INFO

Realak eta Athleticek Euskal Herria Kopako finala jokatuko dute

Donostiarrek Osasuna gainditu dute Zubietan (2-0) eta zuri-gorriek Eibarren aurka irabazi dute Lezaman (4-0) gaur arratsaldean lehiatutako finalerdietan. Finala Urritxen jokatuko dute igandean.

Donostiarrek bigarren txapela jarraian bilatuko dute, gaurko finalerdian Osasuna gainditu ondoren. (Real Sociedad)

Realak eta Athleticek beste behin jokatuko dute Euskal Herria Kopako finala, gaur lehiatutako finalerdiak gainditu ondoren. Iaz txapela jantzi zuten donostiarrek Osasunaren aurkako partida irabazi dute (2-0) eta zuri-gorriek bigarren zatian erabaki dute Eibarren aurka jokatu duten neurketa (4-0).

Amaiur Sarriegi izan da Zubietako partidaren protagonista nagusienetakoa, Athleticetik etorritako donostiarrak sartu baititu bere taldearen golak. Lehen ordu laurdena betetzear zegoela heldu da aurrelariaren lehen gola, Manu Lareoren pasea aprobetxatuz. Minutu berean baina bigarren zatian sartu du 2-0ekoa, oraingo honetan area barruan aldaratutako baloia jaurtiz.

Athleticek bigarren zatira arte itxaron behar izan du Eibarren aurkako finalerdia erabakitzeko. Izan ere, armaginek aukera hobeak izan dituzte lehen zatian, batez ere atsedenaldiaren aurreko azken jokaldian, Ruthen aukerarekin amaitu dena.


Erikak eta Valdezatek bi minutuko tartean sartu dituzte Athleticen lehen bi golak. (Athletic Club).


Aldageletatik bueltan, partida goitik behera aldatu da eta ordu laurden eskas behar izan dute etxekoek finalerako txartela erabakita uzteko. 48.minutuan, Erikak defentsari aurrea hartu eta arraseko jaurtiketa batekin sartu du 1-0ekoa. Bi minutu beranduago Oihane Valdezate izan da bakarrik heldu dena areara Malenaren aurrean baloia altxatu eta bigarrena sartzeko. Eta 58.ean Paula Aranak ziurtatu du finalerako txartela bere taldearentzat. Badaezpada, Erikak ez du barkatu hurrengo aukeran eta 72. minutuan falta bat zuzenean sartu du eskuadratik behin betiko 4-0ekoa sinatzeko.

Osasunak eta Eibarrek konsolazio finala jokatuko dute larunbatean Fanderian (17.30). Eta Reala eta Athletic hamargarren aldiz arituko dira txapelketaren finalean, kasu honetan igandean Urritxen (16.00, ETB) jokatuko dena.