako pedagogoen proposamenak lehen lerrotik ezagutzeko. Elisa, berriz, Genevara joan eta handik bueltan eraman zuen gimnastika erritmikoa irakaskuntzan txertatzeko proiektua.
Begirada iraultzailea
«1920 inguruan kokatu behar dugu egoera ulertzeko. Uriz Pi ahizpek beren azalean sufritu zituzten garaiari lotutako prozesuak. Pepita Urizen kontrako txosten batean jasotzen denez, ikasleak biluzik joaten ziren pasilloetan eta orgia sexualak egiten zituzten. Pentsa nola jartzen zituzten. Uriz Pi ahizpek hezkuntzara ekarri nahi zituztenak erabat normaltzat jotzen ditugu gaur egun, baina bere garaian sekulakoak ziren. Adibidez, neskatoak gimnastika erritmikoa egiteko, kirola egiteko galtzamotzak eta kamisetak janztea, eskandalagarri ikusten zen. Eskolan gimnasia edo dantza egitea, neskak eta mutilak elkarrekin jartzea, liburu alternatiboak irakurtzea... Uriz Pi ahizpek txertatu nahi zituzten metodoak oso iraultzaileak ziren».
Eta begirada iraultzaile hori ez zitzaien doan atera. Lleidako eskolan berehala izan zituen arazoak Pepitak, haren irakaspenek sutan jarri baitzituen eskolako zuzendaria eta lankide batzuk eta Lleidako ahots kontserbadoreenak. Lleidako Familia Buruen Elkarte Nazionalak aurki eskatu zuen Pepita Uriz Pi kaleratua izatea. Haien esanetan, «Estatuaren erlijioaren eta kristau moralaren kontrako doktrinak zabaltzen ditu eta ikasleak lotsarazten ditu, modu gordinean eta arbelean marrazki eta guzti azaltzen baitie zer den sifilisa, zeintzuk diren ugalketarako organoak eta, era berean, emakumeak bere gorputza nahi bezala erabiltzeko duen eskubideaz hitz egiten die».
Josep Miralles apezpikuak, berriz, Bartzelonako Unibertsitateko errektorearen aurrean Pepita Uriz Piren kontrako salaketa jarri zuen bere ikasleei «moral zalantzagarria» zuten liburuen irakurketa agintzen omen zielako. Diziplina espedientea zabaldu zuten Pepita Uriz Piren kontra eta erabaki horrek hautsak harrotu zituen puntako hainbat intelektualen artean. «1921ean gertatu zen prozesu hori. Espainiako intelektual sonatuek –Santiago Ramon y Cajal, Miguel Unamuno, Antonio Machado, Manuel Bartolome Cossio...– idatzi bat argitaratu zuten Pepita Urizen defentsan eta katedra askatasunaren alde. Horrek guztiak garaiko Hezkuntza ministroaren dimisioa ekarri zuen», kontatu du Martorellek.
Badostaingo ahizpek Katalunian osatu zuten nagusiki beren ibilbide pedagogikoa. Bertan borborka zegoen mugimendu berritzailearen parte aktibo izan ziren Pepita eta Elisa. Irudikatzen zuten eskola horrek haurren formakuntza intelektuala, morala eta orokorra bultzatu behar zuen; desberdintasunak ezabatu behar zituen jatorrian eta helburuetan; ikasleak mendeko izatetik herritar izatera bultzatu behar zituen; begirada kritikoa garatu behar zuten. Herria berritzeko, eskola berritu beharra zegoen. Eta katalanez ikastea defendatzen zuten.
Berritzailek ziren, era berean, hezkidetza defendatzen zutelako. «Pepita Urizek, berak zuzendu zituen zentroetan, saiakera egin zuen nesken eta mutilen klaseak batzeko». Horrez gain, irakaskuntzan jarduten zuten langileen eskubideak eta duintasuna defendatzea ere helburu garrantzitsua zen. Eta Kataluniako hezkuntzako langileen sindikatu nagusian parte hartu eta bertako lehendakari izatera iritsi zen.
1950eko hamarkadan Nazio Batuen Erakundeak Haurren Eskubideen Adierazpena eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zituen. Horretan parte handia izan zuen Elisa Uriz Pik. «Elisak modu sutsuan defendatu zituen beti haurren eskubideak. Emakume Espainolen Elkargoan lehenengo eta Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoan ondoren, indar handiz bultzatu zuen haurren eskubideak aldarrikatzeko beharra. Eta eskaera hori NBEra iritsi zen elkarte horien bidez. Baina hori betidanik haurrekin egin izan zuten lan pedagogikoaren emaitza zen, ondorioa. Europan sortzen ari ziren ideia pedagogiko berrienak Espainiara ekartzen ahalegindu ziren», esan du Martorellek.
Gerrako haurren osasuna
Bide beretik 1936ko gerran lan garrantzitsua egin zuten maila sozialean. Beste irakasle eta herritarrekin batera –emakumeak nagusiki– “Ajut Infantil a Reraguarda” izeneko ekimena sortu zuten. Hartara, ehunka udaleku atondu zituzten gerratik ihesi zebiltzan haurrei babesa eta jatekoa emateko. Astero haurren pisua kontrolatzeko ekimenak ere bultzatu zituzten, haur bakoitzari bere osasun fitxa lepotik zintzilik jarriz.
Emakumeen eskubideen defentsan ere irmo aritu ziren Pepita eta Elisa. 1934an Katalunian Emakume Antifaxisten Elkartearen sorrera bultzatu zuten eta 1937an “Emakume Espainolen Manifestua” sustatu zuen Elisak. Bertan mundu osoko emakumeei laguntza eskatzen zien «gure seme-alabak ez daitezen gosez eta hotzez hil».
1946. urtean Parisen argitaratzen hasi zen “Mujeres Antifascistas Españolas” aldizkarian parte hartze garrantzitsua izan zuen Elisak eta 1940ko eta 1950eko hamarkaden bitartean pisu nabarmena izan zuen Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoan (FDMI).
«Elisa FDMI erakundeko zuzendaritzako kide izan zen. Hori izan da ikerketan topatu dudan beste ezustekoetako bat. Emakumeen eskubideen alde mundu mailan inoiz existitu den erakunde garrantzitsuena da. Desklasifikatutako 1962. urteko CIAren txosten batean maila berean jartzen dituzte Dolores Ibarruri eta Elisa Uriz. Emakumeen mundu mailako erakunde horri buruzko txosten batean jasotzen denez, federazio horretan Espainiako emakumeak ordezkatzen dituztenak Dolores Ibarruri lehendakaria eta bere bigarrena, Elisa Uriz, dira», nabarmendu du Manuel Martorell historialariak.
Mundu ikuskera oso zabala zuten. Esaterako, Elisa homosexualitatearen alde azaltzen zen, hori egitea batere samurra ez zen garaian eta jendartean. «FDMI erakundea azkenean hautsi egin zen, arrazoi asko tarteko. Federazioaren barruan sortu ziren eztabaidetako bat hori izan zen hain justu: zein jarrera hartu homosexualitatearen aurrean. Italiarrak, beti aurreratuagoak eta irekiagoak zirenak, lesbianismoa onartzen zuten. Aldiz, sektore sobietar gogorragoa kontra agertzen zen. Elisa Uriz berez sektore sobietar gogorrago horren baitan zegoen, baina homosexualitatearen gaian italiarren alboan kokatu zen. Berak onartu egiten zuen», kontatu du Martorellek.
Gaineratu duenez, ez zen izan Elisak italiarrekin bat egin zuen aldi bakarra. «Elisak munduko emakume guztien historia idaztea proposatu zuen FDMIn. Afrikako eta Asiako erakundeekin lanean hasi zirenean, ordezkaritza bakoitzari enkargu bat egin zioten: haien herrialdean emakumeek bizi duten egoeraren inguruko txosten bat egitea. Horrela, FDMIko artxiboetan mundu osoko txosten mordoa pilatu zuten. Hori ikusita, Elisak proposatu zuen lehen aldiz munduko emakumeen historia osatzea. Italiarrek Elisaren proposamena babestu zuten, baina txinatarrak eta errusiarrak erabat kontra agertu ziren, emakumearen historia langile klasearen historiaren parean idatzi behar zela uste baitzuten. Elisak bere idatzietan jasotzen duenez, asko harritu zuen jarrera hark, baina bere proposamenak nahikoa babes ez zuela ikusita, albo batera utzi zuen ideia».
Frantziara ihes
Alderdi komunistan militatu zuten bi ahizpek eta ardura postuak izan zituzten hainbat elkarte antifaxista eta komunistatan. Frankistek Bartzelona hartu zutenean, Frantziara ihes egin zuten, 1939an. «Frantzian errefuxiatuei laguntzera bideratu zituzten beren indarrak, eta iheslariei kontzentrazio esparruetatik ihes egiten lagundu zieten. Harrapatuta geratu ziren Frantzian eta faxismoaren kontrako borrokan jarri zuten arreta osoa».
Kontzientzia politiko sendoa zuten. Frantziako Erresistentziako lehen taldeetan pisu handia izan zuten. «Oso-oso garrantzitsuak ziren. Parisen zeuden Erresistentziako kide espainiarren bozeramaileak ziren nafar ahizpak. Hori izan zen niretzako aurkikuntzarikhandiena. Hortik tiraka jakin nuen oso-oso garrantzitsuak zirela beste hainbat arlotan ere», azaldu du historialariak.
Frantziako Erresistentzian Josep eta Conrad Mireten taldekoak ziren Uriz Pi ahizpak. 1942an Gestapok taldea atxilotu zuen, baina Pepitak eta Elisak alde egitea lortu zuten. Conrad Miret bortizki torturatua izan zen eta Josep Miret naziek erail zuten.
1951n Frantziatik kanporatu zituzten beren militantzia komunistagatik eta Berlin sobietarrera joan ziren bizitzera. Biak han zendu ziren, Pepita 1958an eta Elisa, 1979an.
Badostainen omenaldi xume batekin hasi zen dena
Manuel Martorell historialariak Jesus Monzon buruzagi komunista nafarraren biografia berreskuratzeko lanetan ari zela jakin zuen Uriz Pi ahizpen garrantzia historikoaren berri. Ezusteko ederra izan zen. «Hasiera batean jakin nuenez, XIX. mende amaieran Nafarroan jaiotako bi ahizpa izan ziren, hezkuntza grina handiz bizi zutenak eta konpromiso sozial eta politiko sendoa zutenak. Zaharkitutako hezkuntza sistema espainiarra berritzeko egin zuten lanaren erreferentzia ugari topatu nituen. Emakumeen eskubideen defentsan Estatuan sortutako lehen elkarteetan kokatzen zituzten idatziak ere topatu nituen. Baina Manuel Azkaratek, Frankismoan PCE alderdiaren kanpo politikaren arduradun nagusiak, lagundu zidan ahizpak kokatzen».
Azkaratek Miret anaien alboan kokatu zituen Uriz Pi ahizpak, Parisen Frantziako Erresistentziako lehen taldeetan. Hariari tira eginez jakin zuen Martorellek FDMI (Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoa) erakundean oso parte hartze garrantzitsua izan zutela eta Elisaren bultzadaz aldarrikatu zituela Nazio Batuen Erakundeak Haurren Eskubideen Adierazpena eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna 1950eko hamarkadan.
«Pepitaren eta Elisaren bizitzak sekulakoak izan ziren eta haien ekarpena izugarria nazioarte mailan. Hala ere, inork gutxik ezagutzen genituen».
Manuel Martorellek eskutitz bat idatzi zuen Badostaingo kontzejura bi ahizpen berri emanez. Zilegia iruditzen zitzaion gutxienez beren herrian omenaldi xume bat antolatzea. «Orduan sortu zen haien biografiak berreskuratzeko ideia. Asmoa erakusketa grafiko bat egitea zen, baina apenas zegoen materialik horretarako». Uriz Pi ahizpen ondorengoek utzitako argazki batzuk eta Berlindik iritsitako eskutitz sorta bat. Ez zegoen gehiago.
Berlingo helbide horien atzetik joatea bururatu zitzaion Martorelli, Badostaingo agintarien bultzadaz. Eta horrela, «kasik detektibe lana eginez», iritsi zen Olga Garcia Dominguezengana. Olga eta bere gurasoak –Isabel Dominguez eta Adolfo Garcia– izan ziren Elisak bere azken urteetan izan zuen familia bakarra. Bere ahizpa Pepita hil ondoren, bakarrik geratu zen Berlinen eta familia horrek eman zizkion laguntasuna eta babesa. Olga Garcia medikua da eta Elisaren azken egunak berak eta bere amak samurtu zituzten ospitalean bertan. Garciak ondo gordeta zituen Elisaren gauzak; idatziak, argazkiak, liburuak... Hortxe Uriz Pi ahizpen inguruko erakusketa grafiko bat osatzeko altxorra.
«Olga Garcia topatzea klabea izan da. Berari esker osatu ahal izan dugu erakusketa», nabarmendu du Martorellek. 2013an Badostaingo plaza nagusiari Uriz Pi ahizpen izena jarri zioten eta medikua bera etorri zen omenaldira. 2014an Sarrigurengo eskolari Josefa Uriz izena jarri zioten.
Eta hasieran erakusketa txiki bat zena liburu bihurtu zen gero. Manuel Martorell historialariak, Salomo Marques Gironako Unibertsitateko Hezkuntzaren Historiako irakasleak eta Mari Carmen Agullo Valentziako Unibertsitateko Hezkuntzaren Historiako irakasleak elkarrekin josi zuten “Pioneras, Historia y compromiso de las hermanas Uriz Pi”, Txalapartak argitaratua. Hasierako erakusketa txiki hura lau hizkuntzatan topa daiteke dagoeneko eta espero baino toki gehiagotara iritsi da; Euskal Herrian, Estatu frantsesean, Alemanian eta Katalunian nagusiki. Uriz Pi Elkartea ere sortu dute. Bertako buru da Alfonso Etxeberria, ekimena martxan jarri zen garaian Egues-Eguesibarreko alkatea zena eta proiektua grina handiz bultzatu duena.
Orain, Nafarroako Gobernuak bere egin du 2013an piztutako metxa hura eta datozen egunetan Uriz Pi ahizpen inguruko erakusketa zabalago bat inauguratuko du Iruñeko Planetariumean.
Martorellek aitortu duenez, helburua erakusketa Estatu frantsesean barna mugitzea da, zor historiko mingotsa sumatzen baitu. «Frantziak prestatutako jendea behar zuen alemaniarrak garaitzeko eta 36ko Gerran aritutako erbesteratuak ezinbestekoak izan ziren. Baina 1950. urtean, Bolero-Paprika operazioa martxan jarri eta ehunka militante komunista kanporatu zituzten, inbasio sobietar bat prestatzen ari zirela leporatuz. Pepitak eta Elisak orduan alde egin zuten Alemaniako Errepublika Demokratikora». Martorellen ustez, Frantziaren jokabidea ez zen justua izan eta horrela jaso beharko luke Europako historia garaikideak. Historialariak uste du zauri hori samurtzen lagundu dezakeela erakusketak.