INFO

Diseinu grafikoak Getxoko autozinean du hitzordua

Getxoko autozineak hartuko du, irailaren 25ean, Serifalaris diseinu grafikoaren jaialdiaren 9. edizioa. Sektoreko lehen mailako profesionalak bilduko ditu Getxon, hala nola Oscar Marine, Coco Davez, Oscar Guayabero eta Vasava.

Getxoko autozineak hartuko du Serifalaris-en 9. edizioa. (NAIZ)

Serifalaris jaialdiak Estatu espainoleko diseinu grafikoan puntuaren puntan dauden diseinatzaileak biltzen ditu urteko Getxon. Aurten, pandemiak hala behartuta, jaialdiak bere burua berrasmatu eta segurtasun neurri bereziekin helduko dio 9. edizioari. Hala, irailaren 25ean, Getxoko autozinea bilakatu da jaialdiaren egoitzan eta sektoreko lehen mailako profesionalen hitzaldiak hartuko ditu. Urriaren 1, 2 eta 3an masterclassak izango dira branding eta marka-estrategiak erreferente den Folch estudioaren eskutik, baina horietarako sarrerak agortuta daude.

Jaialdia Marina Goñi eta Freskue estudioek antolatzen dute eta, azaldu dutenez, «aurreko edizioetan bezala, diseinu grafikoaren arloko azken joeretara eta sektorearen arrakasta kasuetara hurbilduko gara». Iaz, lehendabiziko aldiz, Muxikebarri Getxoko arte eta kultura kongresuen zentroan ospatu zen Serifalaris eta 450 pertsonatik gora bildu zituen. Pandemiak, baina, formatua murriztera derrigortu ditu antolatzaileak eta, segurtasuna bermatze aldera, esan bezala, Getxoko autozinean egingo da: 80 ibilgailu har ditzake (bi pertsona ibilgailuko) eta terrazetan 150 pertsonarentzat dago lekua. Aurreratu dutenez, «diseinu azoka, liburu salmenta, musika, garagardoa eta Serifalaris jaialdiaren ohiko osagai bihurtu den ezustekoren bat ere izango da» datorren irailaren 25erako egin duten proposamenean.

Hizlariak eta masterclassak

Egun horretan sektoreko lau erreferentek hartuko dute hitza. Oscar Marinek Diseinu Sari Nazional espainola eskuratu zuen eta ZINEBIko zenbait kartelen sortzailea izateaz gainera Alex de la Iglesia edota Julio Medem gisako zinemagileekin egin du lan. Harekin batera Coco Davez-ek (‘Forbes 30 Under 30’ zerrendan dagoen artista), Oscar Guayabero-k (komisarioa, editorea eta ikertzailea) eta  Vasava-ko ordezkari batek (Nike edo Adobe bezalako marka handientzat lan egiten duen diseinu estrategikoko agentzia) ere hartuko dute hitza.

Urriaren 1, 2 eta 3ko masterclass-ei dagokienez, Serifalarisek edukiera-mugak baliatu ditu «aspaldiko ilusio bat betetzeko» eta murgiltze-topaketa bat antolatzeko bertaratutakoen talde txiki batentzat –15 plazak agortuta daude jada–, hondartza ondoko etxe batean. «Ikaskuntza eta esperimentazio profesionala bizipen pertsonal atsegin eta dibertigarriarekin uztartu nahi ditugu; Serifalaris partekatzeko, ikasteko, erlazionatzeko eta gogoratzeko espazioa da», azaldu du Goñik.