INFO

Ang Rita Xerpa hil da, inoiz aitortza ofizialik jaso ez zuen alpinista handia

72 urterekin zendu da hainbat euskal espediziorekin lotura zuzena izan zuen xerpa. Oxigeno artifiziala erabili gabe, denera, Everest hamar aldiz eskalatu zuen.


Osasun arazoak medio, Ang Rita Xerpak alpinismoa 52 urterekin alde batera utzi behar izan zuen. Hogei urte beranduago, Nepalgo bere etxean hil da. Zalantzarik gabe, alpinista askoren gogoan izango da zendu berri dena; izan ere, bai xerpen komunitateak zein nazioarteko espedizio askok begirune handia zioten.

Tartean dira hainbat euskal espedizio. Gogoratu behar dugu 1979. urtean Gregorio Arizek zuzendutako espedizioak lehen "euskal" zortzimilakoa lortu zuela. Dhaulagiriren tontorrean, Xabier Garaioa, Gerardo Plaza eta Iñaki Aldaiarekin batera, Ang Rita Xerpa zegoen. Hamalau urte geroago, Alberto Zerain, Jose Maria Oñate eta Ramon Agirrerekin batera Everesteko gailurra partekatu zuen.

80ko zein 90ko hamarraldietan, alpinista honek Himalaian jarduera azpimarragarri ugari egin zituen. Aipatzeko modukoa da, Everest hamar aldiz igo zuela; den-denak, oxigeno artifizialik gabe. Errekorra ezarri zuen. Munduko mendi garaiena ere neguan igo zuen. 1987. urteko abenduaren 22an erdietsi zuen. Eskalada horretan ere ez zuen oxigeno artifizialik erabili.

Alabaina, igoera hori ez da guztiz neguko eskalada bezala hartzen; izan ere, espedizioa udazkenean hasi, urtaro horretan girora egokitu zen eta hain justu negua hasten zen lehen egunean tontorra zapaldu zuen. Ezin dugu ahantzi ere egin, Zoltan Demjan eta Juzek Psotka txekoslovakiarrekin Hego Zutoinak jaso zuen aldaera berrian hartu zuela parte. 1984. urtea zen.

Bai, Everest hamar aldiz eskalatu zuen, iparraldeko zein hegoaldeko isurietatik, baina "erraldoi" horretara joan aurretik Dhaulagiriko tontorrean hirutan egon zen. Cho Oyu, berriz, lautan eskalatu zuen eta Kangchenjunga behin. Zortzimilakoetan lortutako gailur guztiak batzen baditugu, emaitza 18 da.

«Ekarpen handia»

Ang Rita Xerpa Khumbu haranean dagoen Yillajung izeneko herrixkan jaio zen. Haur guztiek bezala, nekazaritza lanetan jardun zuen, baita haran hori eta Tibet lotzen duen ibilbidean yakak gidatzen ere. Nerabezaroan umezurtz geratu zen, eta 15 urterekin hainbat espediziotan zamaketari lanak egiten hasi zen.

Urte batzuk beranduago, alpinismora egin zuen jauzi, eta arestian zerrendatu ditugun tontor horiek guztiak sinatu zituen. Guztiak ala guztiak zortzimilakoetan. Mito bat bihurtu zen; hain zuzen ere, garai haietako himalaismo klasikoaren ordezkari garrantzitsuetarikoa. Kirol jarduerak alde batera utzita, Ang Rita Xerpak lan handia egin zuen xerpen lana duina bihurtu zezaten.

Alabaina, Nepalgo Gobernuak alpinista handi hori ez du era ofizialean inoiz aitortu, eta ahots ugari dira hori salatzen dutenak. Horietako bat da Kami Rita Xerpa. 50 urteko alpinista honek 24tan izan da Everesteko gailurrean. Hori bai, bere kideak ez bezala, oxigeno artifizialaren laguntza izan du. Bere hitzetan, Ang Rita Xerpa eginiko guztia ezin da hitzekin deskribatu.

«Motibazioa, pasioa eta kuraia behar dira Everest hamar aldiz oxigeno artifizialik gabe igotzeko. Ez dut ulertzen nire gobernuaren jarrera; izan ere, zendu den nire lagunak ez du inoiz aitortza ofizialik jaso. Ang Rita Xerpak herritarrak harro sentitzea lortu zuen. Baina gure administrazioak hari buruz ez zekien ezer ez. Xerpa asko bere herrialdearengatik hiltzen dira, eta beraien ekarpenak ez du aitortzarik».