Zure izena ezagutzen ez dutenean
Nortasun agiririk ez duzunean, ‘bestea’-n bilakatzen zara, munduan zehar ibiltzeko edozein hiritarrek izan ditzakeen eskubiderik ez duzu, ez zara. Migrazioaren arrazoiak, borreroaren aurpegiak bezala, hamaika izan daitezke, denak dira zilegiak nire begien aurrean.
Zinemaldian, egunotan, migrazioaren, pertsonen mugimenduen inguruko hausnarketak ikusteko aukera izan dugu; ‘Umibe no kanojotachi’ (Along the sea) Akio Fujimotorena eta ‘Limbo’ Ben Sharrockena. Bi filmak aipagarriak dira, biak zuzendari gazteen bigarren film luzeak eta, biek, arrazoi ekonomiko, politiko edo pertsonalengatik migratzen duten pertsonen eguneroko bizitza islatzen dituzte.
‘Umibe no kanojotachi’n hogei urte inguruko hiru emakume vietnamdarrak legez kanpoko egoiliar bihurtuko dira Japonian. Langile prekarioak eta ikusezinak dira, munduan gainerako herritarrentzako ondasun eta zerbitzu ugarirentzako salneurriak merketzen dituztenak dira. Dokumentalaren estiloa jarraituz, emakume hauen egunerokotasunaren lekukoak gara, ez dago distirarik, ez dago fikziozko gidoi batean aurki daiteken gatazkarik, baina bat egiten dugu hiru emakumeen bizipenekin, kontakizunak indarra duelako.
Sharrocken filmean aldiz, alderantzizkoa gertatzen da, fikzioa da nagusi. Aki Kaurismakiren estiloaren jarraitzaile bat balitz, tragedia baten aurrean umorea tartekatzen du, Siriako gazte musikari baten egunerokoaren erretratua osatzeko, linboan, inon ez. Omar, Eskoziako uharte batean dago, isolatua, munduko beste errefuxiatuekin batera. Pelikulan, irudiaren edertasunaren bilaketak, batzuetan, argazkigintzaren lanari koherentzia kentzen dio, eta sekuentzia ugarik, ikuslea filmetik ‘ateratzeko’ arriskua suposatzen dute. Hala ere saiakera interesgarria da ‘Limbo’, gustura ikus daitekeena.